Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
astelehena, 26 uztailak 2021
  • Memoria Sozioekonomikoak EAEko egoera sozial eta ekonomikoari buruzko datu eta estatistikak jasotzen ditu. EGABek aztertu, kontrastatu eta balioetsi egiten ditu zenbait gogoeta adostu arte, dokumentuan atxikita azaltzeko.
  • Pandemiak 2020an eragindako inpaktu demografikoaren datu gogorrek, inoiz ez bezalako heriotzen kopuruarekin, txostenaren edukia baldintzatzen dutela ohartarazten du EGABek.
  • Garai modernoetan aurrekaririk izan ez duen krisiaren indarrak atzeraldi ekonomiko sakona eragin zuen, eta BPGa -% 9,5 jaitsi zen EAEn. "Aurrekaririk gabeko laguntza publikoari esker" ezarritako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteek enplegu-galera handia arindu zuten.
  • Babes Sozialeko Sistemak estaldurari eutsi zion arren, larrialdiak "osasun sistema erabat tenkatu zuen eta gizarte-zerbitzuen sistemaren ahuleziak agerian utzi zituen". Beste alde, etorkizunera begira, "epidemiaren eragina kalteberatasun sozialaren arabera aztertzea" beharrezkoa dela uste du.
  • Kontseiluak uste du funtsezkoa dela orain gizarte-babeseko sistemaren jasangarritasunari eta ekitateari buruz eztabaidatzea, "pandemiaren ondoriozko errealitate berrietara eta premia gero eta handiagoetara egokitzeko".
  • Europako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak uste duenez, Next Generation Europako funtsak "giltzarria izango dira aurrerabideko susperraldiari laguntzeko, eta ez soilik BPGren hazkundeari".
  • Kontseiluak adierazi du beharrezkoa dela Covid-19arekin lotura zuzena duten bi gai zaintzea: biztanleriaren osasun mentala (neke pandemikoa) eta Covid iraunkorra duten pertsonentzako arreta egokia.

Bilbo, 2021eko uztailaren 26a.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak 2020-ko Memoria Sozioekonomikoa aurkeztu du gaur goizean Bilbon, ekitaldi horretako datuekin. Emilia Malagak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko presidenteak, eta Memoriaren EGABeko Batzordeko burua den Jon Barrutiak, EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekanoak, egin dute aurkezpena hedabideen aurrean. Kontseiluak urtero egiten duen Memoria Sozioekonomikoa iturri ofizialetatik hartutako EAEko egoera sozial eta ekonomikoari buruzko datuen eta estatistiken bilduma da. EGABek aztertu, kontrastatu eta balioetsi egiten ditu zenbait gogoeta adostu arte, dokumentuan atxikita aurkezteko gero.

2020. urtea covid-19aren pandemiak baldintzatu du, eta horrek Memoria Sozioekonomikoan jasotako gogoetak ere baldintzapean jartzen ditu, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak adierazi duenez. Hala, inoiz ez bezalako heriotzen kopurua eragin duen pandemiaren inpaktu demografikoak txostenean jasotako edozein gogoeta mugatzen du. Larrialdiak "osasun-sistema erabat tenkatu zuen eta gizarte-zerbitzuen sistemaren ahuleziak agerian utzi zituen", adierazi du Kontseiluak; hala ere, Babes-Sozialeko Sistemak estaldurari eutsi zion, eta funtsezkoa da orain haren jasangarritasunari eta ekitateari buruz eztabaidatzea, "pandemiaren ondoriozko errealitate berrietara eta premia gero eta handiagoetara egokitzeko". Aurreko ekitaldian enplegu-galera handia izan zen –“aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteek arindua neurri handi batean, aurrekaririk izan ez duen laguntza publikoari esker" –, eta orain funtsezkoa da kaltetutako sektoreei, enpresei eta pertsonei arreta ematea egoera gainditzeko. Erronka aldakorrak dira, eta agintariek beren jarduerak egokitzen jarraitu beharko dute, "krisia atzean utzi arte". Ikuspegi horrekin, Europako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak uste du Next Generation funts europarrak “giltzarria izango direla aurrerabideko susperraldiari laguntzeko, eta ez soilik BPGren hazkundeari".

2020ko Txoten Sozioekonomikoaren edukia bost ataletan banatuta dago: Demografia, Ekonomia, Enplegua eta Lan Harremanak, Bizitza eta Gizarte Babesa, eta Bizi-Kalitatea. Dokumentua Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen webgunean kontsulta daiteke.

ADIERAZLE SOZIOEKONOMIKO NAGUSIAK 2020-AN

DEMOGRAFÍA

Esan bezala, inoiz ez bezalako heriotzen kopuruak eragin demografiko handia izan du; hori dela eta, EGABek uste du beharrezkoa dela "epidemiaren eragina aztertzea, gizarte-kalteberatasunaren arabera", etorkizunean gerta daitezkeen gorabeherei aurre egiteko.

2020an izandako migrazio-saldo positiboek konpentsatu egin zuten hazkunde natural negatiboa EAEn eta EB osoan. Hala eta guztiz ere, txostenak ohartarazi egiten du Euskadik aurre egin behar dion "erronka demografiko handia"ren inguruan, eta horretarako, "ezinbestekoa da eredu demografiko eta migratzaile orokor bat izatea, politika publikoak zeharka eta modu koordinatuan bideratzea ahalbidetuko duena".

EKONOMIA

Pandemiaren indarrak bat-batean uzkurtu zuen jarduera ekonomikoa urte horretan, bakealdi-egoera batean ezagutu ez den bezala. Garai modernoetan aurrekaririk gabeko atzeraldi ekonomiko sakona eragin zuen, BPG -% 3,3 jaitsi baitzen munduan, -% 6,6 Eurogunean, -% 10,8 Espainian, eta -% 9,5 EAEn. Hala ere, eragina okerragoa izan zitekeen politika ekonomikoen erantzunik gabe, ondorio negatiboenak arintzea ahalbidetu baitzuten.

2020ko otsaila eta abendua bitartean 1.371 enpresa galdu ziren Euskadin, eta, urte-arteko zifrak ikusita, beherakada handiagoa izan zen Estatuan (-% 3,3) EAEn baino (-% 2,4). Eskaerari dagokionez, bai barnekoak bai kanpokoak, ekarpen negatiboa eragin zioten BPGaren hazkundeari. Eskaintza-agregatuek urte arteko beherakadak izan zituzten: -% 11,8 Industrian eta Energian; -% 13,3 Industria Ekoizpenaren Indizean; -% 9,5 Eraikuntzan; eta -% 8,5 Zerbitzuetan.

Pandemiak jokabide kontrajarriak eragin zituen eskarian, kontsumo pribatuaren beherakadarekin eta kontsumo publikoaren gorakadarekin; eta beste horrenbeste gertatu zen eskaintzan, merkatu-zerbitzuen beherakadarekin eta merkatuaz kanpoko zerbitzuen igoerarekin, administrazio publikoan, hezkuntzan, osasunean eta gizarte zerbitzuetan igoera positiboak izan baitziren urte osoan.

  • Industria Jarduerak: Metalurgia (-% 20,1) eta Garraio-materiala (-% 15,2) azpisektoreek, beherakadak erregistratu zituzten batez bestekoaren azpitik Industria-Ekoizpenaren Indizean (-% 13,3). Makineria eta Ekipoa -% 7,3 jaitsi ziren, eta Farmaziako produktuek, ordea, % 10,1 egin zuten gora.
  • Zerbitzuen sektorea: Beherakada handiak nabaritu ziren jarduera eten edo murriztu zuten merkataritza, ostalaritza eta garraio arloetako jarduera agregatuetan.
  • Garraio-azpiegiturak. Nabarmentzekoa da Gasteizko aireportuko salgaien trafiko-bolumenari eutsi izana, jarduera-murrizketa eta jaitsieren urtea izan den arren. Jarduera-sektore horretan, EGABek nabarmentzen du, merkatu globalean gero eta pisu handiagoa hartzen ari den masa kritiko bat dagoela.
  • Finantza publikoak: Diru-bilketaren beherakadak eten egin zuen finantza publikoen susperraldia eta zorpetzearen murrizketa. Kontseiluaren iritziz, zerga eta aurrekontu politikaren arreta funtsezko zerbitzu publikoak hobetzean jarri behar da, "batez ere osasuna eta gizarte-zerbitzuak hobetzen, baina baita hezkuntza eta, jakina, ikerketa ere".
    Enplegu publikoari dagokionez, beste urte batez, euskal administrazio publikoetako bitartekotasuna eta behin-behinekotasuna zuzentzeko beharra berretsi du txostenak.
  • Energia. Autonomia-erkidegoaren kanpo-mendekotasun energetiko handiak eta energia berriztagarrietan oinarritutako ekoizpen txikiak kezkatzen dute Kontseilua.
  • Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza. Laugarren urtez jarraian gora egin du I+Gko gastuak zifra absolutuetan, baina oraindik urrun dago Europako % 3ko helburutik. Txostenak inbertsio hori emaitzetara eramateko dauden zailtasunak azpimarratzen ditu, eta gogorarazten du euskal enpresek, bereziki enpresa txiki eta ertainek, oraindik ere hobetzeko aukera zabala dutela (zibersegurtasuna, adimen artifiziala, robotikaren erabilera…), eta esparru horietako politika publikoetan sakontzeko eskatzen du.

ENPLEGUA ETA LAN-HARREMANAK

2020an, eten egin zen enpleguaren susperraldia Euskadin, 2008ko krisiaren aurreko okupazio-mailetara hurbiltzen ari zenean. Galera, hala ere, BPG-rena baino askoz txikiagoa izan zen, neurri handi batean, enpresek aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak masiboki erabili zituztelako, eta horrek lanpostuei eustea lehenetsi zuen, aurrekaririk gabeko laguntza ekonomiko publikoari esker, "zalantza asko planteatu arren etorkizunean". Hala eta guztiz ere, ERTEek "hasiera batean koiunturala zen egoera baten egiturazko inpaktu negatiboa saihestea ahalbidetu dute".

2020an izandako enplegu-galera gizonezkoen artean sumatu zen gehienbat, eta bereziki eragin zien ostalaritzari eta manufaktura-industriari, garrantzi handiko jarduerak diren euskal ekonomian.

EGABen arabera, Enplegu Politika Aktiboak egun "inoiz baino garrantzitsuagoak dira eta gazteen behar espezifikoei erantzun behar diete"; halaber, iraupen luzeko langabetuei lehentasuna eman behar zaie.

BIZI-BALDINTZAK ETA GIZARTE-BABESA

  • Bizi-baldintzak. Nahiz eta EAEk maila positiboak lortu bizi-kalitatearen nazioarteko rankingetan, 2018ko eta 2019ko adierazle batzuek ohartarazi zuten okerrerako norabideaz; eta baliteke 2020ko pandemiak  areagotu izana, nahiz eta hori oraindik islatu ez aztertutako kopuruetan.
  • Gizarte-babesa. Krisi pandemikoa jasan arren, EAEko gizarte-babeseko sistemak bere estaldurari eutsi zion 2020an, Europako herrialde nagusien aldean eta Espainiako batez bestekoaren gainetik. Horrela:
  • Diru-sarrerak Bermatzeko Sistema: 2020an gastua eta unitate hartzaileen kopurua hazi ziren, pandemiak eragindako premien igoeraren ondorioz. Gastua 483,9 milioi eurokoa izan zen, 2019an baino % 6 gehiago, eta 2020ko abenduan DBEren 54.747 unitate hartzaile ziren guztira, aurreko urtean baino % 4,4 gehiago. Kontseiluaren iritziz, "sistemak eskakizunen gorakadari erantzun izan dio, araudi erregulatzaileak diseinatu zuen moduan".
  • Sistemaren Jasangarritasuna: Beste urte batez, EGABek bere kezka agertu du arlo horretan, eta uste du 2020ak "are nabarmenago" jarri duela agerian "gure gizarte-babeseko sistemaren beharrezko hobekuntza; hobekuntza horrek esan nahi du sistema horren iraunkortasuna bermatu behar dela, eta prestazioak errealitate berrietara egokitu behar direla, gure gizarteak bere gain hartutako erronkei pandemiak gehitu dizkien premia gero eta handiagoak erantsita".

BIZI-KALITATEA

  • Hezkuntza: Aurreko edizioetan bezala, Memoriak azpimarratzen du hezkuntza-aukera guztiei prestigioa emateko beharra, eta "generoaren araberako arrakala zitala" gogoratzen du. Azken horren ondorioz, emakumeen parte-hartzea txikiagoa da arlo zientifiko-teknikoetan, eta askoz ere handiagoa pertsonen zaintzan, osasunean eta osasungintzan. Beraz, gai hauen inguruan ikasleak eta familiak sentsibilizatzen jarraitzea eskatzen du.
    Halaber, uste du beharrezkoa dela hezkuntza-sistemak pandemiaren aurrean eman duen erantzuna aztertzea, igartzeak eta akatsak antzemateko etorkizunari begira.
  • Kultura. Kontseiluak egiaztatu duenez, euskal biztanleek praktika aktibo artistikoak egiteko joera txikiagoa dute Espainiako batez bestekoa baino. Kultura-enpresek eta enpleguak behera egiten dute arlo horretan, "Estatuan ez bezala". Harritzen du, halaber, "errenta erabilgarri handiena duen erkidegoa izan arren, EAE hamaikagarren postuan egotea autonomia-erkidegoen rankingean, etxeko batez besteko gastuari dagokionez; eta pertsonako batez besteko gastuari dagokionez, Estatuko batez bestekoaren azpitik egotea, hamargarren postuan kokatuta".
  • Natur Ingurunearen egoera: Berotegi-efektuko gasen isurketek behera egin zuten 2018an (eskuragarri dagoen azken datua), eta jaitsi egin ziren, halaber, BPGren unitate bat sortzeko jaurtitako isurketek, nahiz eta oraindik EB-28ko batez bestekoa baino pixka bat handiagoak diren. Txostenak errepideko garraioari, bizitegiei eta zerbitzuei lotutako emisioen hazkundea azpimarratzen du.
  • Osasuna eta Osasun-sistema: Pandemiak erabat tenkatu zuen euskal osasun-sistema, "muturreko egoera baten aurrean zentzuz erantzuteko gai izan baita". Kontseiluak emandako erantzunak aztertzea eta oztopoak adieraztea eskatu du "antzeko egoera baten aurrean prest egoteko etorkizunean ". Covid-19arekin lotura zuzena duten bi gai zaindu beharraren garrantzia azpimarratu du: biztanleriaren osasun mentala (neke pandemikoa) eta covid-iraunkorra duten pertsonentzako arreta egokiaren beharra.
    EGABek funtsezkotzat jotzen du digitalizazioa, osasun-sistema prebenitzeko eta hobetzeko, bai eta aurrez-aurreko arretaren osagarri diren telemedikuntzak eta teleterapiak gero eta protagonismo handiagoa izatea ere.
    Halaber, azpimarratu du pandemiak agerian utzi dituela gizarte-zerbitzuen sistemaren ahuleziak, "adineko pertsonen egoitzetako giza drama larriaren ondorioz; izan ere, horien arau-garapena egiteke dago oraindik hein handi batean".
  • Etxebizitza: Hasitako eta amaitutako etxebizitzen kopuruak behera egin zuen 2020an, eta birgaitzeak, neurri batean behintzat, bere jarduerari eutsi zion. Alokairuko etxebizitzen eskaintza berriz ere murriztu zen urte horretan. Txostenak egiaztatu duenez, etxebizitzen parke babestua urria da dagoen eskarirako; beraz, kezkagarria da horrek duen eragina kolektibo zabaletan, hala nola gazteen artean eta baliabide gutxiko pertsonen artean.

     Laburpena eta ondorioak