Bilbo, 2021eko uztailaren 26a.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak 2020-ko Memoria Sozioekonomikoa aurkeztu du gaur goizean Bilbon, ekitaldi horretako datuekin. Emilia Malagak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko presidenteak, eta Memoriaren EGABeko Batzordeko burua den Jon Barrutiak, EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekanoak, egin dute aurkezpena hedabideen aurrean. Kontseiluak urtero egiten duen Memoria Sozioekonomikoa iturri ofizialetatik hartutako EAEko egoera sozial eta ekonomikoari buruzko datuen eta estatistiken bilduma da. EGABek aztertu, kontrastatu eta balioetsi egiten ditu zenbait gogoeta adostu arte, dokumentuan atxikita aurkezteko gero.
2020. urtea covid-19aren pandemiak baldintzatu du, eta horrek Memoria Sozioekonomikoan jasotako gogoetak ere baldintzapean jartzen ditu, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak adierazi duenez. Hala, inoiz ez bezalako heriotzen kopurua eragin duen pandemiaren inpaktu demografikoak txostenean jasotako edozein gogoeta mugatzen du. Larrialdiak "osasun-sistema erabat tenkatu zuen eta gizarte-zerbitzuen sistemaren ahuleziak agerian utzi zituen", adierazi du Kontseiluak; hala ere, Babes-Sozialeko Sistemak estaldurari eutsi zion, eta funtsezkoa da orain haren jasangarritasunari eta ekitateari buruz eztabaidatzea, "pandemiaren ondoriozko errealitate berrietara eta premia gero eta handiagoetara egokitzeko". Aurreko ekitaldian enplegu-galera handia izan zen –“aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteek arindua neurri handi batean, aurrekaririk izan ez duen laguntza publikoari esker" –, eta orain funtsezkoa da kaltetutako sektoreei, enpresei eta pertsonei arreta ematea egoera gainditzeko. Erronka aldakorrak dira, eta agintariek beren jarduerak egokitzen jarraitu beharko dute, "krisia atzean utzi arte". Ikuspegi horrekin, Europako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak uste du Next Generation funts europarrak “giltzarria izango direla aurrerabideko susperraldiari laguntzeko, eta ez soilik BPGren hazkundeari".
2020ko Txoten Sozioekonomikoaren edukia bost ataletan banatuta dago: Demografia, Ekonomia, Enplegua eta Lan Harremanak, Bizitza eta Gizarte Babesa, eta Bizi-Kalitatea. Dokumentua Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen webgunean kontsulta daiteke.
ADIERAZLE SOZIOEKONOMIKO NAGUSIAK 2020-AN
DEMOGRAFÍA
Esan bezala, inoiz ez bezalako heriotzen kopuruak eragin demografiko handia izan du; hori dela eta, EGABek uste du beharrezkoa dela "epidemiaren eragina aztertzea, gizarte-kalteberatasunaren arabera", etorkizunean gerta daitezkeen gorabeherei aurre egiteko.
2020an izandako migrazio-saldo positiboek konpentsatu egin zuten hazkunde natural negatiboa EAEn eta EB osoan. Hala eta guztiz ere, txostenak ohartarazi egiten du Euskadik aurre egin behar dion "erronka demografiko handia"ren inguruan, eta horretarako, "ezinbestekoa da eredu demografiko eta migratzaile orokor bat izatea, politika publikoak zeharka eta modu koordinatuan bideratzea ahalbidetuko duena".
EKONOMIA
Pandemiaren indarrak bat-batean uzkurtu zuen jarduera ekonomikoa urte horretan, bakealdi-egoera batean ezagutu ez den bezala. Garai modernoetan aurrekaririk gabeko atzeraldi ekonomiko sakona eragin zuen, BPG -% 3,3 jaitsi baitzen munduan, -% 6,6 Eurogunean, -% 10,8 Espainian, eta -% 9,5 EAEn. Hala ere, eragina okerragoa izan zitekeen politika ekonomikoen erantzunik gabe, ondorio negatiboenak arintzea ahalbidetu baitzuten.
2020ko otsaila eta abendua bitartean 1.371 enpresa galdu ziren Euskadin, eta, urte-arteko zifrak ikusita, beherakada handiagoa izan zen Estatuan (-% 3,3) EAEn baino (-% 2,4). Eskaerari dagokionez, bai barnekoak bai kanpokoak, ekarpen negatiboa eragin zioten BPGaren hazkundeari. Eskaintza-agregatuek urte arteko beherakadak izan zituzten: -% 11,8 Industrian eta Energian; -% 13,3 Industria Ekoizpenaren Indizean; -% 9,5 Eraikuntzan; eta -% 8,5 Zerbitzuetan.
Pandemiak jokabide kontrajarriak eragin zituen eskarian, kontsumo pribatuaren beherakadarekin eta kontsumo publikoaren gorakadarekin; eta beste horrenbeste gertatu zen eskaintzan, merkatu-zerbitzuen beherakadarekin eta merkatuaz kanpoko zerbitzuen igoerarekin, administrazio publikoan, hezkuntzan, osasunean eta gizarte zerbitzuetan igoera positiboak izan baitziren urte osoan.
ENPLEGUA ETA LAN-HARREMANAK
2020an, eten egin zen enpleguaren susperraldia Euskadin, 2008ko krisiaren aurreko okupazio-mailetara hurbiltzen ari zenean. Galera, hala ere, BPG-rena baino askoz txikiagoa izan zen, neurri handi batean, enpresek aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak masiboki erabili zituztelako, eta horrek lanpostuei eustea lehenetsi zuen, aurrekaririk gabeko laguntza ekonomiko publikoari esker, "zalantza asko planteatu arren etorkizunean". Hala eta guztiz ere, ERTEek "hasiera batean koiunturala zen egoera baten egiturazko inpaktu negatiboa saihestea ahalbidetu dute".
2020an izandako enplegu-galera gizonezkoen artean sumatu zen gehienbat, eta bereziki eragin zien ostalaritzari eta manufaktura-industriari, garrantzi handiko jarduerak diren euskal ekonomian.
EGABen arabera, Enplegu Politika Aktiboak egun "inoiz baino garrantzitsuagoak dira eta gazteen behar espezifikoei erantzun behar diete"; halaber, iraupen luzeko langabetuei lehentasuna eman behar zaie.
BIZI-BALDINTZAK ETA GIZARTE-BABESA
BIZI-KALITATEA