Bilbon, 2018ko martxoaren 14an.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen ustez, egokia da “beren kargura seme-alabak dituzten familiei laguntzeko laguntza ekonomikoen dekretu aldaketaren proiektua” izapidetzea, kontsulta organo honek egin dituzten gogoetekin. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketarako Sailak egin du.
Dekretua aldatuta, bigarren seme-alaba edukitzeagatik laguntzak bi urte betetzen dituztenera arte zabaldu nahi dira eta, aldi berean, hainbat aldaketa sartu da, besteak beste, eskabideak izapidetzeari buruzkoa. Aipagarriena laguntza ukatzea da, pertsona eskatzaileari eskabidea izapidetzen ari den bitartean seme-alabaren zaintza eta babesa kentzen bazaizkio. Halakoetan, eskabidea bere ordez zaintza eta babesa duenak gauza dezake.
EGABk positiboki balioztatzen ditu aldaketak –“euskal familiekiko babesa eta laguntza areagotzen dute”- eta kontatutakoarekin bat, irizpenak demografia etenari buruzko eztabaida sortu du Batzordean. Izan ere, “euskal gizartean aurre egin behar dion arazo larrietako bat da”. Barne eztabaidaren ondorioz sortutako proposamenak hausnarketa modura irizpen honetan sartuak daude.
Familiaren politikari buruzko ikuspegi berria
EGABk bere hausnarketarekin batera, estatistikak eta proiekzioak erantsi ditu eta biztanle kopurua atzera egiten ari dela ohartarazten du. Hala, Eusko Jaurlaritzak 2002. urteaz gero Familiei Laguntzeko Planak aipatzen ditu. Helburua jaiotze-tasa murrizteak sortzen dituen oztopoak gainditzea zen. Puntu honetan, Batzordea kezkati ageri da, azkeneko planari (indarrean 2011tik 2015era) dagokion ebaluazio txostena ikusi ondoren. Ekimen sorta zabala ia bakarrik familiekiko laguntza ekonomikoetara mugatzen dela onartzen du.
EGABk balioztatutakoaren arabera, “laguntza ekonomikoek zeregin garrantzitsua dute, baina, prestazio ekonomiko nahikoez hornitzeaz gain, oinarrizkotzat jotzen du zerbitzuen eta ekipamenduen eskaintza zabala finkatzea, familiek nahi dituzten seme-alabak izateko eta bizi eremu desberdinak behar bezala bateratzeko”. Euskadiko kontsulta organoak gogorarazitakoari jarraiki, seme-alabak dituzten familiek “gizarte-balio izugarria eskaintzen dute eta aginte publikoek lagundu behar diete, balio hori bermatu eta zainduz”. Amaitzeko, honakoa dio: “premiazkoa da aginte publikoek familia politika indartsuari aurre egitea eta oinarriei buruz taldean hausnarketa egitea komeni da”.