Uztailaren 12an, 2016 EAEko Memoria Sozioekonomikoaren aurkezpena zela eta, Euskadiko EGABek ekitaldi bat antolatu zuen, eta horretan, Memoriaren aurkezpenaz gain, zeina Memoria Sozioekonomikoaren Batzordeko presidentea den Inmaculada Gallastegui andreak egin baitzuen, hitzaldi bat egin zen “Brexit: negoziazioa ulertzeko gakoak” izenburupean.
Asko hitz egin da gizarte britainiarrak hartutako erabakiaren zergatiez, baita Brexitak izango duen eragin ekonomiko eta sozialaz, Erresuma Batuan zein Europan. Orain, kausa eta ondorio horiek funtsezko mugarria dute aurrean: bi aldeen arteko negoziazioa; horretarako bi urteko epea finkatu da, eta gai nagusiak zehaztu dira.
Hitzaldia Guillermo Dorronsorok, zeina EGABeko aholkulari eta Deusto Business Schooleko zuzendaria baita, aurkeztu eta moderatu zuen, eta bi adituk aztertu zituzten negoziazioaren gakoak, laguntzeko hobeto ulertzen zer gertatuko den datozen hilabeteotan, kameren aurrean zein atzean.
Iain Begg Professorial Research Fellow da London School of Economics-en Institutu Europarrean, Chatham House-eko Associate Fellow, eta “Erresuma Batua, eraldatzen ari den Europa batean” ekimeneko Senior Fellow. Britainia Handiko egora politikoko azken gertaerak aztertu ondoren, Begg irakasleak dibortzio konplexutzat jo zuen Brexita, zeinak itun berri bat eskatuko baitu Erresuma Batuaren eta Europaren artean, baita botereak birbanatzea ere Erresuma Batua egongo ez den Europar Batasunaren barruan.
Juan José Álvarez UPV/EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko Katedraduna da, eta Despacho Cuatrecasas-eko aholkulari-abokatua. Europako Batzordeak aditu independente izendatu zuen askatasun, segurtasun eta justizia arloetarako; horrez gain, Globernanceko idazkaria da (Gobernamendu Demokratikoaren Institutua). Juan José Álvarezek azaldu zuen pribilegiozko harreman mota bat ezarri beharko dela Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren arteko estatus politiko berria artikulatzeko, dauden aukerak aztertuta, eta kontuan harturik nazioarteko merkataritza-harremanetan izango dituen berehalako eraginak.