Uztailaren 7an eta 8an Euskal EGABen eta Akitania-Limousin-Poitou-Charentes eskualdeko CESERren arteko bilera egin zen Bilbon. Bilera bi batzordeen arteko aldebiko lankidetza harremanaren barruan dago kokatuta, une honetan teknologiaren transferentzia eta berrikuntza arloetan garatzen dena, bereziki fabrikazio aurreratuari dagokionez.
Uztailaren 7an eta 8an Euskal EGABen eta Akitania-Limousin-Poitou-Charentes eskualdeko CESERren arteko bilera egin zen Bilbon; eskualdeak, bestetik, izen berria hartuko du laster, Akitania Berria, hain zuzen ere.
Bilera bi batzordeen arteko aldebiko lankidetza harremanaren testuinguruan kokatzen da, eta lankidetza harreman hori une honetan teknologiaren transferentzia eta berrikuntza esparruetan garatzen da. Izan ere, 2014ko uztailean Euskadiko eta Akitaniako batzordeek elkarlanari ekin zioten Euskadi-Akitania Euroeskualdearen Plan Estrategikoa garatze aldera enpresei eta ikerkuntzari dagokien ardatzean elementu zehatzak eskaintzeko eta bi eskualdeen artean sinergiarako eta elkarren osagarri izateko potentziala daukaten sektoreak identifikatu eta aztertzeko. Bi eskualdeetako berrikuntza sistemari buruzko fasea 2015eko abenduan bukatu zen, eta hurrengo lanetarako ardatz izango ziren sektore eremuak adostu ondoren, uztailaren 7 eta 8ko saioak aukeratutako lehenengo sektore eremuei buruzkoak izan ziren, fabrikazio aurreratuari buruzkoak, hain justu ere.
Horretarako, hizlari ugarik hartu zuten parte, eta ikuspegi publiko zein pribatuetatik fabrikazio aurreratua bultzatzeko ekimen publikoen gaineko eta arlo horretan Euskadik dituen gaitasun zientifiko-teknologikoen gaineko lehen azalpenak eskaini zituzten. Basque Industry 4.0 Eusko Jaurlaritzaren Fabrikazio Aurreratuko Euskal Estrategiaren aurkezpena izan zen abiapuntua, Euskadi bezalako eskualde industrial batentzat estrategia erabakigarria izango baita.
Estibaliz Hernaez Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordeak estrategiaren elementuak eta filosofia azaldu zituen. Azaldutakoaren arabera, Espezializazio Adimentsuaren Euskal Estrategiak datozen urteetan euskal politikaren I+G+b delakoaren esfortzuak bideratzeko fabrikazio aurreratua lehentasunezko esparruetako bat bezala identifikatu ondoren, eta Euskadiko sare sozioekonomikoan industriak duen garrantziaz jabetu eta gero, Fabrikazio Aurreratuko Estrategia bat prestatzea euskal garapen industrialari laguntzeko ezinbesteko betebehar gisa agertu zen, bai gaur egun bai etorkizunean izango ditugun erronkei dagokienez.
Fabrikazio aurreratuari lehentasuna emanez teknologia erraztaile askotako (materialak, bioteknologia, nanoteknologia, mikroteknologia, etab.) gaitasun zientifiko-teknologiko aurreratuak euskal ekonomia neurri handi batean ordezkatzen duten industria sektore anitzetara eraman nahi da, zeharkakotasunez, enpresen lehiakortasuna eta balio erantsia areagotuz.
Erronken artean aipatu behar dira, nahitaez, ezagutza sortzen denetik merkatura iristen den arteko epea laburtzea, balio erantsi handiko zerbitzuen bitartez konponbideak eskainiko dituen manufaktura industria baterantz bideratzea, eta hazten ari diren teknologietan oinarritako produktuak, prozesuak eta zerbitzuak eskala handian eta modu lehiakorrean industrializatzea.
Hala, biharko fabrikazioko profil profesionalak prestatu eta gaitu nahi dira, esperientzia aitzindariak eta erakustekoak garatzeko azpiegiturak edo laguntza lerroak sortzea eta hazten ari diren teknologietan oinarritutako produktuak eta zerbitzuak ekoitzi eta industrializatzeko baliabideak garatzea.
Horrez gain, fabrikazioan I+G+b bultzatzeko euskal politiken eraginkortasuna eta efizientzia hobetu nahi da, megajoerek ekarritako erronkak baliatuz, esaterako klima aldaketak, zahartzeak, baliabide eskasiak… berrikuntzako euskal sistemako eragileen arteko lankidetzan aurrera egitea, baita eragile horien eta industriaren arteko lankidetzan ere, eta marka sortzeari eta diseinuari lotutako immaterialen balioan sakontzea.
Estrategiak fabrikazio aurreratuaren kontzeptu zabala izan du inspirazio, ondorio hauetarako ezagutza, esperientzia eta abangoardiako teknologia sortu eta aplikatze bezala definitzen dena balio erantsi handiari lotutako produktu, osagai eta zerbitzuak sortzeko, enplegu eta aberastasun arloetan eragiteko potentzial handiarekin. Materialak, prozesuak, baliabideak eta sistemak hobetzea ere barne hartzen du, baita balio erantsi handiko zerbitzu, osagai edota produktuen garapenean eta fabrikazioan aplikatzea ere. Ekoizpen aurreko fasea, ekoizpen fasea zein ekoizpen ondorengo fasea jasotzen ditu.
Bizi dugun testuinguruan Euskadin ekoizpenerako baldintza aproposak daude, egiten badakien industria sarea dagoelako hemen, eragileek horretarako ahalmen zientifiko-teknologikoa dutelako eta kualifikazio handiko giza kapitala dagoelako; hala, estrategiaren misioa oinarri industriala duen ekonomia gisa Euskadiren posizioa indartzea izango da, ezagutza arloko fabrikazio intentsiboa bultzatuz. Fabrikazio aurreratuko garapen teknologikoaren aldeko apustua egin da, industriaren lehiakortasunari eusteko eta balio erantsi handiagoko merkatu hobietan posizionatzeko elementu erabakigarri gisa.
Estrategiak I+G+b-ko bost esparru lehenetsi identifikatu ditu, euskal industriarentzat abantaila lehiakorrak sortzeko potentziala daukatelako, hain zuzen ere funtsezko teknologia erraztaileen (KET), material aurreratuen, bioteknologiaren, nanoteknologiaren, mikroteknologien eta IKTen bitartez. Honako hauek dira aipatutako bost esparruak: fabrikazio ekoeraginkorra eta lehiakorra, material berriak eta egitura konplexuak, ekoizpen bide adimentsuak eta seguruak, negozio eredu berriak eta balio erantsi altuko zerbitzuak eta fabrikazio adimentsua, elkarlanekoa eta banatua.
Horrez gain, estrategiak 17 jardun-ildo ditu, eta bertan jasotako edukien artean daude, besteak beste, ezagutza sortzea, garapen teknologikoa eta eskala industrialduna, baita berrikuntza ez teknologikoa ere, prestakuntza eta gaikuntza eta estrategiaren dinamizazio eta sustapenari lotutako ildoak.
Estrategiaren tresna lagungarriak ere jorratu ziren aipatutako saioan. Horietako batzuk I+G industrialari laguntza emateko tresnak berregokitu eta ezagutza sortzearen ondorioz sortu dira, zientzia, teknologia eta berrikuntza sistema berrantolatzeko markoan gertatutakoa, esaterako HAZITEK eta ELKARTEK programen bitartez. Halaber, fabrikazio aurreratua berariaz landuko duten laguntza tresnak ere sortu dira, esaterako I+D Teknologiaren Transferentzia programa Informazio, Telekomunikazio eta Elektronikaren Teknologietan, industriara bideratuta. Horiei esker, posible izango da I+G proiektuek teknologia horietan eragindako emaitzak merkatura azkarrago iristea. Bidenabar, fabrikazio aurreratuko zentroak sortzea ere aipatu behar da; lankidetza publiko-pribatuaren adibide bikaina osatzen dute, eta bertan parte hartzen dute erakundeek eta eragile zientifiko-teknologikoek, kluster erakundeek eta enpresa traktoreek. Prototipo berrien eraikigarritasuna eta fabrikazio sistema, prozesu, baliabide berrien bideragarritasuna frogatu eta balioztatzeko azpiegiturak dira, ingurune esanguratsuetan, I+Gren emaitzak merkatura azkarrago iristeko, emaitzak ingurune esanguratsuetan frogatuz eta balioztatuz. Une honetan bi sortu dira; bata energia eolikoaren esparruan sortu da, Eibarren, eta bestea aeronautika lantzeko, Zamudion.
Estrategiaren garapenak beste euskarri batzuk ere baditu lagungarri, esaterako lankidetza publiko-pribatuko espazioak; Fabrikazio Aurreratuko Estrategiaren hedapena gidatzeko lau eragile mota biltzen dira bertan. Cristina Oyón SPRIko Ekimen Estrategikoen arduradunak esperientziaren berri eman zuen, politika eta tresna publikoak eta PCTI2020ko Espezializazio Adimentsuko Industriaren lehentasun industrialak lotzen dituen gobernantza ereduaren bitartez artikulatzen dena. Urte batean, Gidatze taldeak Fabrikazio Aurreratuko Estrategia hedatzeko arkitektura eta estrategia etapa bat eta ekintza zehatzak diseinatzeko beste etapa bat sustatu du. Taldeko eragile guztiek parte hartze aktiboa izan dute egin beharreko ekintzak definitzeko. Horren emaitza gisa, euskal sare industriala “4.0 industria” bihurtzeko gai diren zortzi ekimen estrategiko identifikatu dira.
Manuel Olariagak, Estrategia Klusterreko zuzendariak, eta Agustín Sáenzek, Tecnalia Research & Innovation entitateko Industria eta Garraio zuzendariak, 4.0 teknologiak aplikatuz industriak izango dituen aldaketen panoramika izan zuten hizpide, baita Tecnalia bezalako entitate batek (estatuko korporazio teknologiko nagusia eta Europa mailako laugarrena) arlo horretan duen eskaintza ere.
Lansaioak osatzeko, GESTAMP enpresaren ekoizpen plantara lan izaeradun bisita bat egin zen; enpresa talde horrek autoetarako osagai metalikoak diseinatu, garatu eta ekoizten ditu; berrikuntzaren abangoardian dago Gestamp, hain zuzen ere horren globalizatua eta lehiakorra den automozioaren sektoren. Ekoizpen linea robotizatuek ezin hobeto irudikatu zuten, modu praktikoan, 4.0 teknologiak nola aplika daitezkeen fabrikazioan; Boroako Automotive Intelligence Center zentroko I+G zentroa bisitatuz osatu zen aipatutako irudikapen lana.