Apirilaren 25ean eta 26an, Euskadiko EGABen Europako Gaietarako Batzordeko kideak eta presidentea Bordelera joan ziren baterako lehen bilera izateko Akitania-Limousin-Poitou-Charentes eskualde berriko CESERekin. Frantziako hiru eskualde horiek bat egin izanaren ondorioz sortu da eskualde berria, eta aurtengo urtarrilaren 1ean jarri zen indarrean. Hiru eskualde horietako bakoitzaren CESER batzordeak, era berean, bat egiteko prozesuan murgilduta egon dira, eta bat-egitea kide eta egitura guztiak batuta gauzatzen ari da 2 urteko epealdi iragankorrean. Izan ere, 2018an erakunde berria ekarriko du prozesuak.
Euskadiko EGABek eta Akitaniako CESERek hamabost urte daramatzate bi aldeko lankidetza harremanetan, eta berrikiago Euskadi-Akitania Euroeskualdearen barnean, bat-egitearen ondorioz sortu den CESER berriaren altxortegian sartu da, halako moldez non CESER ALPCek eremu horretan eginiko lanekin eta konpromisoekin jarraitzen baitu.
Euskadi-Akitaniaren lankidetzaren eta Euskadi-Akitania Euroeskualdearen egoera izan zen apirilaren 25eko eta 26ko bileran landu zen lehen gaia. Euroeskualdearen lurralde-perimetroa nabarmen handitu da Frantziako aldetik, baina ez hori bakarrik, Nafarroako Foru Komunitateak LLEErekin (Lurralde Lankidetzarako Europako Elkartearekin) bat egitea izenpetu berri du; izan ere, lankidetza horri maila operatiboan eusten dio. Hala, Euroeskualdearen perimetro berriak 8,5 milioi biztanle hartuko ditu, 100.000 km2-ko eremua orotara, eta ahalmen handiagoa izango du funtsezkoak diren sektore ekonomikoetan hala nola aeronautikan, fabrikazio aurreratuan, nekazaritza-elikagaietan eta energia berriztagarrietan. LLEEko Marc Moulin zuzendariak gobernantzaren eremuan eta Euroeskualdearen Batzarraren eta Batzorde Exekutiboaren eraketan izango dituen aldaketak aurkeztu zituen, hain zuzen lurralde-eremua handitzeak ekarriko dituena. Plan Estrategikoaren edukiari dagokionez, oraindik aztertzen ari da handitze horrek izango duen eragina, baina Nafarroa programaturiko zenbait jardueratan sartzea aurreikusten da dagoeneko.
Bileran berrikuntzaren eta teknologiaren transferentziaren arloa lantzen jarraitu zuten. Izan ere, Euskadiko eta Akitaniako EGABek baterako lana abiarazi zuten 2014ko uztailean, Euskadi-Akitaniako Euroeskualdeko Plan Estrategikoa garatzeko elementu zehatzak aurkezte aldera, hain zuzen ere berrikuntzari eta enpresari buruzko ardatzean, baita bi eskualdeen artean sinergiarako eta osagarritasunerako ahalmena duten sektoreak identifikatzeko eta osatzeko ere. Bi eskualdeok berritzeko sistemari buruzko lehen fasea 2015eko abendua osatuta eta lanen jarraipenerako ardatzak izango diren arlo sektorialak erabakita, hautaturiko arlo sektorialetatik lehenari buruzkoak izan ziren apirilaren 25eko eta 26ko bilerak. Azken eremu horretan, bi sektoretan jarri zen arreta: robotikan eta laserrean.
Etorkizuneko funtsezko teknologietako bat da robotika, hurrengo iraultza industriala ekar dezakeena, eta Europa ondo kokatuta dago alde horretatik: munduko ekoizpenaren %25 du robotika industrialaren eremuan eta zerbitzu profesionalen robotikako merkatuaren %50. Frantziako gobernuak badu xedea ezarria: munduko robotikaren arloko bost nazio nagusienen artean kokatzea 2020. urterako, eta Akitaniak helburu horrekin bat dihardu. Aquitaine Robotics klusterreko ordezkariek 2013an sortutako erakunde horren lana aurkeztu zuten. Sektorearekin lotutako berrogeita hamar enpresa eta erakunde biltzen ditu, maila industrialean, militarrean nahiz zerbitzuen mailan, eta Akitaniako sektore horren bereizitasuna kobotikako espezializazioa eta robotaren eta gizakiaren arteko interakzioa da, betiere lankidetzan aritzeko filosofiaren arabera, ez gizakia ordeztekoa.
Klusterrak Akitaniako Eskualde Kontseiluarekin dihardu lanean robotika Eskualdeko enpresa txiki eta ertainetan sartzea ahalbidetzeko xedeaarekin. Testuinguru horretan, ETEentzako “etorkizuneko lantegia” izeneko proiektuan kolaboratzen du. 200 enpresak hartzen dute partea proiektuan, zertarako-eta teknologiaren, antolamendu industrialaren eta kudeaketaren eta prestakuntzaren arloko jardunik hoberenak aplikatzeko.
Fotonikari dagokionez, Frantziako gobernuak Akitanian Megajoule laser erraldoia jartzea erabaki zuen, eta aukera izan da hori fotonikaren sektore industrialaren sorkuntza errazteko. Gainera, maila goreneko ekipamendu zientifiko horren inguruko laser zibila ere ezarri da. Akitaniako gobernuak lurraldea garatzeko proiektu bat bultzatu du testuinguru horretan, eskualdeko fotonikaren gaitasun zientifikoetan eta industrialetan oinarrituta. Hartara, Laserraren lehiakortasunaren poloa sortu eta oinarrizko ikerkuntzako eta prestakuntzako erakundeen sorrera sustatuko du, baita sektoreko ETEak ezartzearen aldeko ingurunea ere. Azken hamarkadan zuzeneko 1.500 lanpostu sortu ditu eta zeharkako beste 10.000. Europar Batasunak fotonika mende honetako funtsezko sei teknologietako bat dela aitortu du, eta arlo horretan lidergoan dago Akitania Frantzia eta Europa mailan. Poloko bi enpresen ordezkariek hartu zuten parte bileran: i2S enpresak, sistema optronikoen fabrikatzailea eta irudiak eskuratzeko eta tratatzeko teknologietan espezializatua denak; eta Amplitude Systèmes enpresak, aplikazio zientifiko, mediko eta industrialetarako laser ultralaburren fabrikatzaileak. Garapenerako eta berrikuntzarako beren estrategiak aurkeztu zituzten eta EGAB bien ordezkaritzen gidariak izan ziren haien instalazio nagusienetan.
“Etorkizuneko industria” deritzona prestatzeko trebakuntzaren arloari ere erreparatu zioten, Association pour le Développement de l´Apprentissage dans l´Industrie en Aquitaine deritzonaren esperientzia aurkeztuta. “Union des Industries et Métiers de la Métallurgie” izenekoaren ekimenaz sortutako elkarte horrek prestakuntzako lau zentro ditu Akitanian. Industriako Ikaskuntzako Prestakuntza Zentroek (IIPZ) ofizio eta lanbide industrialak eta horren beharrak uztartzen ditu, enpresa industrialetan ikaskuntza-kontratuen inguruko prestakuntza-programak bideratuta. Azkenean, hainbat mailatako titulu ofizialak ematen dituzte, lanbide gaitasuneko ziurtagiritik ingeniari titulura. 25 urtez jardun ondoren, 5.000 gaztek ikasi dute bertan eta azkenean titulua eskuratu dute; gaur egun 929 gazte dabiltza ikasteko prozesuan murgilduta. IIPZko arduradunek prestakuntza-programetan Etorkizuneko Industriaren erronkak uztartzeko haien konpromisoa azaldu zuten, eta gainera, epe ertainean behar izango den industriako langileen gaitasunak berritzeari erantzuteko beren erakundeak duen ikuspegia aurkeztu zuten.
Euskadiko EGABek eta CESER ALPCek fabrikazio aurreratuaren eremuko teknologiaren transferentziari eta berrikuntzari buruz eginiko lanek jarraipena izango dute Euskadin uztailean izango den baterako beste bilera batean.