Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
osteguna, 05 azaroak 2015

Azaroaren 4an Espainiako EGABek "I+D+i-k Espainian bizi duen egoeraren eta lehiakortasunean eta enpleguan duen eraginaren" inguruan egindako txostena aurkeztu zen Euskadiko EGABen egoitzan eta horren harira, Euskadiko EGABek jardunaldi bat antolatu zuen. Espainiako Ekonomi eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko presidente Marcos Peñak, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburu Ángel Toñak eta Euskadiko Ekonomi eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko presidente Francisco José Huidobrok aurkeztu zuten jardunaldia eta ospe handiko hizlariek parte hartu zuten.

 

Aipatutako txosten horrek egun I+D+i-k Espainian bizi duen egoeraren eta krisialditik ateratzeko gainditu beharreko erronken diagnostiko partekatua egiten du. Juan Llovet-ek egina da, Espainiako EGABeko Osasun, Kontsumo, Gizarte Gai, Hezkuntza eta Kultura Batzordeko presidenteak, alegia.

 

Azken horrek hitz egin ondoren Arturo Rodriguezek hartu zuen hitza, UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Zientzietako Fakultateko dekanoak, INDIZEA aurkezteko: Euskadin berrikuntzarako egindako enpresa-inbertsioak eta horiek ekoizpena hobetzean duten eragina neurtzen dituen Berrikuntzaren Euskal Indizea. Eskualde mailako lehenengo indizea da munduan, berrikuntzaren aktibo ukiezinak neurtzen dituena, berrikuntzarako Nesta agentzia britainiarraren metodologiari jarraituz.

 

Ostean "Euskal enpresak lehiakortasunaren erronkaren aurrean: I+D+i arrakasta lortzeko faktore modura” gaiaren inguruko eztabaida egin zen. Jon Barrutiak moderatu zuen, Euskadiko EGABen aholkularia eta UPV/EHUren enpresa ekonomiako katedraduna denak. TECNALIA Research & Innovation-eko Berrikuntzarako Estrategia eta Politiken gerente Begoña Sanchezek, BC Materials-eko (Basque Center for Materials Applications and Nanostructures) zuzendari José Manuel Barandiaranek eta Vicinay Marine Innovación-eko zuzendari nagusi Onintze Matíasek parte hartu zuten.

 

Aipatutako txostena Espainiako EGABaren web orrialdean dago irakurgai ;http://www.ces.es/documents/10180/2471861/Inf0215.pdf