Komunikazioa > Azken berriak
Euskadiko EGABren azken berriak
asteartea, 20 martxoak 2018

2018ko otsailaren 16an Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Osoko Bilkurak ekimen propioko azterlana onartu zuen honako izenburuarekin: “EAEko gazteen enplegagarritasuna eta lan merkatuan sartzea, europar eskualdeen ikuspegi alderatuarekin”. EGABk gaiaren garrantzian oinarrituta erabaki zuen lan honi ekitea, “behar bezala inplementatzea edozein gizarterako etorkizun bermea baita”. Ildo horri jarraiki, industria iraultza berriak, hau da, “4.0 testuinguruak” (fabrika adimentsuak, robot aurreratuak, big data…) aldaketa sakonak eta bizkorrak dakartza eta pertsona gazteak lan merkatuan sartzea zailtzen dute.

Testuinguru honetan, azterlanak Euskadin demografia, hezkuntza eta lan merkatuaren panorama lantzen du; 4.0 testuinguruan bere bilakaeratik aurrez ikus daitezkeen joerak kontuan hartuta, enpleguaren etorkizuneko ezaugarriak azaltzen ditu; eta, azkenik, EAE erreferentziazko hiru europar eskualderekin alderatzen du: Baviera (Alemania), Flandes (Belgika) eta Eskozia (Erresuma Batua). Datuak bildu ostean hiru eztabaida taldek (Focus Group) iritziak eman dituzte eta alderaketa kualitatiboa burutu da:  lehenengo taldea enpresa erakundeek proposatu zuten, bigarrena, berriz, sindikatu erakundeek eta, amaitzeko, hirugarrena Ikaslan, Hetel, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru unibertsitateetako ikasle eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak. Azken dokumentuak ikuspegi eta zehaztapen desberdinak ditu, talde bakoitzaren ekarpenetatik abiatuta. 

Ondorio eta azken gomendio bezala, EGAB herrialdeko itun bat lortzearen aldekoa da, “4.0 testuinguruan Euskadiko gazteen eta, oro har, biztanleen enplegagarritasuna hobetzen laguntzeko politikak diseinatu eta inplementa daitezen. Aurrekoari eutsiz, ituna eraikitzeko oinarriak nahasitako eragile guztien adostasuna eta erantzukizun partekatua izan beharko luke”.

Demografia, hezkuntza eta lan merkatuaren panorama

Biztanleria zahartzen ari da eta horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren demografia panorama baldintzatzen du. Biztanle gazteen garrantzi erlatiboa murriztuz doa, lanerako adina duen biztanleriaren gainean dituen eraginekin. Hurrengo 15 urteetan EAEn etengabe lanean jardun dezakeen biztanleen kopurua (16-65 urte) jaitsiko da eta ezingo da orekatu, gazteen taldeak (16-34 urte) hazkuntza arina baitu. 

Gazteen prestakuntza maila nabarmenki helduena baino altuagoa da. Azkeneko urteetan, unibertsitate ikasketetan matrikulatutako gazteen ehunekoak behera egin du eta lanbide heziketarena hazi da, nahiz eta oraindik lehenengo aukera nagusi izaten jarraitu. 

Lan merkatuan, gazteriak populazio aktiboak baino langabezia tasa altuagoa du eta emakumeek lan merkatuan sartzeko zailtasun handiagoak dituzte. Emakumeen presentzia eremu teknikoetan txikiagoa da eta askoz handiagoa pertsonak zaintzearen edo osasunaren arloan. Gazteak lan merkatuan garrantzia galtzen ari dira eta gaur egun langile okupatu guztien artean bostena baino pixka bat gehiago dira (% 21,3). 

Lan baldintzei dagokienez, pertsona langile gazteen % 44,2k aldi baterako kontratua du. Ehuneko hori Europako batez bestekoa (% 32,6) baino altuagoa da. Denbora partzialean kontratazioa, ordea, antzekoa da, Euskadiren kasuan desiragarria ez den partzialtasuna nagusi izan arren. Emakumeek gizonek baino tasa handiagoak dituzte eta adinak nahiz prestakuntzak aurrera egiten duen moduan ordainsaria igotzen da (2014. urtean batez beste 1.000 euro/hilabete, 55 urte eta hortik gorakoen 2.154 euroren aldean). 

Etorkizuneko enpleguaren ezaugarriak

Europan enpleguaren bilakaerak lehen sektorea eta oinarrizko manufakturak jaistea aurrez ikusten du; sektore tertziarioak, ordea, gora egingo du, batez ere, honakoei erreparatzen badizkiegu: merkataritza zerbitzuak eta enpresei emandakoak, banaketa nahiz garraioa eta merkataritzakoak ez diren zerbitzuak. Hurrengo hamarkadan enplegu aukeren zati garrantzitsu batek erretiroengatik lanpostu hutsak betetzean izango du bere jatorria. Euskadiren kasuan, Lanbidek kalkulatutakoaren arabera, enplegu bolumena % 8,7 igoko da 2015-2025 denboraldian. 

Lanbideei begira, EAErako aurreikuspenen arabera, lehenengo sektorean langile prestatuak igoko dira, baita instalazioen eta makineriaren operadoreak eta muntatzaileak ere, sukaldaritza, pertsona eta salmenta zerbitzuetako langileekin, zientzia nahiz osasun langile tekniko eta profesionalekin eta laguntza profesionalekin batera.

4.0 iraultza eta automatizazioa

4.0 iraultzaren testuinguruan, prestakuntza txikia duten langileak izango dira kaltetuenak, beren enpleguak automatizatzeko gaitasun handiagoa baitute. Etorkizuneko enpleguek trebezia eta ezagutza desberdinak eskatuko dituzte eta zenbait lanpostu desagertuko da. Aldi berean, beste berri batzuk sortuko dira, gaitasun espezializatuekin eta prestakuntzari begira eskakizun handiagoekin.

Automatizazioaren eragina sektoreen arabera aldakorra da. Ildo horri jarraiki, hotelek eta sukaldaritzak, orokorrean manufaktura industriak, garraioak eta biltegiratzeak, nekazaritzak, txikizkako merkataritzak edo meatzaritzak % 50etik gorako automatizazio ahalmena dute. Kontrako muturrean daude ondorengoak: hezkuntza eta kudeaketa zerbitzuak, profesionalak eta informazioari buruzkoak, osasunaren eta gizartearen ingurukoak. 

Automatizazioa lanerako moduetan aldaketak sortzen ari da eta sortuko ditu. Aldaketa horiei esker, onura potentzial handiak irits daitezke, lehiakortasuna eta produktibitatea areagotuko baitituzte; baina, aldi berean, eztabaidaren mamian daude, langileen lan baldintzak eta babes mailak mehatxa baititzakete. 

Gogoeta orokorrak

Ekimen propioko azterlanari esker, EGABk lau gogoeta handi adostu ditu. Honakoak dira: gazteen taldearen heterogeneotasuna, beheranzko joera, emakumearen egoera berezia eta denboran globalizazioak, digitalizazioak eta biztanleen zahartzeak bat egitea.  

  • Talde heterogeneoa. 
    Adina kontuan hartuta, argi eta garbi bi azpimultzo bereizten dira, lan merkatuan posizio desberdina dutelako: 16 urtetik 24 urtera bitartekoak eta 25etik 34ra artekoak. Lehenengo taldean gehienak ikasleak dira eta beren jarduera tasa oso txikia da. Bigarren taldean langabezia tasak (% 17,8) lan merkatuan sartzeko dituzten zailtasunak adierazten ditu. Lan merkatuan sartzeak hautatutako ikasketekin erlazio handia du (EAEn handiagoa ikasketa teknikoetan eta osasunari buruzkoetan) eta zailagoa da behe mailako prestakuntza mailetan. Lan kontratu nagusia aldi baterakoa da (2016. urtean bakarrik % 4 izan zen mugagabea) eta, gainera, lanaldi partzialak gora egin du. “Aipatu baldintzek motibazio urria duten langileak sortzen laguntzen dute. Horrez gain, enpresaren etorkizunean ez dira asko nahasten”. Txostenak adin gutxiago duen azpimultzoaren prestakuntza eta orientabideari buruzko alderdiak berriz planteatzea proposatzen du, adin gehiago duen taldearen lan baldintzak hobetzeaz gain.
  • Emakume gazteak
    Emakume gazteek egoera berezia dute, langabezia tasa handiagoak baitituzte eta euren jarduera txikiagoa baita. Horrez gain, denbora partzialean lan ratioa altuagoa da. Ordainsari txikiagoa dute eta emakumeen partaidetza eremu teknikoetan murritza da; oso altua, berriz, pertsonak zaindu eta osasunaren arloetan. EGABren ustez, “ezinbestekoa da emakume gazteak lan-merkatuan aukera handiagoak eta baldintza hobeetan izango dituzten familia profesional eta unibertsitate ikasketetarantz orientatu eta errazteko kultura aldaketa sustatzea. Era berean, beren garapen profesionala bultzako duten ekintzak gauzatu behar dira”.
  • Belaunaldia ordezkatzeko zailtasunak.
    Azterlanak ikusgai uzten duen beste arazo batek belaunaldia ordezkatzeko zailtasunekin zerikusia du. Egoera hori “mehatxu bat da, baina, aldi berean, aukerak eskaintzen ditu”. EGABk enpresek, gizarte eragileek eta erakundeek langileen adinak kudeatzeko neurriak hartzea proposatzen du. Helburua ordezkapen antolatua eta pertsona gazteak lan merkatuan kalitatezko baldintza egonkorretan sartzea da.
  • Globalizazioak, digitalizazioak eta zahartzeak bat egitea.
    Txostenak beste fenomeno kezkagarri bati buruz ohartarazten du: denboran “oso erritmo bizkorrean” globalizazioak, 4.0 iraultzak eta euskal biztanleen zahartzeak bat egitea. Azterlanak enpleguaren paradigman aldaketa aztertzen du. Agertokia antzematea zaila da, “enpleguaren ondore garbia positiboa edo negatiboa izango al den ezezaguna baitzaigu”. EGABren iritziz, erronka ez da berez digitalizatzea, digitalizazio estrategia baizik, beraz, “prozesu honetan enpresa eta enplegu kopuru garrantzitsua ez baztertzeko neurriak aldez aurretik hartzea” proposatzen du. Agertoki konplexu honen aurrean “funtsezkoa da, nahasitako eragile eta estamentu guztiei (gobernua, enpresa erakundeak, sindikatu erakundeak eta beste ekonomia eta gizarte aktoreak) zabaldutako elkarrizketa ingurunean, akordioak lortzea, 4.0 industriak eskaintzen dituen aukerak ez galtzeko, baina langileen lan babesa eta enpleguan segurtasuna nahiz enpresetan lehiakortasuna arriskuan jarri gabe”.

Beste gogoeta berezi batzuk

Aipatu ondorio orokorrekin batera, EGABren azterlanak gogoeta berezien multzoa zehazten du eta proposamen zehatzak ageri dira. Hona hemen horiek:

  • Orientabide akademikoa eta lan orientabidea hobetzea; “Batxilergoa baino askoz lehenago landu behar da” eta, ondorioz, orientazio langileak prestatu eta gaitzeari garrantzi handia eman behar zaio. Ildo horri eutsiz, jarduerek bereziki emakumeen arazo berezian eragingo dute.
  • Gehiegi prestatuak egotea, ogibide maila urriak izatea eta “baztertze ondorea”. Txostenak azpimarratutakoaren arabera, postuari dagokion prestakuntza baino goi mailagokoa duten pertsona gazteen enplegu urriak hezkuntza maila txikiagoa duten horien aukeren gainean ondorio negatiboak ditu eta “baztertze ondorea” sortzen da. 
  • Gaitasun tekniko-digitalekin zerikusia duten unibertsitate tituluak eta familia profesionalak. Azterlanak hezkuntza erakundeen, enpresa erakundeen, sindikatuen eta beste gizarte eragile batzuen artean kooperazio sare egonkorrak zehaztea proposatzen du, ikasketen egokitasuna etengabe ebaluatu eta 4.0 testuinguruaren prestakuntza behar berrietara moldatzeko.
  • Prestakuntza duala eta curriculum praktikak. EGABk defendatutakoarekin bat, “prestakuntza dual eraginkorra eta praktika nahiz beken sistema duina oinarrizkoak dira pertsona gazteek gaitasunak eta lan esperientzia lortzeko”. Aurrekoaren harira, ezinbestekoa da enpresak prestakuntza planetan nahastean itxaropen zehatzak izatea eta praktika denboraldiak ohiko enpleguak ordezkatu arte ez luzatzea. 
  • Errelebo kontratua bultzatzea. Batzordearen iritziz, errelebo kontratuak kalitatezko enplegua sortzen du, pertsona gazteentzat gainerako langileentzat bezalako baldintzekin eta, gainera, egonkortasuna eskaintzen du.
  • Garapen teknologikoa eta intimitatearen nahiz bizi pertsonalaren babesa bateratzea. Lan denbora eta espazioaren eta bizi pertsonalari dagokionaren artean desberdintasunik eza 4.0 iraultzaren inpaktu negatibo bat da, baina, aldi berean, bestelako ondore positiboak ditu: lanorduekiko autonomia handiagoa izatea, joan-etorriak eta horri atxikitako estresa murriztea… Europar EGABren gomendioen ildotik, txostena elkarrizketa konstruktiboaren aldekoa da, intimitatea eta bizi pertsonala babestuak daudela bermatzeko.
  • Talentuaren konposizioa eta dinamika. Ekosistema bat sortu behar da gure Erkidegoan talentuak geldiarazteko edo erakartzeko baldintza onenak eskaintzen dituena. Izan ere, horren garrantziari buruz akordio orokorra dago EGABn. Ildo horri jarraiki, baldintza onenak lirateke azpiegitura fisiko eta adimentsu onak izatea, aisialdi eta kultura eskaintza onez hornitzea, prestakuntza zentroak eta unibertsitateak prestakuntzaren eta ikerketaren abangoardian egotea, etab. Dena den, adostasunik gabeko eztabaida ideologikoa dago: zein litzateke talentuaren konposizioa eta dinamika? Horren inguruan, ikuspegi desberdinak daude.
    Testuinguru honetan, enpresaren ikuspuntutik, kezka ageri da talentuak geldiarazi eta erakartzearen beharrari buruz. 
    Beraz, talentuak geldiarazi eta erakartzeko eredu adostua behar dela ondoriozta daiteke. Gauza bera gertatzen da irteten diren pertsonen kontabilitatea eta trazabilitatea hobetzeko tresnekin, etorkizunean itzultzea susta dezaten. Lortzen ari diren emaitzak ikusirik, helburu honen aurrean aurkitzen ari garen zailtasunak aztertzea komenigarria litzateke.
  • Lan-merkatuan sartzeko zailtasun handiagoak dituzten gazteentzat politika bereziak. Azterlanean landutako europar eskualdeen esperientziak kontuan hartzen baditugu, lan merkatuan sartzeko zailtasun handiagoak dituzten gazteentzat politika bereziak bizikidetzen ari dira, behin betiko lan merkatutik kanpo gelditzeko arriskua baitute. Kapitulu honetan, EGABren ustez funtsezkoa da immigrazioaren fenomenoari erreparatzea, Euskadiren lan egiturari oinarrizko ekarpena egiten baitiote. Halaber, gazte immigranteen gizarte errealitate berriak kontuan hartu behar dira. 
  • Inplementatutako programak jarraitu eta ebaluatzeko estatistikak eta adierazleak. 4.0 iraultzak adierazle berriak eta estatistika serie berriak eskatzen ditu, nahiz eta gaur egun eskura ez izan; adibidez ohiz kanpoko enplegu modalitateei buruzko estatistikak. Izan ere, etorkizun hurbilean funtsezko bihurtuko dira. Horregatik, digitalizazioaren ondorioz sortuko diren aldaketak kontuan hartuta, adierazleak eta estatistika serieak garatu eta berriz pentsatzea proposatzen du.
  • Herrialde ituna. Proposatutako helburuetara iristeko, EGABren iritziz funtsezkoa da herrialde ituna lortzea; hala, politikak diseinatu eta inplementatuko dira, 4.0 testuinguruan gazteen eta, oro har, euskal biztanleen enplegagarritasuna hobetzen laguntzeko. 
    Itunaren oinarriak nahasitako eragile guztien adostasuna eta erantzukizun partekatua izan behar du. Modu horretan, planteatutako alderdien inguruan aurrerapauso sendo eta azkarrak eman ditzakegu, hala eskatzen baitute premiazko erronka sakonek. Baina, gainera, gobernuaren eta herri administrazioen gaitasuna sustatu eta babestuko dute, azpiegitura digitaletan eta industria nahiz enplegu politika indartsuetan inbertitzeko, zein sektoretan espero den digitalizazioa eta, ondoren, automatizazioa kontuan hartuta.

EZTABAIDARAKO MAHAIA

Martxoaren 16an, “EAEko gazteen enplegagarritasuna eta lan merkatuan sartzea europar eskualdeen ikuspegi alderatutik” ekimen propioko azterlana aurkezteko, Euskadiko EGABk ekitaldi bat antolatu zuen eta Euskadiko EGABren batzordeburuak, Francisco José Huidobro jaunak; ekimen propioko txostena egitez arduratu den Batzordeko buruak, Jon Barrutia jaunak; eta horren idazkari teknikoak, Leire Ozerin andreak, hori aurkezteaz gain, Eztabaidarako Mahaia egin zen eta honakoek parte hartu zuten: Jon Barrutiak, moderatzailearen lanetan; Ivan Jimenezek, Bizkaia Talenteko zuzendari kudeatzaileak eta Arkaitz Antizarrek, Euskadiko Gaztediaren Kontseiluko enplegu taldean partaideak. Biek beren ikuspuntuak azaldu zituzten eta, zalantzarik gabe, zehaztapen horiek azterlanaren aurkezpena aberastu zuten.

AZTERLANA 14