“Estrategia Atlantikoa hobe inplementatzeko sozietate zibilaren proposamenak” izenburupeko txostena Sare Transnazional Atlantikoak (STA) egin du. Hori nazioarteko kooperazio plataforma da eta bertan bost herrialdetako (Portugal, Espainia, Frantzia, Erresuma Batu eta Irlanda) europar eskualde atlantikoetako ekonomia eta gizarte arazoetarako batzordeak eta pareko erakundeak elkartuak daude. Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea da gaur egun STAren buru eta horri ordezkatuz bihar Bruselan izango da, sareko gainerako kideekin batera, Europako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari aipatu lanaren ondorioak azaltzeko.
2011. urtean Europar Batzordeak Estrategia Atlantikoa aurkeztu zuen, eremu geografiko horretan hazkuntza eta enplegua bultzatzeko xedez eta bi urte geroago, hau da, 2013 urtean 2014-2020rako Ekintza Plana onartu zuen. Horretan denboraldi horretan estrategia inplementatzeko lehentasunak definitzen ziren. Egun, Europako Batzordearen Itsas Gai eta Arrantzarako Zuzendaritza Nagusia orain arte egindako jardueren balantzea egiten ari da eta STAk ebaluazio eta ikuskatze prozesuan bere proposamenak azaldu nahi ditu. “Gure izaera eta konposizioarengatik, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeek eskualdearen errealitate sozioekonomikoarekin zuzeneko harremana dugu eta Bruselan aurkeztu behar dugun txostena oso ikuspegi praktikotik burutu da, eskualde atlantikoetako itsas ekonomiako aktoreei landan egindako testigantza eta kontsultetan oinarritzen baita” azaldu du Francisco José Huidobro STA eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen buruak.
Ikuspegi atlantikoa
Ekintza Plana berraztertzeari begira, Estrategia Atlantikoa hobe inplementatzeko gizarte zibilaren proposamenak, STAk idatziak, nazioarteko kooperazio lan luzearen ondorioa dira. Nolanahi ere, interes erkidea duten gaiak landu dira, hala nola, salgaien garraioa eta garraio modu desberdinak, portuak, itsas segurtasuna, ekonomia urdina, itsas energiak edo ikerketa eta berrikuntza. Erabilitako lan metodologiari esker, gaiak ikuspegi atlantikoarekin amaitu dira eta esklusiboki eskualdearen edo nazioaren ikuspuntua gainditzen dute. Horregatik, Bruselan biharko aurkezpenak jakin-min handia sortu du.
Estrategiari lotutako finantzaketa
Nahiz eta lan esparru erkide bezala Estrategia Atlantikoak balioztapen positiboa izan, maila atlantikoan erronkei aurre egiteko kooperazio handiagoa pizten baitu, txostenak ahulezia garrantzitsuak zehazten ditu eta kritikoa da alderdi hori aztertuz gero. Adibidez, Estrategia Atlantikoa ezagutzeko orduan urritasunak daude eta asko kritikatu dute itsas ekonomiaren esparruan jarduten duten eragileek. Ildo horri jarraiki, “Estrategia Atlantikoa funtsa edo leihatila” sortzen bada, horren babesean sortutako proiektuak proiektu atlantiko bezala ainguratuak geldituko dira eta Europar funtsen sortarantz jotzea saihestuko litzateke. Halaber, STAren txostenak ohartarazitakoaren arabera, Brexitaren ondorioei aldez aurretik erantzun behar zaie eta Gune Atlantikoaren erronkak eta potentzialtasunak “hazkuntza urdinarekin” zerikusia dutenak baino urrunago doazela ondorioztatzen du, hortaz, Estrategia Atlantikoak “kooperazio esparru integratu berriaren bezpera, zabalagoa eta sendoagoa, izan behar du eta ez amaierako puntua”.