Euskadiko EGABren iritziz egokia da “elikadura enpresa eta establezimenduen osasun baimen eta jakinarazpenerako araubidea arautu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elikadura Establezimenduen Erregistroa sortzeko dekretu proiektua” izapidetzea, kontsulta organo honek egindako gogoetekin. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bidali du.
Arauaren helburua elikadura jarduera eta establezimenduak kontrolatuz osasun publikoa babestea da. Horretarako, osasun baimenaren, jarduera hasi aurreko jakinarazpenaren eta datu aldaketaren prozedura arautzen du eta, aldi berean, elikadura enpresa eta establezimenduen erkidegoko erregistroa, publikoa eta Autonomia Erkidego osorako bakarra, sortzen da.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak positiboki balioztatzen du aztertutako proiektua. Nolanahi ere, Estatuko eta Erkidegoko araudiari moldatzen zaio eta egun eremuan indarrean dagoen araudia (irailaren 17ko 223/1996 Dekretua) ordezkatzen du. Dena den, ezinbestekoa den kasuetan funtzionamenduaren osasun baimena lortzeko prozedurari buruz hainbat ohar egiten du.
Gehiegizko epea
Ildo horri jarraiki, EGABren ustez, “oso harrigarria da administrazioak berak aldez aurretiko osasun baimenaren eskaera ebazteko bere buruari ematen dion epea”: sei hilabete eta, gainera, epea igarotzen denean berariaz ebazpenik ez badago, administrazioaren isiltasun negatiboa aurrez ikusten du.
Batzordearen iritziz, ulergarria da jarduera zehatzak osasun ikuskaritza pasa gabe ez hastea, baina “bere ustez ez da arrazoizkoa eta aurrez aurre erasotzen du enpresa dinamismoa (eta Erkidegoaren arauen espiritu bera ere bai) aipatu izapidea gainditzeko sei hilabete itxaron behar izatea. Are kontrakoagoa da, administrazioak epe zabal horretan erantzuten ez badu, partikularrak bere eskubidea erabiltzeko erreklamazioaren lege izapidea hasi beharra”.
Bere irizpenean, Euskadiko EGABk gehieneko epea nabarmenki murriztearen aldeko apustua egiten du eta enpresen sorreran aurrera egiteko ahal diren administrazio izapide guztiak deuseztatu eta mugatu behar direla gogorarazi du.