Bilbo, 2017ko irailaren 29a.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Osoko Bilkurak onespena eman dio Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak aurkeztutako 2017-2020 aldirako Enplegu Plan Estrategikoari. Plan hori Enpleguaren eta Suspertze Ekonomikoaren aldeko 2017-2020 aldirako Esparru Programaren funtsezko atal da. Bi helburu nagusi ezarri dira programa horretan: Euskal Autonomia Erkidegoan langabezia % 10etik beherakoa izatea 2020an, eta 20.000 gazteri enplegurako aukera eskaintzea 2017-2020 bitartean.
EGABen irizpenpean jarri den 2017-2020 aldirako Enplegu Plan Estrategikoaren bidez, ikuspegi operatibo batetik zehaztu nahi dira Enpleguaren Euskal Estrategia 2020 delakoan ezarritako gidalerroak, erreferentzia gisa erabil daitezen Eusko Jaurlaritzako sailek arlo horretan bultzatzen dituzten ekimenetan. Bere irizpenean, EGAB bat dator ikuspegi horrekin, eta nabarmendu egiten du “gai horretan esku hartzen duten Jaurlaritzako sailek politika guztiak koordinatu eta integratzeko euren gain hartu duten erronka berezia, bai eta langileen eta langabeen kualifikazioaren eta birkualifikazioaren aldeko konpromisoa ere” .
Balorazio positiboa egiten die, era berean, egoera ekonomiko berriari erantzunez dokumentuan jaso diren berrikuntzei, emakumeen enpleguaren zeharkako sarrerari, Renove zaharberritze programen aurrekontua handitu izanari, ekintzailetzaren eta enplegurako prestakuntzaren sustapenari, gazteak itzultzeko laguntzari edota hezkuntzatik lanerako trantsizioaren gaineko programari. Baina akatsak eta hobetu beharreko arloak ere hauteman ditu EGABek, eta horien azalpena egiten du irizpeneko gogoeten atalean.
2014-2016 aldirako Enplegu Planaren ebaluazio nahikoaren falta
Beste akats batzuen artean, orain aurkeztutakoaren aurreko enplegu planaren (2014-2016 aldirako Enplegu Plana) ebaluazio nahikoaren falta nabarmentzen da irizpenean, EGABen iritziz “ezinbestekoa baita plan berriaren diseinuari behar adinako zorroztasunarekin ekiteko”. “Bera gabe, gainera —eransten du EGABek—, ezin dira baloratu plan berrian ezarritako helburu kuantitatiboak”.
Planaren zuzkidura ekonomikoa dela eta, EGABi deigarri gertatu zaio nola “inolako azalpenik gabe desagertu den plan berritik ‘baliabide publikoen esfortzuari lotuta espero den baliabide pribatuen mobilizazioaren’ edozein aipamen, izan ere 2014-2016 aldirako Planak garrantzi handia ematen baitzion kontu horri eta aurrekontu publikoez gorako gehikuntza nabarmena eragiten baitzuen”.
Kolektibo behartsuen berrikuspena Batzordeak beharrezkotzat jotzen du Planaren babespeko kolektiboak berrikustea, laguntza handiagoa behar duten talde berriak agertu direlako. Hala, esate baterako, pertsona zaharrenak lan merkatutik baztertu izana aipatzen du —”horrek dakarren talentu galerarekin”—, edo etorkinen laneratzea, edota eskolan porrot egin duten gazteen laneratzea. Eta gazteen enpleguari dagokionez, EGABek eskatzen du lan kontratuak lehenets daitezela beken gainetik, eta betiere kalitatezko kontratuak izan daitezela.
Enpleguaren kalitatea eta elkarrizketa soziala Hain zuzen ere, enpleguaren kalitatea helburu gisa aipatzen du 2017-2020 aldirako Enplegu Plan Estrategikoak, eta azpimarratu egiten du hitzarmen eta akordioek garrantzi handia dutela lan harremanen arloan, enplegua sortu eta hobetzeko. Horregatik, Batzordeak “bereziki goraipatu nahi du planean elkarrizketa sozialari ematen zaion bultzada, eta oso positiboki baloratzen du eragile sozialen arteko topaketa eta elkarrizketa errazten dituen ekosistema sustatzea”.
EAEko Enplegu Sistemaren hobekuntza Planean jasotako berrikuntza nagusietako bat da EAEko Enplegu Sistema hobetzea, politika aktiboen gaineko eskumenak jaso zirenetik jada sei urte igarotakoan. Alde horretatik, Batzordearen esanetan “nahitaez eta presaz erreformatu behar da EAEko Enplegu Sistema”. Zenbait alderdi indar handiagoz bultza daitezela proposatzen du, hala nola alferrikako administrazio-izapideak kentzea, edota Lanbideko baliabideen barne-antolaketa egokia egitea, zerbitzu ona bermatzeko enplegu arloetan, DSBEaren kudeaketak eragiten duen lan pilaketari aurre eginez.
Azkenik, planean proposatutako gobernantza eredua berriz aztertzeko eskatzen du Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak, eta ohartarazten du enplegu politikek badituztela parte hartzeko euren erakundeak. “Horiek ez dira indargabetu behar askotariko osaerak eta eginkizun lausoak dituzten instantzia berriak sortuz, hala nola Sailarteko Batzordea edo, bereziki, Enplegu Forua, biak ere planean ezarritakoak”. Hori dela eta, EGABek proposatzen du enplegu politiken diseinu orokorrenaren eta jarraipenaren ardura esleitu dakiola Elkarrizketa Sozialerako Foro Iraunkorrari (hirutariko erakunde paritarioa), “ezertan kendu gabe, gainera, botere publikoek euren proposamenak erkatu ahal izatea inplikatutako beste eragile batzuekin, eurenak dituzten foroetan”.