Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
ostirala, 21 martxoak 2025

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak zenbait aldaketa proposatu ditu dekretu-proiektu honen helburuak bermatzeko. 

Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak txosten bat egin du "Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren eta Gizarte-Larrialdietarako Laguntzen onuradunei aplikagarri zaien enplegurako pizgarriak arautzen dituen dekretu-proiektuari" buruz. Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak helarazi du txosten hori. Aztertu ondoren, Batzordeak dekretu-proiektua izapidetzean kontuan hartu beharko liratekeen gogoeta batzuk planteatu ditu. 
Arau honen xedea da Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren araudian jasotako enplegurako pizgarrien aplikazioa arautzea, aukera ematen baitu diru-sarrerak bermatzeko errentaren eta gizarte-larrialdietarako laguntzen prestazioa bateragarri egiteko eskatzaileen eta onuradunen norberaren konturako lanaren edo jarduera ekonomikoaren errentekin. Horretarako, zenbateko jakin batzuk deskontatzen dira norberaren edo besteren konturako lanetik datozen diru-sarreren zenbaketan, dekretu-proiektuan ezarritako baldintzen arabera. 

Hasiera-hasieratik, euskal sistemak enplegurako pizgarriak ezarri zituen, pertsonei gutxieneko diru-sarrerak bermatzeko eta, aldi berean, lan-jarduera baten garapenak lan-merkatutik ez deskonektatzeko aukera eman ziezaien. Legediaren, ekonomiaren eta gizartearen bilakaerari esker, estimulu horiek berrikusi eta eguneratu egin behar dira, eta, alde horretatik, Batzordeak positibotzat jotzen du dekretu berriak hainbat arlori heltzea, hala nola estimuluak indibidualizatzeko formulen garapenari, familia-egituren bilakaerari eta hazkuntzari buruzko gaiei, hori guztia genero-ikuspegiarekin. Era berean, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea bat dator estimuluen izaera mugagabearekin eta laneko errentetatik datozen diru-sarreren tratamendu diferentziala ezartzearekin. Era berean, egokia da arau berriak sistema hobeto ulertzen laguntzea, eta, alde horretatik, Batzordeak "irakurketa errazeko" bertsio bat gomendatzen du, hezkuntza-maila apalena duten kolektiboek eta ikusmen-urritasunak dituzten pertsonek errazago uler dezaten. 

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen ustez, dekretu-proiektuaren helburua egokia da, baina uste du arauak aldaketa batzuk behar dituela proposatutako helburuak betetzeko. Zehazki, arauak profil batzuen estaldura handitzen du pizgarrien sistematik kanpo gera daitezkeen beste profil batzuen kontura; izan ere, pizgarriak antolatzeko formula berriak familia handienen egoera hobetzen du, baina ez ditu behar bezala sustatzen diru-sarrera txikiak dituzten beste langile batzuk, bereziki pertsona bakarreko unitateak eta ardurapean adingaberik ez duten bikoteak. Batzordea ez dago ados enplegurako pizgarrien eredu berria dagokion zuzkidura ekonomikoaren birbanaketatik abiatzearekin; aitzitik, behar duten pertsona guztiek enplegurako pizgarriak behar bezala bermatuta izan ditzaten behar adina baliabide bermatu behar ditu. 

Memoria ekonomiko berean adierazten denez, kide bateko edo biko bizikidetza-unitateek murriztu egiten dituzte enplegurako pizgarriak, eta bi kide baino gehiagoko unitateek, berriz, handitu. Horrek eragin handia du gaur egun estimulu horiek jasotzen dituen kolektiboaren proportzio oso handian. 

Beraz, kontsulta-organoaren iritziz, arauak bermatu behar du DSBEaren eta GLLen onuradun diren kolektibo guztiek enplegurako pizgarri egokia jasotzen dutela, eta, horretarako, finantzaketa nahikoa beharko da. Hala, deskontatu beharreko zenbatekoa kalkulatzeko formula berrikustea proposatzen da, estimuluak bizikidetza-unitateen tipologia zabalago batean aplika daitezen. 
Era berean, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak uste du egunen muga birplanteatu beharko litzatekeela lan-intentsitate txikia eta altua bereizteko, proposatutakoa ez baita oso egokia lan-merkatuaren laginaren errealitaterako. 

Azkenik, Batzordeak azpimarratu du Dekretu honetan araututako enplegurako pizgarriak kalkulatzeko formularen etengabeko jarraipena egin behar dela, sustatu nahi diren kolektiboetan nahi ez diren ondorioak zuzendu ahal izateko eta sartu nahi den edozein aldaketa balorazio eta prozedura arautu batera egokitu beharko litzatekeela. 
 

(Ikus 2/25 irizpena)