Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen ustez, egokia da dekretu-proiektu hau izapidetzea, organo aholku-emaile honek egin dituen gogoetak kontuan hartuta. Bilbo, 2024ko azaroak 27. Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak txosten bat egin du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak helarazitako "Merkasaretza Merkataritza Laguntzako Puntuen Euskal Sarea sortu eta Merkataritza Laguntzako Zerbitzuen Zorroa definitzeko dekretu-proiektuari" buruz. Aztertu ondoren, Batzordeak egokitzat jo du izapidetzea, irizpenean egindako gogoetekin.
Arau honen helburua da duela 30 bat urtetik jardunean dagoen Eusko Jaurlaritzaren Merkataritzako Bulego Teknikoen (OTC) programa berritzea, Euskadiko merkataritza-sektorearen egungo beharretara egokitzeko. Inguruabar berrien artean daude, besteak beste, zerbitzuaren digitalizazio gero eta handiagoa, kontsumo-ohitura berriak, herri eta hirien mugikortasunaren eta plangintzaren aldaketak eta merkataritza-sektorean iraunkortasun- eta genero-ikuspegiaren irizpideak txertatzeko beharra.
MERKASARETZA Merkataritza Laguntzako Puntuen Euskal Sareari (NPB) sorospen tekniko espezializatua eman nahi zaio merkataritzari, doan eta merkataritza-banaketaren sektore osoari eta haren erakundeei zuzenduta, etengabe aldatzen ari den ingurunera egokitzeko eta haren lehiakortasuna optimizatzeko. Horretarako, hainbat zerbitzu izango ditu, besteak beste, merkataritzari informazioa eta laguntza ematea eta merkataritza-jarduera dinamizatzea eta bultzatzea.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak ontzat jo du dekretu-proposamenak programaren dirulaguntzen araubidea argitu eta optimizatzea, eta aldaketa interesgarriak egitea. Lehenik eta behin, aholkularitza-bulegoa eratzeko kontratatutako pertsona ardatz duen sistema (OTC) batetik (PAC) beste batera igarotzen da. Laguntza espezializatua eskaintzen duten langile kualifikatuak dituen erakunde baten ingurukoa da sistema hori, eta, beraz, zerbitzuaren kalitatea eta espezializazioa indartuko dira. Gainera, programa gauzatzeko epea urtebetetik lau urtera luzatuko da, eta horrek zerbitzuaren egonkortasun eta profesionaltasun handiagoa ahalbidetuko du. Era berean, sustatutako aldaketek zerbitzua erabiltzaile eta herri gehiagotara hedatzea erraztuko dute, eta, ildo berean, NPBen arteko integrazioa eta koordinazioa bultzatuko dute; beraz, saltoki bakoitzak, bere kokapena gorabehera, arreta-maila eta zerbitzu berberak eskuratu ahal izango ditu, eta kontsultak, aholkuak eta kudeaketak modu arinagoan eta eraginkorragoan egingo dira. Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen ustez, dekretu-proiektua egokia da, baina zenbait gogoeta sartu ditu aztertutako testua hobetzeko proposamen gisa. Horrela, eredu-aldaketak plantillako langileen egonkortasuna bermatzen duenez, betiere lanpostuaren eskakizunak betetzen baditu, ez dugu egokitzat jotzen testuan dagokion merkataritza-laguntzailea kontratatzeko urteko finantzaketa aipatzea, lanpostu horrek urtero titulartasuna aldatu beharko lukeela interpreta baitaiteke.
Organo aholku-emaileak uste du Dekretuan argiago azaldu beharko liratekeela dirulaguntzen eredutik lankidetza-hitzarmenen eredura igarotzearen arrazoiak eta abantailak.
Gainera, komeniko litzateke OTC sarearen jarduketen balantze bat gehitzea, hautemandako hobekuntza-alderdiak edo -marjinak azaltzeko. Ildo beretik, araua bere eragin ekonomikoaren kuantifikazio argiarekin osatzeak ereduaren aldaketa aurrekontuaren ikuspegitik baloratzea ahalbidetuko luke.
Era berean, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak komenigarritzat jotzen du arauaren xedearen definizioan kontsumitzaileak eta merkataritzak eskaintzen dituen ondasun eta zerbitzuen azken hartzaileak aipatzea, bai eta NPBen zerbitzuen artean kontsumoko arbitraje-sistemari atxikitzearen sustapena zerrendatzea ere.