Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak urtero aurkezten du EAEko Memoria Sozioekonomikoa. Bertan, batzordea osatzen duten sindikatuek, enpresaburuek eta gizarte zibileko beste erakunde batzuek lurraldearen egoera sozioekonomikoari buruz duten ikuspegia azaltzen du.
Irailaren 5ean "Euskal EGABen Memoria Sozioekonomikoa" udako ikastaroa egingo da Donostiako Miramar Jauregian. Javier Muñecas Herreras, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko (EGAB) Presidentea, da topaketa honen zuzendaria, eta bertan "EAEko 2023ko Memoria Sozioekonomikoaren" edukia ezagutaraziko da.
Urtero, EGABek dokumentu hau prestatzen du, eta, bertan, Euskadiko egoera sozioekonomikoari buruz sindikatuek, enpresaburuek eta gizarte zibileko beste erakunde batzuek duten ikuspegia azaltzen da. Ikastaro honen bidez, Memoria Sozioekonomikoa eta, oro har, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen lana zabaldu nahi dira, kontsulta-organoa gizartearekin elkartzeko guneak zabaltzeko.
Ikastaroa irekiera instituzional batekin hasiko da, eta horretan Javier Muñecas CES/EGABeko Presidentea, Mikel Torres Bigarren Lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailburua, eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko Presidentea izango dira.
Ondoren, Jon Barrutia Guenagak, EGABeko Memoria Sozioekonomikoaren Batzordeko Presidenteak, dokumentuaren aurkezpena egingo du, eta amaizean, Memoria Sozioekonomikoan lantzen diren gaiei buruzko mahai-ingurua egingo da. Arantza Estefanía EGABeko Garapen Ekonomikorako Batzordeko Presidenteak moderatuko du, eta Helena Franco Ibarzabal ekonomilariak, Guillermo Dorronsoro Artabe Deustuko irakasleak eta Imanol Zubero Soziologian doktore eta EHUko irakasleak parte hartuko dute. Azkenik, Laura Marrón Adimen Artifizialaren Zentroko (BAIC) zuzendari nagusiak hitzaldi magistrala emango du adimen artifizialak gure gizartean duen eraginari buruz.
EAEko 2023ko Memoria Sozioekonomikoa
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak Euskadiko Memoria Sozioekonomikoa egiten du urtero, eta bertan adierazle sozial eta ekonomiko nagusiak errepasatzen dira. Kontsulta-organoa erakunde sindikalek, enpresarialek eta gizarte zibileko beste erakunde batzuek osatzen dutenez, euskal errealitate sozioekonomikoari buruz duen ikuspegiak herritarrei eta, oro har, gizartearen interesei eta kezkei lotutako pertzepzioa islatzen du.
Memorian, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak Euskadiren erronka sozioekonomikoak azaltzen ditu, bai eta lurraldearen egoera sozioekonomikoari buruz egindako azterketaren ondoriozko gogoetak eta gomendioak ere.
Ondorio nagusien artean, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea eurogunearen dezelerazio ekonomikoa kezkagarria dela islatzen du; izan ere, inflazio biziarekin batera, ziurgabetasuna eragiten du eta ekonomiaren jarduera tenkatzen du. Eremu demografikoari dagokionez, migrazio-saldoak berreskuratzeak hazkunde natural negatiboa konpentsatzea lortzen badu ere, batzordeak uste du beharrezkoa dela Erronka Demografikorako 2030erako Euskal Estrategiaren aplikazioa bizkortzea eta immigrazioaren arloko jarduerak indartzea.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak uste du ere Euskadik ETE berritzaileen ehunekoa handitu beharko lukeela eta berrikuntzarako jardueretan egindako inbertsioa handitu beharko lukeela, berrikuntzak enpleguan eta salmentetan duen eragin ekonomikoa Europako batez bestekoa baino txikiagoa baita. Era berean, energia berriztagarrien ekoizpena handitu beharko litzateke, ekoizpen horretarako behar diren azpiegituren ingurumen-inpaktua zainduz.
2023an okupazioak gora egin duen arren eta langabeziak behera egin duen arren, lan-merkatuko jarduera-tasa baxuek eta genero-arrakalek bere horretan jarraitzen dute. Hori dela eta, EGABen ustez, eremu horietan lanean jarraitu behar da enplegu-politika aktibo eta pasiboen bidez. Halaber, uste du oreka lortu behar dela trantsizio berdeen eta digitalen eta horiek enpleguan dituzten ondorioen artean.
Etxebizitza eskuratzea oraindik ere egiturazko erronka da, baina Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak positibotzat jotzen du bultzatutako alokairu eskuragarriaren aldeko politika publikoak eta etxebizitza hutsak murrizteko ekintzak.
Bizi-baldintzen adierazleek posizio konparatibo positiboak dituzte, baina bilakaera kontrajarriak erakusten dituzte. EGABek azpimarratzen duenez Euskadiko gizarte-babesak estaldurei (DBE) eutsi die edo gehitu egin ditu 2023an, eta handitu egin dira helburu horretara bideratutako baliabideak.
Hezkuntzari dagokionez, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak adierazi du beharrezkoa dela ikasketak aukeratzean genero-desberdintasunak zuzentzea, laneratzeari eragiten baitiote.