Kontseiluak positibotzat jo du beste arau bat egitea aukeratu izana, eta ez dagoena aldatzea; izan ere, Europa eta Estatu mailako arau-garapenak Euskadira egokitzea eskatzen du.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak txosten bat egin du, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak helarazi duen "EAEko abeltzaintzako ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dituen eta irailaren 22ko 515/2009 Dekretua indargabetzen duen dekretu-proiektuari" buruz. Aztertu ondoren, Kontseiluak egokitzat jo du izapidetzea, irizpenean egindako gogoetekin.Arau honen xedea da Euskadiko abeltzaintzako ustiategiek bete behar dituzten baldintza teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzea, hargatik eragotzi gabe sektoreko arau bereziak, higieniko-sanitarioak, ingurumenekoak, hirigintzakoak edo aplikatzekoak diren beste batzuk betetzea.
Azken urteotan Europan zein Estatuan gai honi buruz onartu diren arau-aldaketek Euskadiko abeltzaintzaren baldintzen berezitasunera egokitzea eskatzen dute, eta, gainera, Estatuko araudian jasotzen ez diren zenbait alderdi berezi erregulatzea. Hori guztia dela eta, komeni da arau berri bat onartzea, eta ez irailaren 22ko 515/2009 Dekretua aldatzea.
Abeltzaintza-jarduerak funtsezkoak dira landa-komunitateen ekonomiarako eta biziraupenerako, eta jarduera ekonomikoko sektore garrantzitsua osatzen dute, baina errealitatean eragina izan dezakete ingurumenean eta kokatuta dauden lekuen osasungarritasunean. Hori dela eta, beharrezkoa da bi ikuspegi horiek bateratzea gurea bezalako lurralde-eremu batean. Izan ere, eremu horretan nekazaritza-jarduerak eta jarduera horiek garatzen dituzten komunitateak daude arriskuan, eta, aldi berean, abeltzaintza-jarduerak egin ahal izango dira, ingurumena eta osasungarritasuna zaintzearekin bat etorriz eta errespetuz.
Horrenbestez, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak uste du dekretu-proiektua egokia dela, eta positibotzat jotzen du beste arau bat egitea aukeratu izana, eta ez dagoena aldatzea. Hala ere, gogoeta espezifiko batzuk sartzen ditu, hala nola aztertutako testua hobetzeko proposamenak.
Kontsulta-organoaren ustez, deigarria da akuikultura, helizikultura eta intsektuen laborantza abeltzaintzako ustiategien araudi horretan sartzea, eta uste du, nolanahi ere, arrain-haztegiek, beren ingurune urtarraren berezitasunengatik, erregimen bereizia izan beharko luketela, eta ez abeltzaintzako ustiategiena.