Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
asteartea, 02 uztailak 2024

Kontseiluak positibotzat jo du Giza Nutrizioari eta Dietetikari buruzko funtzioak sartzea farmazia-bulegoetan garatutako farmazia-arretaren jarduera profesional osagarri gisa.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak txosten bat egin du Osasun Sailak helarazitako "Farmazia bulegoetan Giza Nutrizioa eta Dietetika atala arautzen duen dekretu-proiektuari" buruz. Aztertu ondoren, Kontseiluak egokitzat jo du izapidetzea, irizpenean egindako gogoetekin.

Arau honen xedea da Euskadiko farmazia-bulegoetan giza nutrizioko eta dietetikako atal bat sortzeko eta jardunean jartzeko administrazio-baimenak lortzeko eska daitezkeen betekizun teknikoak eta gutxieneko baldintzak ezartzea.

Tradizionalki, farmazietan, arreta farmazeutikoaz gain, funtzio profesionalak eta sanitarioak garatu izan dira; horien artean, analisi klinikoak, ortopedia eta optika nabarmentzen dira. Uztailaren 2ko 165/2002 Dekretuak atal horiek arautu zituen, eta bete beharreko baimenen araubidea eta eska zitezkeen gutxieneko baldintzak zehaztu zituen. Ondoren, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko 44/2003 Legeak Giza Nutrizioan eta Dietetikan diplomatuaren unibertsitate-titulu ofiziala arautu zuen, eta ondoren, UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Farmazia eta Giza Nutrizio eta Dietetikan Gradu Bikoitza ezarri zen. Horrela, farmazian lizentziatutako profesional asko daude, eta aipatutako diplomatura ere badute. Hori dela eta, farmazia-bulegoko giza nutrizioaren eta dietetikaren atala arautu behar da, eskain ditzaketen funtzio eta zerbitzu sanitarioetako bat bezala

Aurkezten zaigun dekretu-proiektuaren helburua farmazia-bulegoetan garatzen diren farmazia-arretaren funtzio eta jarduera profesional osagarrietan Giza Nutrizioari eta Dietetikari buruzkoak sartzea denez, Kontseiluak egokitzat jotzen du horiek onartzea, baina zenbait gogoeta espezifiko sartzen ditu aztertutako testua hobetzeko proposamen gisa.


Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Kontseiluak uste du komenigarria litzatekeela farmazia-bulegoaren titularrak Giza Nutrizioan eta Dietetikan diplomadun edo graduatu izateko exijentzia birplanteatzea, interes orokorrekoa baita farmazia-bulegoetan zerbitzu horiek ematea erraztea.

Horrela, organo aholku-emailearen ustez, titulazioa farmaziaren titularra ez den beste pertsona kontratatu batek izateko aukera ematea aldi iragankor gisa uler daiteke, ondoren prestazio horretan soilik espezializatutako jarduera-sektore berri bat sartzea errazteko. Hala, farmazia-bulegoaren titularrak, eskatutako titulaziorik ez duenez, nutrizio- eta dietetika-atal hori garatu ezin duen kasuak saihestuko lirateke.

Horrek ez luke diskriminaziorik eragingo analisi klinikoen, ortopediaren eta optikaren ataletan, titulazio hori ez baita txikiagoa, ez baita graduondoko trebakuntza edo prestakuntza hutsa. Gainera, jardunbide okerrik izanez gero, erantzukizun bikoitza egotea baimenduko litzateke: farmazia-bulegoko titularrarena eta nutrizio- eta dietetika-atal berriko titularrarena.