Batzordeak uste du araua positiboa eta egokia dela, eta egokitzat jotzen du izapidetzea, egin dituen gogoetekin.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak txosten bat egin du "EAE-n egiten diren ikuskizun publikoetan etxeko eta gatibutasunean dauden animalien ongizaterako irizpideak arautzen dituen dekretu-proiektuari" buruz. Txosten hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak helarazi du. Aztertu ondoren, Batzordeak egokitzat jo du izapidetzea, irizpenean egindako gogoetekin.
Arau honen xedea da Etxeko animaliak babesteko 9/2022 Legean eta Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren 10/2015 Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duen otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuan jasotako foru-organoen baimena zer irizpidetan oinarrituta eman behar den arautzea. Ikuskizunetan eta jolas-jardueretan parte hartzen duten animalien babes- eta ongizate-baldintzak bermatzea da helburua.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Fisikoari eta Kirolari buruzko martxoaren 30eko 2/2023 Legeak berariaz jasotzen du animalien osasuna eta ongizatea babestea animaliek esku hartzen duten kirol-jardueretan, bai eta animaliek parte hartzen duten lehiaketetan albaitari profesionalak egotea ere.
Aurkezten zaigun dekretu-proiektuaren helburua albaitaritzako eta animalien ongizateko irizpideak arautzea denez (irizpide horietan oinarrituta eman behar da foru-organoen baimena), Batzordeak positibotzat eta egokitzat jo du horiek onartzea, baina berariazko gogoeta batzuk sartu ditu, aztertutako testua hobetzeko proposamen gisa.
Alde batetik, iradokitzen dugu zehatzago definitzea zer kasutan izan daitezkeen ikuskizun eta jolas-jarduerak zirku-ikuskizunak eta/edo ibiltariak. Era berean, uste dugu egokia izango litzatekeela aztertutako jardueretan araudia betetzen den ikusteko jarraipena egin ahal izateko formulario bat duen eranskin bat sartzeko aukera baloratzea.
(7/24 Irizpena)