Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
asteartea, 06 otsailak 2024

Batzordeak atsegin handiz hartzen du ekimen hori, baina uste du izapidetzeko unea ez dela egokia eta zenbait hobekuntza egin behar direla uste du.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak txosten bat egin du "EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategiari" buruz, EMAKUNDE-Emakumearen Euskal Erakundeak helarazitakoa. Aztertu ondoren, Batzordeak adierazi du ekimenak garrantzi  handia duela, lege-agindua betetzen duela, eta bat egiten duela bizitza politiko, ekonomiko eta sozialeko esparru guztietan emakumeen eta gizonen benetako berdintasun eraginkorra lortzeko ahaleginekin.

Hala ere, eta ekimena positibotzat jo arren, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak uste du izapidetzeko unea ez dela egokia, hainbat arrazoi direla medio.
 

Lehenik eta behin, legegintzaldia amaitu eta hilabete gutxira aurkezten delako izapidetzeko eta onartzeko.

Bigarrenik, beharrezkotzat jotzen duelako dagokion eragile eta taldeek aurretiazko izapidetze-prozesuan parte hartzea ahalbidetzeko denbora eta mekanismoak gaitzea.

Ildo horretan, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak gogorarazi du Estrategiaren ardatzetako bat Gobernu Ona dela, eta, horregatik, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean dauden erakunde guztiei parte hartzeko aukerarik eman ez izana deitoratu du, aurretiazko izapidetze-prozesuan. Azpimarratu du Gobernu Onaren parte diren hainbat gune daudela, hala nola Elkarrizketa Sozialerako Mahaia eta Elkarrizketa Zibilerako Mahaia, baina horiei ez zaie kontsultarik egin.

Eta hirugarrenik, baina ez garrantzi gutxiagokoa, estrategia-proposamenak EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planaren ebaluazioaren emaitzak jaso beharko lituzkeelako, Estrategia egiten parte har dezaketen irakurleek aurreko Plana gauzatzearen emaitzen erreferentzia argia izan dezaten; eta jasotako helburu espezifikoak lortzeko nola jokatuko den zehaztu beharko lukeelako, eta berdintasun-neurri horiek Jaurlaritzan ezartzeak ekarriko lukeen kostuaren zenbatespen bat sartu beharko lukeelako, Estrategiari aurrekontu propioa eta xehatua emanez.

Ildo horretan, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak uste du estrategiaren egiturak eta ikuspegi metodologikoak ez dutela estrategiaren ulermen osoa errazten. Ez da zehazten nola jardungo den proposatutako helburuak lortzeko, ezta ekimen bakoitzari lotutako inbertsio ekonomikoa ere; beraz, zaila da horien egokitasuna baloratzea.

Kontsulta-organoarentzat, aurrekontu-zuzkidura zenbatetsi gabe, ezin da jakin hura hedatzeko eta betetzeko baliabide nahikorik dagoen (teknikoak eta ekonomikoak).

(3/24 Irizpena)