Kontseiluak egokitzat jo du dekretu-proiektu hau izapidetzea, egin dituen gogoetekin.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak txosten bat egin du Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egindako "EAEan angularen arrantza profesionala arautzen duen eta angularen arrantzale profesionalen erregistroa sortzen duen dekretu-proiektuari" buruz. Aztertu ondoren, Kontseiluak egokitzat jo du hura izapidetzea, irizpenean egindako gogoetekin.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea bat dator arau horren helburuarekin, hau da, angularen arrantzaren iraunkortasuna bermatzearekin, eta positibotzat jotzen du EAEn indarrean dagoen araudia Erkidegoak arlo horretan dituen eskakizunetara egokitzea, angularen arrantza profesionalizatuz eta emandako lizentzien administrazio-erregistroa bultzatuz.
Indarrean dagoen araudiak (41/2003 Dekretua) angularen kirol-arrantzari egiten dio erreferentzia. Dekretu-proiektu honek, berriz, soil-soilik profesionala den arrantza arautzen du, lehorretik eta itsasontzitik, eta zehaztapen oso mugatuak ditu, besteak beste, gaitutako arroei, erabilitako tresnei eta harrapaketen bolumenari dagokienez. Helburua, beraz, angularen arrantza profesionala eta arduratsua bermatzea da, merkaturatzearen azken fasera arte legez ezarritako mugen barruan.
Kontseiluaren ustez aurreproiektuaren izapidetzea egokia bada ere, gogoeta espezifiko batzuk txertatu ditu, hala nola aztertutako testua hobetzeko proposamenak.
Hala, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak ez du ulertzen zergatik diren desberdinak ontzitik egindako angula-arrantzaren kasuan profesionalizatzeko betekizunak eta beste arrantza-jarduera batzuei eskatzen zaizkienak. Zehazki, gomendatzen da artikuluetan berariaz aipatzea lizentziaren titularraren ontzia EAEko itsas barrutietako itsasontzien matrikulen administrazio-erregistroren batean inskribatuta egon behar dela. Gomendagarria litzateke, halaber, lizentziaren titularrak, ontzia maneiatzeko titulazioaz gain, dagokion arrantza-titulazioa izatea eskatzea. Gainera, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak komenigarritzat jotzen du banatu beharreko lizentzien gehieneko kopurua urteko harrapaketa-kupoa ezartzeko ebazpenean ezartzea.
(Azken irizpenak)