Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak prestatutako “Euskal sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko Dekretu-proiektuari” buruzko txostena egin du. Bere erantzunean, Batzordearen iritziz sortu den moduan izapidetzea ez da egokia, eta beharrezkotzat jotzen du hura garatzeko irizpenean adierazitako gaiak kontuan hartzea, aldez aurretik gizarte-eragileekin negoziazio-prozesua egiteko beharra, besteak beste.
Arauaren helburua, bertan adierazten denez, hizkuntza-normalizazioaren irizpideak garai berrietara egokitzea eta euskal sektore publiko osoaren koordinazioa bermatzea da, helburu hirukoitzarekin. Batetik, euskararen eta gaztelaniaren erabilera ofiziala bermatzea, euskal sektore publikoko erakundeekin dituzten harremanetan herritarrekiko inolako diskriminazio instituzionalik sortu gabe; bestetik, zerbitzuan eta lanean euskara erabilera orokorreko ohiko hizkuntza gisa ezartzea euskal sektore publikoko erakundeen jardunean; eta, azkenik, euskal sektore publikoko erakundeen jarduera-eremuan herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeari dagokionez benetako berdintasuna lortzea.
Bere txostenean, EGAB bat dator arauarekin funtzionarioen hizkuntza-eskakizunen sistema garai berrietara eguneratzeko beharrari dagokionez. Hala ere, uste du ezinbestekoa dela arauan gizarte arloko adostasun zabala lortzea, eskubide guztien bateragarritasunean eta errespetuan oinarrituta. Horien artean daude Administrazioaren aldetik arreta nahi duten hizkuntzan jaso behar duten herritarren eskubideak, langile publikoen —euskaldunen zein euskaraz ez dakitenen— laneko eta lanerako eskubideak, eta hautagaiek Administraziorako lan egiteko dituzten eskubideak.
Langileen eskubideei dagokienez, organo aholku-emaileak ohartarazi du oso erritmo bizkorra ari dela ezartzen euskal sektore publikoko langileen artean elebitasunaren helburua lortzeko, eta euskara zerbitzurako eta lanerako hizkuntza gisa ezartzeak, gaztelaniaren kaltetan, kalte larria eragin dezakeela euskara menderatzen ez duten langileen artean. Batzordearen ustez, azken alderdi horrek urratu egiten du langileek eremu pribatuan aukeratzeko duten askatasuna, eta lan-baldintzen funtsezko aldaketa dakar.
Arauan jasotzen diren eta enpresa-eremuan eragina duten hizkuntza-betebeharrei dagokienez, EGABek beharrezkotzat jotzen du erregulazioak euskararen sustapena eta ekonomia- eta enpresa-jardueraren garapena bateragarri egitea. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen du Administrazioak ekonomiaren eta produkzioaren errealitatea ezagutzea, inplikatutako sektoreekin elkarrizketa irekia eginez, bai eta kontuan hartutako hizkuntza-betebeharrak ezartzeak izango duen eragin ekonomikoa ere.
Gainera, euskal organo aholku-emaileak beharrezkotzat jotzen du enpresa-arloko beste zenbait alderdi ere kontuan hartzea, hala nola betebeharrek kausa objektiboa eta justifikatua izatea kontratuaren xedean (baita dirulaguntzarenean edo hitzarmenarenean ere), eta ez beste ezein kontsideraziotan; enpresa kontratistetan ezarri beharreko eskakizun-maila eta Administrazio Publikoarentzat ezarritakoa berdina ez izatea; eta sektore pribatuaren hizkuntza-betebeharren diseinurako eta hedapenerako lurraldeetako errealitate sozio-linguistikoa kontuan hartzea.
Bestalde, euskal batzordearen ustez, ezinbestekoa da hizkuntza-eskakizunak ezartzeari dagokionez erakunde publiko bakoitzak duen autoantolaketaren printzipioa goragoko organoren batek gainbegiratzea/koordinatzea.
Azkenik, EGABek komenigarritzat jotzen du artikulu askoren idazketaren berrikuspen orokorra egitea. Artikulu horiek nahasmena eragiten duen eta behar bezalako segurtasun juridikoa bermatzen ez duen eduki berria dute.