Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak egin duen “Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren Erregelamendua onartzen duen Dekretu-proiektua” delakoari buruzko txostena egin du. Bere erantzunean, Kontseiluak egokitzat jotzen du arauaren izapidetzea, irizpenean egindako oharrekin.
Arauaren helburua Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Euskal Sistemaren 14/2022 Lege berrian DSBEari dagokionez jasotako aurreikuspenak garatzea da, hala nola prestazioa jasotzeko baldintzak, bizikidetza-unitateen eraketa, titularren eta onuradunen betebeharrak, behar ekonomikoaren egoera kalkulatzeko osagaiak edo administrazio-prozeduren definizioa.
Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak positibotzat jotzen du arauan jasotako erregelamendu-esparrua, eta Dekretu horrek DSBEaren estaldura-tasa handitzearekin erlazionatuta garatzen dituen Legearen alderdiak aitortzen ditu, hala nola zenbatekoa handitzea eta etxebizitza eskuratzeko baldintzak aldatzea, eta bereziki, baldintza jakin batzuetan DSBE jaso ahal izateko adin-nagusitasunaren jaitsiera. Era berean, onartu egiten du erregelamenduak 14/2022 Legearen kontzeptu teknikoak eta juridikoak argitzeko eta zehazteko duen bokazioa, antzeko egoeretarako interpretazio desberdinak saihesteko, lengoaia erraza eta eskuragarria erabiltzeko eta behar duten pertsonentzako aurrez aurreko arreta jasotzeko. Kontseiluaren iritziz, alderdi horiek eragindako pertsonen babesa, parte-hartzea eta segurtasun juridikoa bultzatuko dute.
Ildo beretik, garrantzi berezia hartzen du Kontseiluarentzat arauak administrazio-izapidetze ordenatua, kontrolatua, eraginkorra eta modernoa izango duen sistema eratu nahi izateak, prozedurak sinplifikatu eta bateratu ahal izateko. Azken batean, interes publikoa eta administrazio-jarduketaren funtzionaltasuna, arrazionaltasuna eta efizientzia zainduko dituen sistema.
Egindako oharrei dagokienez, Kontseiluak funtsezkotzat jotzen du Erregelamendu horrekin jardungo duten pertsona guztiak prozedura-berrikuntza ugariei dagokienez prestatzea, bai Lanbideko langileak, bai eta DSBE jasotzen duten pertsonei laguntzeko lanak egiten dituzten beste gizarte-eragile batzuk ere.
Azkenik, Kontseiluak komenigarritzat jotzen du arauaren zenbait alderdi ebaluatzea, bai eta azken helburuarekin, hau da, gutxieneko errenta bermatuaren tresnaren bidez babestu behar diren premia-egoera guztietara iristearekin, bat ez datozenak berriro aztertzea ere. Horretarako, 14/2022 Legeak sortutako Gizarteratze arloko Ebaluazio, Ikerketa eta Berrikuntza Organoa baliatzea gomendatzen du.