Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak egindako “Euskal Sektore Publikoa Arrazionalizatzeko eta Dimentsionatzeko Erakundearteko Batzordea arautzen duen Dekretu-proiektuari” buruzko txostena aurkeztu du. Bere erantzunean, EGABek beharrezkotzat jotzen du arauak irizpenean adierazitako gaiak kontuan hartzea, funtsezkoak baitira Batzordeak esleituta dituen helburuak eta eginkizunak bete ditzan.
Euskadiko EGABen iritziz oso aproposa eta beharrezkoa da dekretu hori egitea. Dekretuaren xedea Euskal Sektore Publikoa Arrazionalizatzeko eta Dimentsionatzeko Erakundearteko Batzordearen atxikipena, osaera eta oinarrizko funtzionamendu-arauak arautzea da, administrazioen arteko eraginkortasunik ezak, bikoiztasunak eta gainjartzeak saihesteko, bai eta lankidetza, elkarlana eta koordinazioa hobetzeko eta, oro har, antolaketa eta funtzionamendua optimizatzeko. Organo honen eginkizun nagusia euskal sektore publikoaren funtzionamendu egokirako garrantzi berezia duten gaiei buruzko azterlanak eta proposamenak egitea da, Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legeak ezartzen duena kontuan izanda.
EGABek azaldutako funtsezko gogoetei dagokienez, irizpenak adierazten du beharrezkoa dela dekretuak, Batzordearen prozedurazko alderdiez gain, funtzionamendu-arau argiak jasotzea. Kontseiluak ohartarazi du arauak ez duela zehazten nola eta nori dagokion azterlanak eta proposamenak egiteko ekimena, eta, beraz, beharrezkotzat jo du Batzordeko kideek izendatzen dituzten administrazioei, hau da, Eusko Jaurlaritzari, foru-aldundiei edo/eta EUDELi, edo Batzordeari berari dagokien zehaztea.
Era berean, EGABek uste du, arauan jasotako urteko kudeaketa-memoriaz eta sor daitezkeen txostenez edo proposamenez gain, Batzordeak erakunde publikoek funtzionatzeko dituzten bitartekoen urteko txosten xehatua egin beharko lukeela, kanpoko giza baliabideei eta zerbitzuei buruzko informazioa sartuz. Gainera, uste du beharrezkoa dela Batzordearen lan sistematikoa eta jarraitua bermatzeko dekretuak urtean gutxieneko lan-bilera kopuru bat finkatzea.
Batzordeko kideak izendatzeari dagokionez, Euskadiko EGABek ohartarazi du ezarritako irizpideek ez dutela inplikatutako alderdien ordezkaritza ekitatiboa bermatzen. Horrela, osaeraren eta gehiengoen esparrua berrikustea gomendatzen du; izan ere, bere ustez, Administrazio Orokorra organoaren % 50a izatea eta, gainera, erabakiak gehiengo soilez hartzea, presidentearen kalitatezko botoarekin, ez da bateragarria Batzordearen helburuarekin. Gainera, Batzordea osatzen duten pertsonek horiek izendatzen dituen administrazioaren parte izan behar duten ala ez argitzea gomendatzen du, eta administrazioetatik independenteak diren adituen parte-hartzea baloratzea komeni dela uste du.
Era berean, EGABek adierazi du ez duela ulertzen EUDELen eta beste administrazioen artean dagoen tratamendu desberdina (EUDELen ordezkaritza alkateek edo/eta zinegotziek izan behar dute nahitaez), eta horrek erabat hutsaldu dezakeela ezinbesteko baldintza bakarra: gaian aditua den pertsona bat izatea.