Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
osteguna, 19 urtarrilak 2023
  • Arauan definitutako jarduketa-modalitateen artean, familien ardurapean dauden hiru urte bete arteko seme edo alaba bakoitzeko 200 euroko zuzeneko laguntza dago, 2022ko maiatzean iragarritakoa.

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak prestatutako “Seme-alabak dituzten familientzako laguntzen Dekretu-proiektuaren inguruko txostena egin du Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak. Bere erantzunean, Kontseiluak egokitzat jotzen du arauaren izapidetzea, irizpenean jasotako gogoetekin.

Arauaren xedea seme-alabak dituzten familiei seme-alabak hazten eta mantentzen laguntzeko laguntza-esparru berria arautzea da. Horretarako, Dekretu-proiektuak jarduteko modalitate hauek zehazten ditu: seme-alabengatiko diru-laguntzak, eta horien artean hiru urte bete arte ardurapeko seme edo alaba bakoitzeko hilean 200 euroko zuzeneko laguntza nabarmentzen da; eta aparteko diru-laguntzak erditze anizkoitzagatik, adopzio nazional anizkoitzagatik eta nazioarteko adopzioagatik. Dekretu berri hau indarrean sartzen denetik, indargabetuta geratuko da seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzei buruz gaur egun indarrean dagoen 2015eko dekretua, eta, ondorioz, egungo laguntzak.

EGABek, idazkia baloratzeko xedez, egungo egoera demografikoari buruzko diagnostikoa egin du, eta EAEko esparru politiko eta arauemailea errepasatu du. Lehenengo kasuan, joera demografikoa kezkagarria dela ohartarazi du: Euskadiko jaiotza-tasak Europako batez bestekoaren oso azpitik daude, eta etengabe ari dira jaisten. Bigarren kasuan, adierazi du dekretu hori bat datorrela 2022an onartutako Erronka Demografikorako 2030erako Euskal Estrategiarekin. Estrategia horretan, epe laburreko eraginaren irizpidea duen jarduketa gisa jasotzen da 200 euroko zuzeneko laguntza artikulatzea ardurapeko seme-alaba bakoitzeko, hiru urte bete arte, beste neurri batzuen artean.

Irizpenean egindako gogoetei dagokienez, Kontseiluak Erronka Demografikorako 2030erako Euskal Estrategian proposatutako helburuak lortzeko aurrerapenak identifikatu ditu arauan. Aurrerapenen artean, laguntza horiek aurrekontuen ikuspegitik erakusten duten esfortzua aitortzen du, zenbatekoen eta iraupenaren garrantziarengatik, eta adierazten du hiru seme-alaba edo gehiago dituzten familien kasuan, arau berriak 2015eko Dekretuak aurreko araudiarekin alderatuta ekarri zuen murrizketa neurri batean behintzat gainditzea dakarrela. Era berean, ohartarazi du laguntzen iraupena ez datorrela bat Eusko Jaurlaritzak erreferentziatzat hartu dituen EBko herrialdeenekin, izan ere, herrialde horietan laguntzak adin-nagusitasunera arte luzatzen dira.

Bestalde, Euskadiko EGABek laguntzen unibertsalizazioa nabarmendu du, bai eta familia-berezitasunak kontuan hartuko dituen laguntza-sistema eratzeko ahalegina ere; zehazki, familia-aniztasunari eta inguruabar edo behar zehatzei buruzkoak (nazioarteko adopzioa, desgaitasun- edo mendetasun-egoera, erditze anizkoitzak, etab.). Horrez gain, laguntzak eskatzeko sistema sinplifikatzeko eta hobetzeko eta espedienteak kudeatzeko prozedura modernizatzeko ahalegina balioesten du, aukera teknikoek ahalbidetzen duten neurrian, izan ere, gai hori funtsezkoa da onuradunentzat.

Era berean, EGABek familia-politika integrala lortzeko laguntza ekonomikoek duten garrantzia nabarmendu du, baina beharrezkotzat jo du zerbitzu eta ekipamendu sorta zabala finkatzea, familiek nahi dituzten seme-alabak izan eta beren bizitzako esparru guztiak behar bezala bateratu ditzaten.

BALDINTZA ALDAKETAK

Kontuan hartuta seme-alabak dituzten familiei laguntza ekonomikoa emateko politika publikoa beste politika publiko batzuek osatzen duten estrategia orokor baten parte gisa ulertu behar dela, EGABek ez du ulertzen dekretu honen barruan prestazio batzuetan errentaren arabera progresibotasuna ezabatzea, eta beste batzuetan ez. Horregatik, gai honi dagozkion neurriak kontu handiz ebaluatzea gomendatzen du, beste politika batzuekin duten erlazioari begira, politika fiskalekin eta familian eta gizartean eragin berezia duten zerbitzu publikoekin batez ere.