Euskadiko EGABek beharrezkotzat jotzen du gizarte- eta ekonomia-eragileen ordezkaritza egokia ziurtatzea, eta ingurumenean espezializatutako erakundeek parte hartzea gomendatzen du.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egindako “Ingurumenerako Aholku Kontseiluaren osaera, kideak izendatzeko prozedura, antolamendua eta funtzionamendua arautzen dituen Proiektu-Dekretuari” buruzko txostena igorri du Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak. Bere erantzunean, EGABek beharrezkotzat jotzen du araua berregitea, irizpenean adierazitako funtsezko gaiak kontuan hartuta.
Dekretu Proiektuaren helburua 2021eko Euskadiko Ingurumen Administrazioaren Legean orokorrean definitu zen Ingurumenerako Aholku Kontseiluaren osaera zehaztea da, bai eta kideak izendatzeko prozedura, antolaketa eta funtzionamendua arautzea ere. Ildo horretan, Euskadiko EGABek ohartarazi du arauak ez duela Ingurumenerako Aholku Kontseiluaren osaera behar bezain zehatz eta argi zehazteko, ezta kideak izendatzeko irizpideak erabakitzeko helburua betetzen.
Kontuan hartu beharreko funtsezko gaiei eta organoaren osaera zehazteari dagokienez, EGABek uste du arauak Ingurumenerako Aholku Kontseiluko kideak ordezkaritza handieneko enpresa- eta sindikatu-erakundeetako kide izatea ezarri behar duela. Era berean, beharrezkotzat jotzen du, parekidetasunari eutsiz, enpresetako eta sindikatuetako ordezkarien kopurua berrikustea, eta ordezkaritza eskuratzeko eta banatzeko irizpideak definitzea, bere baitan interes desberdinak eta sektore anitzekoak modu ekitatiboan hartuko dituen zeharkako kontsulta-organoa eratzeko helburuarekin.Zehazki, EGABek ordezkarien kopurua gorantz berrikustea iradoki du, ezarritako kopurua, bai enpresa-elkarteentzat, bai sindikatuentzat, hiru pertsonakoa dela kontuan hartuta, eta Euskadin ordezkaritza handia duten lau sindikatu daudela ikusita. Gainera, EGABek ingurumenean espezializatutako erakundeek parte hartzea gomendatzen du, Ingurumenerako Kontseiluaren lana aberasteko.
Bestalde, EGABek Dekretu-Proiektuaren justifikazio-memorian Ingurumenerako organo aholku-emailearen osaeraren justifikazioa, ordezkaritza-motak eta ordezkatutako erakunde zehatzak, horietako bakoitzeko kide-kopurua, eta kide horiek izendatzeko eta batzordeburua izendatzeko irizpideak sartzea beharrezkotzat jotzen du, arauaren izapidetzearekin batera doan txosten juridikoak jasotzen duen bezala.
Ingurumenerako Kontseiluaren funtzionamenduari dagokionez, EGABek uste du arauak, organoaren funtzionamendu egokia bermatuko duen gutxieneko edukia jaso eta batzordeak edo lantaldeak eratzeari buruzkoa zehaztu beharko lukeela. Horiei dagokienez, EGABek urtero egin beharreko/gutxieneko bilera kopurua handitzea iradokitzen du (gaur egun hiru dira), datozen urteetan ingurumenarekin erlazionatuta sortuko diren gai interesgarri ugariak kontuan hartuta.