Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak prestatutako “Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuen Lege-Aurreproiektuari” buruzko txostena egin du Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak. Erantzunean, EGABek egokitzat jo du izapidetzea, eta aztertutako testua hobetzeko ohar-zerrenda bat gehitu du.
Euskal kontsulta-organoaren iritziz, egokia da zerbitzu horiei lege-mailako araudi propioa ematea. Araudi horren helburua Euskadin suteak prebenitzeko eta itzaltzeko eta salbamendurako jarduerak antolatzea da, bai eta euskal administrazio publikoen eta bertako langileen izaera horretako zerbitzuak arautzea ere, euskal lurraldean zerbitzu horiek emango direla bermatzeko, eta zerbitzu horiek elkarrekin eta koordinatuta eta beste larrialdi-zerbitzu batzuekin batera ematea ahalbidetuko duten mekanismoak aurreikusteko.
Oharrei dagokienez, Kontseiluak beharrezkotzat jotzen du koordinazio- eta lankidetza-mekanismoak arautzeari buruzko artikuluak berrikustea. Zehazki, suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetarako Erakunde arteko Batzordearen eginkizunak arautzen diren baldintzak gainbegiratzea iradokitzen du, baita enpresan suhiltzaileak edo auto-babeserako ekipamenduak dituzten enpresekiko lankidetza-mekanismoak ere. Horrela, EGABek, Administrazio publikoek zerbitzuak emateko behar diren medio teknikoen eta baliabideen nahikotasunaren balorazioa Erakunde arteko Batzordearen eginkizunen artean sartzea gomendatzen du, eta prebentzio-zerbitzuak, suteak itzaltzeko zerbitzuak edo salbamendu zerbitzuak dituzten enpresetako langileen esku-hartzea garatzea iradokitzen du.
Era berean, Kontseilua kezkatuta agertu da araudiak ez duelako egitura profesional berrira egokitzearen eragina jasotzen duten plantillen ordainsarien baldintzetan gastu publikoa handitzea aintzat hartzen, eta ez du hori ulertzen. Hori dela eta, gai horrek arauan duen esanahia azaltzea eskatzen du.
Langileen kategoriei eta sailkapen-taldeei dagokienez, kontsulta-organoak onartu egin du suhiltzaile boluntarioaren eta suhiltzaile laguntzailearen figurak desagertzea, eta sarjentu kategoria sailkapeneko B taldean sartzea gomendatu du, aginte-eskalan proportzionaltasunari eusteko ratio-irizpidea txertatzeaz gain. Era berean, ohartarazten du Zerbitzuek prebentzioaren inguruan duten zeregina zehaztu barik dagoela, eta ez dagoela Karrera Profesional horizontalaren garapenari buruzko erreferentziarik. Gai horri dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruz indarrean dagoen Legea erreferentziatzat hartzea iradokitzen du.