Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
asteazkena, 02 azaroak 2022
  • Euskadiko EGABek egokitzat jotzen du Enpleguaren Euskal Aurreproiektua izapidetzea, zenbait ohar hobetzeko proposamen gisa eginez.
  • Kontseiluak positibotzat jotzen du enplegu-arauak Euskal Enplegu Sistema osoa antolatzeko eta arrazionalizatzeko egiten duen ekarpena.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen azken osoko bilkurak berretsi egin ditu Enpleguaren Euskal Lege-aurreproiektuari eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman itun sozialaren eta hitzarmenen araubidea arautzen dituen Dekretu-proiektuari buruz organo aholku-emaile horrek emandako bi irizpen. Hurrenez hurren, Lan eta Enplegu Sailak eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak egindako testuei buruzko irizpenak dira.

Enpleguaren Euskal Lege-aurreproiektuari buruzko 15/22 Irizpenean, Kontseiluaren ustez aurreproiektua izapidetzea egokia bada, eta Euskal Enplegu Sistema osoa antolatzeko eta arrazionalizatzeko egiten duen ekarpena positibotzat jotzen badu ere, zenbait gogoeta sartzen ditu, aztertutako testua hobetzeko proposamenak, besteak beste.

Arauaren xedea, pertsonek enplegagarritasuna hobetzeko dituzten eskubideak eta betebeharrak eta botere publikoek enplegu-politiken arloan jarduteko dituzten printzipioak zehaztea, Enpleguaren Euskal Sarea sortzea eta enplegagarritasuna hobetzeko zerbitzu-zorroa eta programa osagarriak antolatzea eta kudeatzea da. Halaber, enpleguaren arloko eskumenak, gobernantza-eredua, enplegu-politika publikoen plangintza, parte-hartzea eta finantzaketa zehazten ditu, eta Euskal Enplegu Zerbitzua (Lanbide) arautzen du.

Euskadiko EGABen iritziz, arauak administrazio publikoen, enpresen eta erabiltzailearen erantzunkidetasuna antolatzen eta sustatzen laguntzen du, eta positibotzat jotzen du azken hori “objektu” izatetik politika publikoen “subjektu aktibo” izatera igarotzea. Gainera, politika publikoak diseinatzean eta gauzatzean kontzertazioari eta elkarrizketa sozialari emandako garrantzia nabarmentzen du. Ildo horretan, balioa ematen dio eragile ekonomiko eta sozialek arauaren prestaketan duten parte-hartze zabalari, eta arauaren gobernantzaren egitura egokitzat jotzen du.

Irizpenean jasotako gogoetei dagokienez, EGABek positibotzat jotzen du Enpleguari buruzko Legeak Elkarrizketa Sozialerako Mahaia lege-mailako araudi izatera igotzea, baina Mahaiaren funtzionamendua arautzen duen araua eguneratzen aurrera egitea gomendatzen du, gizarte-eragileei ematen zaien eginkizuna argiago eta garatuago gera dadin.

Eskumenen esparruari dagokionez, Kontseiluak ohartarazi du aurreproiektuak foru-aldundiei eta udalei oso eskumen-esparru zabala emateak zaildu egin dezakeela udalak tokiko enplegu-politikak garatzea. Gainera, adierazi du horiek ez direla beti aktiboenak enplegu-politika aktiboetan, eta enplegu guztiak ez duela tokiko dimentsioa. Era berean, euskal organo aholku-emaileak uste du enplegu-zerbitzu jakin batzuen prestazioa deszentralizatzeak eta tokiko dimentsioari enplegu-politika publikoen diseinuan eta kudeaketan parte-hartze handiagoa emateak, Enplegu Zerbitzu Publikoari dagozkion eskumenak eta alderdiak ezabatu eta haren funtzioak desitxuratu ditzakeela. Esparru horretan, enplegu- eta gizarteratze-politikak ebaluatzeko, ikertzeko eta berritzeko organo berria eta Enpleguaren Euskal Sarea definitzea gomendatzen du.

Prestakuntza enplegu-politika aktibo gisa hartzeari dagokionez, EGABek adierazi du arauak ez duela behar adina islatzen arlo horretako prestakuntzak duen garrantzi estrategikoa, eta legean langileen prestakuntza gehitzea iradoki du, bai eta “laneko prestakuntza” esamolde okerraren ordez “lanerako prestakuntza” ezartzea ere. Era berean, beharrezkotzat jotzen du Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-eskaintza egonkorra bermatzea, pertsonen eta enpresen beharrak eta epe labur, ertain eta luzerako produkzio-egituraren bilakaeraren agertokiak kontuan hartuta, eta langileen eta enpresen prestakuntzarako esparru komun bat arautzea iradokitzen du.

Euskal Enplegu Zerbitzuari (Lanbide) dagokionez, EGABek positibotzat jotzen du Eusko Jaurlaritzak, Euskal Enplegu Zerbitzua zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa definitzea erabakita, arlo horretan malgutasun, dinamismo eta espezializazio handiagoa bilatzea. Hala ere, Kontseiluak uste du lege horrek Erakundearen hiruko eredua eta Administrazio Kontseiluaren egungo egitura eta osaera finkatu behar dituela, organoaren forma juridikoa edozein dela ere. Legean Lanbideren funtzioak eta gobernantza-eredua zehaztu behar badira, EGABek uste du ahalik eta gehien egokitu beharko liratekeela haren estatutuetara, gizarte-eragileekin adostu baitziren.

Era berean, EGABek azpimarratu du garrantzitsua dela zerbitzua behar bezala emango dela bermatuko duten baliabide nahikoak izatea, eta berriro ere esan du eskura dauden baliabide errealak, giza baliabideak eta baliabide materialak eskumen-zamarekin orekatu behar direla. Batez ere, kontuan hartuta Lanbidek politika pasiboak ere kudeatu beharko lituzkeela (langabezia-prestazioak eta -subsidioak). Horrela, EGABek beharrezkotzat jotzen du legean finantzaketa-iturriekin erlazionatutako artikulua berrikustea, legeak programa eta zerbitzuak garatzeko behar diren funtsen erabilera berma dezan.

Azkenik, EGABek positibotzat jo du kontratu irekien formula berria, zerbitzu bat ematean hainbat erakundek parte har dezaten; izan ere, enplegurako laguntzak kudeatzeko ohiko arazoetako bat laguntza-deialdien kudeaketa zailarekin dago erlazionatuta.

ITUN SOZIALAREN ETA HITZARMENEN ARAUKETA

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak, gainera, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman itun sozialaren eta hitzarmenen araubidea arautzen dituen Dekretu-proiektuari buruzko txostena egin du. Dekretuaren xedea sistema horretan itun-araubidea eta Gizarte Zerbitzuen hitzarmenak arautzea da, bai eta itunpeko ikastetxe pribatuen jarduteko baldintzak ere, gizarte-itunaren araubidearen oinarrizko alderdiak ezarriz, sartzeko betekizunak, gehieneko iraupena, itunak azkentzeko arrazoiak eta alderdien betebeharrak, batez ere.

Kontsulta-organoaren 14/22 irizpenak ohartarazten du ez dela ulertzen zein den gizarte-zerbitzuen garapen-ereduaren irudi orokorra, ezta ekimen pribatuak zerbitzu publiko horien kudeaketan duen parte-hartzearen irismena ere, eta horrek ziurgabetasun-egoera sortzen du. Era berean, testuak herri-administrazioei, hirugarren sektore sozialari eta merkataritza-hornitzaileei gizarte-zerbitzuen horniduran esleitzen dizkien rolek sektoreko hainbat eragile garrantzitsuren ordezkarien artean kezka eta harridura sakona eragiten dutela dio, eta bere iritziz beharrezkoa eta egokia den  eta 2008an egin zen Gizarte Zerbitzuei buruzko Legea indarrean sartzean aurreikusitako erregelamendu-garapenaren gehiena ez dela orain arte garatu.

Ildo horretan, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea kezkatuta agertu da proposamena ez datorrelako bat zerbitzu horietako gehienak emanez administrazioekin lankidetzan aritzen diren erakundeekin, eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio ahalegin bat egin dezala zerikusia duten eragile nagusiekin gauzak argitzeko eta adostasun sozial eta politikoa lortzeko, horrela, guztiek behar bezala ezagutzen eta onartzen duten gizarte-zerbitzuak garatzeko ereduaren barruan dekretu-proiektua berriro idazteko.