Emilia Málaga Pérez, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko presidentea; Iñigo Urkullu Renteria, Lehendakaria; George Dassis, Europako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko presidentea aurreko legegintzaldian; eta Luis Miguel Pariza Castaños, Euskadiko EGABeko eta Europako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko kide ohia, jardunaldi tekniko eta profesional baten hasieran izan dira gaur goizean, Europar Batasuneko immigrazio- eta asilo-politikei buruz hausnartzeko helburuarekin.
Foroa Euskadiko Artxibo Historikoan egin da, Bilbon, eta Euskadiko EGABeko, Europako EGABeko eta Eusko Jaurlaritzako 90 pertsona baino gehiago bildu dira bertan, baita Europako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko kide ohiak, beste Erakunde batzuetako kideak, adituak eta tokiko eragileak ere.
Europar Batasuneko erakunde aholku-emailea den Europako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak immigrazioaren eta asiloaren arloan Europako politika bateratua abian jartzeko beharra aldarrikatzen du, eta Estatu kideen artean politika hori garatzeko beharrezkoak diren akordioak lortzeko zailtasunaz ohartarazten du. Ildo horretan, Europako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak jatorrizko herrialdeekin batera kudeatuko den Europako politika erkide irekiagoa eta giza eskubideekiko errespetuzkoagoa garatzea beharrezkoa dela berretsi du.
Jardunaldian, parte-hartzaileek Europako immigrazio- eta asilo-politika bateratua lortzeko beharrezkoak diren oinarrien inguruan eztabaidatu dute. Horretarako, José Antonio Moreno Europako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Mahaiko kideak Erakunde horren irizpenen eta Europako Foroaren lanen begirada kritikoa azaldu du. Bestalde, Laura Corrado Europako Batzordeko barne-gaietako zuzendaritza nagusiko unitateko buruak, immigrazio- eta asilo-politikarako Batzordea abian jartzen ari den agenda azaldu du, eta William Cockburn egoitza Bilbon duen Europako Laneko Segurtasun eta Osasunerako Agentziako (EU-OSHA) zuzendariak, Europako etorkinen lan-baldintzei buruzko azken azterlanak aurkeztu ditu.
Gainera, Euskadin aniztasuna kudeatzeko gauzatu diren tokiko politikei buruzko gogoeta egin da, azken urteotan arlo horretan EAEko, Espainiako eta Europako gizartean izandako hazkundearen ondorioz. Sarrera gisa, Eduardo Ruiz Vieytez Deustuko Unibertsitateko katedradun eta errektoreordeak Euskadiko, Espainiako eta Europako gizartea gero eta anitzagoa izateak dakartzan erronkak eta aukerak azaldu ditu.
Harrera-, integrazio- eta aniztasun-politiken garrantziari dagokionez, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako sailburuak herritartasunerako, immigraziorako eta asilorako euskal planaren helburuak aurkeztu ditu, eta Itziar Urtasun Bilboko Udaleko zinegotziak Bilbo kulturarteko hiria izeneko plana erakutsi du, Europako Kontseiluak sustatutako Cities Kulturarteko sareko kide gisa.
Bilkuraren amaieran, Christa Schweng Europako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko presidenteak eta Luis Planas Espainiako Gobernuko ministroak eta Europako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko idazkari nagusi ohiak streaming bitartez hitz egin dute, eta ekitaldiari amaiera emateko Emilia Málaga Euskadiko Batzordeko Presidenteak hartu du hitza.
Emilia Málaga Pérez Euskadiko EGABeko presidenteak gogorarazi duenez “immigrazioak ematen duen kultura-aniztasuna integratzen eta aprobetxatzen jakin duten herrialdeak dira, gaur egun, oparoenak, eta, beraz, politika publikoak zeharka eta modu koordinatuan bideratzen lagunduko duen eredu demografiko eta migratzaile orokorra ezinbestekoa da”.