Emilia Málaga Pérez, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko presidentea; Pedro Azpiazu Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasuneko sailburua; eta Antón Costas Comesaña, Espainiako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko presidentea izan dira Espainiako CES elkarteak egin duen “Europar Batasuneko gobernantza ekonomikoa. Pandemiaren eragina” txostenaren inguruan gaur goizean egin den jardunaldi tekniko eta profesionalaren hasierako ekitaldiko buruak. Foroa Euskadiko EGABen Bilboko egoitzan egin da.
Espainiako Ekonomia eta Gizarte Batzordeak duela denbora gutxi egin du “Europar Batasuneko gobernantza ekonomikoa. Pandemiaren eragina” txostena. Miguel Martínez Cuadrado Espainiako CESeko kontseilariak gaur goizean Bilbon aurkeztu duen dokumentuan jasotzen denez, ezinbestekoa da Europako zerga-esparrua erreformatzea, hazkunde jasangarria eta inklusiboa sustatzeko eta ekonomia egonkortzeko, zorraren jasangarritasuna kaltetu barik. Gainera, CESak erabateko parte-hartzearen bidean aurrera egiteko eskatzen du, bai Europa, bai estatu mailan, Europar Batasuneko gobernantza ekonomikoan gizarte-dimentsioa integratzeko beharra kontuan hartuta.
Txostenean proposatutako gomendioen artean, azpimarratzekoa da zerga-arau berri sinpleagoak, gardenagoak eta errealistagoak formulatzea, zorraren joerazko murrizketa errazteko, baina defizit antiziklikoaren gorabeherak ahalbidetzeko. Era berean, CESak neurri iragankorrak proposatzen ditu estatuen hasierako posizio fiskala harmonizatzeko, herrialde zorpetuenentzat denboran zehar zabalagoak diren zerga-doikuntzako neurrien bidez, edo atalase jakin bat gainditzen duten estatuen zorra xurgatuko duten erredentzio-funtsen bidez, eta gastu publikoa babesteko mekanismoak sartzea gomendatzen du, gastu horrek sendotze fiskaleko aldietan hazkunde jasangarria eta inklusiboa bultza dezan.
Jardunaldiari amaiera emateko, Emilia Málaga Pérez buru izan duen mahai-ingurua egin da. Bertan, Anton Costas Comesaña Espainiako CESeko Kontseiluko presidenteak, Beatriz Iñarritu Ibarreche Deustuko Unibertsitateko Espainiako eta munduko ekonomia irakasleak eta Joseba Madariaga Ibarra Deustuko Unibertsitateko finantza eta ekonomia saileko Katedradunak hartu dute parte.
Emilia Málaga Pérez Euskadiko EGABren presidenteak azpimarratu duenez, “jardunaldi honen helburua txostena aditu nagusien eskutik aurkeztea eta Europako ekonomiaren susperraldiari lotutako jarduerei eta proiektuei buruzko hausnarketak bateratzea da, betiere helburua susperraldi inklusiboa izatea dela kontuan hartuta. Dena berriro testuinguruan jartzeko aukera bikaina da, kontuan hartuta, zelan ez, une honetan Ukrainan gertatzen ari den eta orain arte egindako aurreikuspen guztietan eragina izango duen gerra”.
Bere hitzaldian, Pedro Azpiazu Uriarte Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak nabarmendu duenez, “kontsolidazio fiskaleko aldietan Europako gobernantza ekonomikoan hazkunde jasangarri eta inklusiboaren alde egiten duen gastu publikoa babesteko mekanismoak sartzea hartu behar da kontuan”. Bere iritziz, “Europak, orain, zerga-arauak ez ezik, zerga-esparru zabalena ere berriro pentsatzeko aukera du, Europako Funtsei izaera egonkorra emanez, Europako ondasun publikoak direnean arriskuak partekatzeko mekanismo gisa”.
Bestalde, Anton Costas Comesañak azaldu duenez, Espainiako CESak “EBrentzat etorkizuneko proiektua garatzeko konpromisoa hartu du, elkartasunean, erantzukizunean, lehiakortasunean, demokrazian eta gizarte-ongizatean oinarritutako eredu ekonomiko eta sozialean oinarrituta. Horretarako, EBko gobernantza ekonomikoan lortutako jarduketak eta aurrerapenak berrikusten ditu urtero”. Era berean, “Kontseiluaren “Europar Batasuneko gobernantza ekonomikoa. Pandemiaren eragina” txostenean, konpromiso hori berresten da, eta gizarte-dimentsioa gehiago integratzea defendatzen da, bankuen eta kapital-merkatuaren batasuna bizkortzea eta Europako Gordailuak Bermatzeko Sistema sortzea proposatzeaz gain”, amaitu du Espainiako CESeko presidenteak.