Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
osteguna, 24 martxoak 2022
  • Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen ustez, familia-politikaren ikuspegiak bilakaera izan behar du, ikuspegi integralagorantz aurrera egin behar du eta kontziliaziorako neurri eta baliabide berriak aztertu behar ditu.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak egindako “14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzei buruzko Dekretu Proiektuari” buruzko txostena eman du. Erantzunean, Kontseiluak uste du familia-politika integralagorantz egin behar dela aurrera, seme-alaben hazkuntzak eragiten dituen gastuak arintzeaz gain, laguntza ekonomikoek duten zeregina ukatu gabe. Horretarako, kontziliaziorako neurri eta baliabide berriak aztertzea gomendatzen du, gizarte osoaren eta, bereziki, erakunde publikoen erantzukidetasunean oinarrituta.

Legegintza-ekimenaren xedea Eusko Jaurlaritzak familia eta lana bateragarri egiteko ematen dituen laguntzak arautzea da, zehazki, 14 urte bete arte seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzearekin erlazionatutako laguntzen lerroa. Izan ere, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, 0 eta 14 urte bitarteko seme-alaben zaintzaileak kontratatzea etengabe diruz laguntzea, eta zaintzaileak kontratatzeagatik familiei ematen zaizkien laguntzei buruzko araudi guztia legezko gorputz koherente bakarrean bateratzea erabaki du.

EGABek, idazkia baloratzeko, EAEko familia-politikaren testuinguru politiko-arauemailea berrikusi du, eta egungo gizarte-egoeraren diagnostikoa egin du. Lehenengo kasuan, gaur egun 164/2009 Dekretuan batera arautzen dira kontziliaziorako laguntza guztiak, baina aztergai dugun Dekretua indarrean sartzearekin batera, seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntza dekretu horretan arautuko litzateke. Bigarren kasuan, jasotako datuek erakusten dute amatasunaren/aitatasunaren atzerapen progresiboari egozten zaion geldialdi demografikoa dagoela, lana, bizitza pertsonala eta familia bateragarri egiteko zailtasunak daudelako.

Irizpenak Dekretu Proiektuak Familia eta haurtzaroaren aldeko euskal itunera egokitzeko duen asmoa balioesten duen arren, kontsulta-organoak uste du familia-politika integrala lortzeko beharrezkoa dela familiei laguntzeko legean aurreikusitako laguntza ekonomiko guztiak garatzea, hala nola, haur-eskolen gastuetarako diru-laguntzekin erlazionatutakoa; dagokigun laguntza-lerroa ez dadila 164/2019 Dekretutik bereiztu, eta zerbitzu eta ekipamendu sorta zabala finka dadila, familiek esparru soziala, ekonomikoa, kulturala eta lanekoa egoki bateratzeko aukera izan dezaten.

Irizpenaren xede den laguntza ekonomikoari dagokionez, EGABek, besteak beste, eskaera eta izapidetze elektronikoari buruzko, eskaerak ebazteko epeari buruzko, beste laguntza batzuekiko bateraezintasunen araubideari buruzko, diru-laguntza jasotzeko familia-errentaren goiko muga ekonomikoari buruzko edo Gizarte Segurantzaren sistema berezi baten barruko kontratazioari buruzko hainbat gogoeta egiten ditu.

Azken puntu horri dagokionez, kontsulta-organoak ez du ulertzen Etxeko Langileentzako Sistema Berezian alta emanda dauden pertsonen kontratazioa mugatzea, une honetan horri lotzen ez zaizkion kontziliazioa errazteko zerbitzuak eskaintzen direnean, hala nola goizeko harrera-zerbitzua.

IKUSPEGI INTEGRALA FAMILIA-POLITIKAN

14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzen inpaktu txikia kontuan hartuta, aholku-kontseiluak egokitzat jotzen du laguntza ekonomikoekin batera kalitatezko zerbitzuen eta ekipamenduen eskaintza nahikoa zabala egitea, familiek nahi ditzuten seme-alabak izan ditzaten eta euren bizitzako esparru guztiak behar bezala bateratu ditzaten, familia-politika integralagorantz eboluzionatzeko.

Horregatik guztiarengatik, EGABen iritziz beharrezkoa da kontziliazio-neurri eta -baliabide berriak aztertzea, gizarte-, ekonomia-, kultura- edo lan-testuingurua modu unibertsalean errazteko; besteak beste, hauek proposatzen ditu: haur-eskolen gastuak diruz laguntzeko laguntza-ildoa erregelamendu bidez garatzea; 3 urtetik beherako adingabeentzako eskola publikoak, doakoak edo eskuragarriak sustatzen jarraitzea; eskola-ordutegitik kanpoko harrera- eta zaintza-zerbitzuak diruz laguntzea; ikastetxe publikoetan eskolaz kanpoko jarduerak egiteko zaintza- eta kontziliazio-zerbitzu edo/eta -azpiegitura eskuragarriak gaitzea; bai eta oporretan eskura daitezkeen aisialdiko eta denbora libreko azpiegiturak eta zerbitzu publikoak handitzea ere, edo 16 urtetik beherako seme-alabak dituzten familientzako zaintza profesionaleko poltsak eratzea eta kalitatezko enplegua sortzea helburutzat duten proiektuak abian jar daitezen sustatzea, poltsetan Ministerioaren Berdintasun Plan Erantzukidean ezarritako profil profesionalak sustatuz.