Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
asteazkena, 06 urriak 2021
  • Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen ustez, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egindako “Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen Estatutuaren Lege aurreproiektua” izapidetzea egokia da, irizpenean jasotako aipamenak kontuan izanda.
  • Kontseiluaren ustez, legegintza-ekimena egokia eta beharrezkoa da, bai hura erreferentziazko arau-esparru berrira egokitzeko, bai denboraren joanak kontsumitzeko eta kontsumoa hautemateko moduetan sortu dituen aldaketei erantzuteko.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak txosten bat egin du Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egindako “Kontsumitzaile eta erabiltzaileen Estatutuaren Lege Aurreproiektuari” buruz. Bere erantzunean, Kontseiluak egokitzat jotzen du Lege aurreproiektu horren izapidetzea, aztertutako testua hobetzeko proposamen gisa egindako aipamen espezifiko batzuekin.

Aurreproiektuaren helburua Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideen babesa, defentsa eta sustapena arautzea da, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legean jasotzen den egungo araudia ordeztuz. Horrela, lege hori baliogabetuta geratuko litzateke. Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren arauketa berri hori kontsumo arloko eskubideen babesaren ikuspegiaren funtsezko aldaketan eta Europako araudiak eragindako aldaketetan oinarritzen da.

Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak babestea politika sozial eta ekonomikoaren printzipio nagusietako bat da, eta esparru juridiko egokia edukitzea eskatzen du. EGABek bere txostenean arlo horretan izandako aldaketa sakonak egiaztatu ditu, eta honako hau adierazi du: “Gaur egun indarrean dagoen legearen eta lege aurreproiektuaren artean dauden 18 urteetan, arau-esparruak eta kontsumo-jardunbideek aldaketa sakonak izan dituzte”, eta, alde horretatik, honako hau gaineratzen du: “nahikoa da ikustea pandemiak zer eragin izan duen azken 18 hilabeteetako kontsumo-ereduetan; horietako askok irauteko bokazioa dute, eragin dituzten inguruabar puntualetatik haratago, eraldaketen azkartasunaz eta intentsitateaz jabetzeko”.

Era berean, hau azpimarratzen da: “Kontsumitzaileak joera berriekiko duen sentsibilitateak, kontsumo arduratsuago, jasangarriago eta ingurumenarekiko errespetuzkoago batekin koherente izanda, kontsumo-politikak balio eta printzipio berriekin konpromisoa hartzea eta hori arauetan islatzea eskatzen du”.

ARAUAREN EGOKITASUNA

Horregatik guztiarengatik, euskal aholku-kontseiluak uste du legegintza-ekimena egokia eta beharrezkoa dela, bai hura erreferentziazko arau-esparru berrira egokitzeko, bai denboraren joanak kontsumitzeko eta kontsumoa hautemateko moduetan sortu dituen aldaketei erantzuteko, eta baita Euskadiko kontsumo-harremanetako operadore eta subjektuei gure ingurune europarrean nagusi den araudiarekin eta formulazioekin guztiz bat datorren araudia eskaintzeko ere, merkatuaren errealitate berrietara eta kontsumo-sentsibilitate eta -joera berrietara egokitutako formulazio juridikoekin.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen irizpenak zenbait gogoeta espezifiko jasotzen ditu, aztertutako testua hobetzeko proposamen gisa. Hala, adibidez, interes orokorreko oinarrizko zerbitzuak definitzen dituen 3. artikuluan, uste du telefonia-zerbitzuak ere sartu behar direla. Babes bereziko eskubideen barruan, elikagaiez gain, etiketei, informazioari, publizitateari, osaerari eta kalitateari arreta berezia eskaintzea eskatzen duten produktuei farmazia-produktuak eta sendagaiak gehitzea gomendatzen da.

Bestalde, EGABek, kontsumo arduratsuaren sustapenarekin, sentsibilizazioarekin eta hezkuntzarekin zerikusia duten aldaketak iradokitzen ditu artikuluen zenbait puntutan.  Zehazki, hezkuntza- eta prestakuntza-jarduketen helburuak zerrendatzean, hau adierazten da: “beharrezkotzat jotzen dugu kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hezkuntzak eta prestakuntzak lortu nahi dituzten helburuen zerrenda luzatzea, eta ingurumena errespetatzen duen kontsumoarekin, elikagaiak xahutzea saihestearekin, jasangarritasunarekin, gizarte-erantzukizunarekin eta kontsumo-ondasunen ekonomia zirkularra kontsumo jasangarrirantz sustatzearekin erlazionatutako helburuak sartzea”, zehazten du EGABek.