Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egokitzat jotzen du "Industria Garatzeko eta Nazioartekotzeko 2021-2024 Plana" izapidetzea, irizpenari erantsitako oharrekin. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egin du.
Planaren xedea da suspertze ekonomikoa bizkortzea, izaera industrial nabarmenarekin, kalitatezko enplegua sortzeko eta eraldaketa digitalak, energetiko-klimatikoak eta demografiko-sozialak bere gain hartzeko, ekoizpen-egituraren lehiakortasuna indartzeko aukera gisa, eta, aldi berean, ingurumen-irizpideak politika sektorial guztietan integratzea, ez baldintzatzaile gisa, baizik eta balioa sortzeko lehiakortasunerako eta aukerarako eragile gisa.
Irizpenean, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak gogoeta egin du lau urteko plan berri hau egin den abagunearen inguruan: testuinguru sozioekonomiko eta sanitario berezia, covid-19aren pandemiaren ondorioz, eragin ekonomiko eta sozial larria eragin duena. Horri buruzko datu adierazgarri batzuk gogorarazi ondoren (BPGren kontrakzioa, enpresen eta autonomoen jaitsiera, enpleguaren beherakada, hartutako neurriak, EBren ezohiko finantza-laguntzak…), Kontseiluak ohartarazi du "suspertzeko eta paradigma-aldaketarako erronka handi baten aurrean" gaudela, eta Euskadi ezin dela "atzeratuta" geratu. Horregatik, EGABek Industria Garatzeko eta Nazioartekotzeko 20212-2024 Plana babesten du, "egungo eta etorkizuneko industria-beharrei erantzuten dielako", eta positiboki baloratzen du, bere irizpenean eransten dituen kontsiderazioak alde batera utzi gabe.
Erronkak eta ahuleziak
Horien artean, lehenik eta behin, 2017-2021 aldiko industrializazio eta nazioartekotze planen ebaluazio osoagoa sartzea gomendatzen du, "jarraipeneko datu eta adierazleen erreferentzia zehatzak eginez". EGABen ustez, bidalitako proiektuan jasotako balantzea "baikorregia" da, industriaren lorpenei eta indarguneei erreparatzen dielako, ahuleziak eta mehatxuak aipatu gabe, "Euskadik nazioarteko lehiakortasuna hobetzeko alderdi asko baititu oraindik, lan-arazoei, energia-gaiei edo bide administratiboaren errazpenari lotutakoak, besteak beste".
Demografia eta enpresa-tamaina
Bide horretan, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Kontseiluak uste du bi erronka gehigarri daudela, eta ezinbestekoak direla euskal industriaren garapen egokirako. Lehenengoa demografikoa da, eta lan-merkatuko eskariari erantzuteko dagoen defizitarekin lotuta dago –2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiak 600.000 lanpostu betetzeko beharra aurreikusten du hamarkada honetarako; milioi erdi belaunaldi-erreleboa egiteko eta ehun mila, berriz, sortze berriko lanpostuetarako-, eta gai hori funtsezkotzat jotzen du Kontseiluak.
Bigarren erronka enpresa-tamainarekin lotuta dago, "oraindik ez da nahikoa eta eragozpena izaten jarraitzen du"; beraz, EGABek uste du ez litzatekeela Planaren erreferentzia partzial huts gisa hartu behar, baizik eta "palanka esplizitu eta bereizi bat osotu beharko lukeela, asmo handiko estrategia argi batekin, eta jarduera zehatz eta esplizituekin, enpresa eta industrien tamaina handitzea sustatzeko".
Kalitatezko enplegua eta eragile ekonomiko eta sozialen parte-hartzea
EGABen irizpenak ere nabarmendu nahi du "enplegua mantentzeko eta sortzeko konpromisoaren" garrantzia planean, lehiakortasunari lagunduko dion kalitatezko enplegu inklusibo batean oinarrituta. Eta eragile ekonomiko eta sozialen parte-hartzeari dagokionez, Kontseiluak positiboki baloratzen ditu plana egiteko egindako bilerak, eta parte-hartze horrek planaren gobernantzan eta jarraipenean segitzea nahiko luke, proiektuan horrela jaso ez arren. Hori dela eta, "planaren ezarpenean, jarraipenean eta ebaluazioan eragile ekonomiko eta sozialen parte hartzea proposatzen du Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren bidez”.