Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egokitzat jotzen du "EAEko Etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak arautzen dituen Dekretu-proiektua" izapidetzea, irizpenean adierazitako oharrekin. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak egin du.
Dekretuaren xedea da EAEn kokatutako etxebizitzek eta zuzkidura-bizitokiek bete behar dituzten gutxieneko bizigarritasun-baldintzak ezartzea, bai eta horiek hartzen dituzten eta nagusiki bizitegitarako erabiltzen diren eraikinek bete behar dituzten baldintzak ere, duinak, egokiak eta irisgarriak izango direla bermatzeko. Halaber, babes publikoko etxebizitzek kalifikaziorako errespetatu behar dituzten diseinu-arauak zehazten ditu testuak.
Irizpenean aztertutako dekretu-proiektuak etxebizitzen bizigarritasuna arautzen du; hau da, bizi-proiektu bat garatzeko aukera ematen duen espazio bat, horretarako oinarrizko baldintza batzuk beteta: azalera eta altuera, konfort termikoa, ekipamendua, osasungarritasuna, irisgarritasuna, erabilera eta mantentzea, ahaztu gabe etxebizitzek behar duten malgutasuna edo aldakortasuna bizitzako etapa guztietara egokitzeko, bai eta premia berrietara eta bizimodu modernoetara moldatzeko ere.
Etxebizitza berriaren bizigarritasun-baldintza horiek sustapen libreko etxebizitzarako zein etxebizitza publikorako dira, baina azken horrek diseinu-arau batzuk bete behar ditu, eta horietan etxebizitzaren gehieneko azalera baldintzatzen da bizitegi-programaren bidez; gauza bera gertatzen da zuzkidura-bizitokiekin. Guzti hori kontuan hartuta, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak uste du araua "aproposa eta egokia dela, bateratzea ahalbidetzen duelako, eta idazketa zehatza eta teknikoa delako".
Bizigarritasun-ezaren adierazpena lehengoratzeko epea
Euskadiko batzorde aholkulariaren irizpenak zenbait ohar espezifiko jasotzen ditu proposamen gisa, aztertutako testua hobetzeko asmoarekin. Hala, Kontseiluak adierazten du dekretu-proiektuak ez duela zehazten zenbat epe bat bizigarritasunaren aldetik egokia ez den etxebizitzaren adierazpena lehengoratzen saiatzeko. Birgaitzekoak ez diren etxebizitzetan eta zuzkidura-bizitokietan su-itzalgailuak eta ebakuazio-planak jartzeko derrigortasuna azaltzea legean gomendatzen du irizpenak, alderdi hori beste araudi batzuetan araututa egon arren, “ez litzateke soberan egongo araudi horretan esplizituki agertzea".
Salbuespen-kasuei dagokienez, eraikinen eta lurzatien morfologia bereziak eta konplexuak bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak betetzea eragozten duten kasuetan -betiere hirigintza-plangintzak hala aurreikusten badu-, arauari testu hau gehitzea proposatzen du Kontseiluak: "Eta betiere erabilera, kontserbazio, osasungarritasun, higiene eta segurtasun egoera onean badaude".
Azkenik, terminoen eta kontzeptuen definizioak arau-testuaren hasieran jasotzea iradokitzen du, azken eranskinean jarri ordez, dokumentua ulergarriagoa izan dadin.