Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
asteazkena, 18 azaroak 2020

 

  • EGABek egokitzat jo du hutsik dauden etxebizitzak arautzen dituen eta haien funtzio soziala betetzeko neurriak ezartzen dituen dekretu-proiektua izapidetzea, irizpenean egindako oharrekin.
  • Proiektuak askotariko ekimenak jasotzen ditu: alokairua bultzatzeko neurriak, kanon bat ezartzea, alokairua eta etxebizitzen eta eranskinen nahitaezko desjabetzea, besteak beste.
  • Kontseiluak uste du "murritza" dela bi urte baino gehiagoz okupatu gabeko etxebizitza huts baten deklarazioa saihesteko arauan aurreikusitako arrazoien zerrenda.
  • Etxebizitza bat hutsik dagoela egiaztatzeko enpresa merkaturatzaileei titularren kontsumoak eskatzea "beharrezkoa ez den esparru pribatuan sartzea” dela dio EGABek.
  • Euskadin 33.000 etxebizitza huts baino gehiago daude, Etxebizitzako Behatokiaren arabera. Hamabost mila, bi urte baino gehiago hutsik dauden etxebizitzak dira.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egokitzat jo du hutsik dauden etxebizitzak arautzen dituen eta benetan okupatuz eginkizun soziala betetzeko neurriak ezartzen dituen dekretu-proiektua izapidetzea, irizpenean atxikitako oharrekin. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak bidali du, erakunde-kontseilu aholkulariak azter dezan.

Etxebizitza bat izateko eta benetan gauzatzeko eskubidea aitortzen duen Euskadiko Etxebizitzaren Legeak (3/2015 Legea) jauzi kualitatibo bat egin zuen hura praktikara eramateko, aitorpen hori eskubide subjektibotzat hartu eta etxebizitzaren eginkizun sozialaren edukia definitu baitzituen. Aztertutako dekretu-proiektuak aipatutako legearen araua garatzen du hutsik dauden etxebizitzei eta haien funtzio soziala betetzeko neurriei buruzko alderdietan. EGABek egokitzat jotzen du ekimena.

33.000 etxebizitza huts baino gehiago

Etxebizitzako Behatokiaren arabera, 33.466 etxebizitza huts zeuden Euskadin 2019an, eta horietatik hamabost mila, bi urte baino gehiago jenderik gabe, hutsik zeuden etxebizitzak ziren.

Irizpenaren xede den arau-proiektu honek hainbat ekimen jasotzen ditu gai honen inguruan. Besteak beste, alokairua sustatzeko neurriak bultzatzea, kanon bat jartzea eta bestelako neurri hertsatzaileak ezartzea, hala nola nahitaezko alokairua eta etxebizitzen eta eranskinen nahitaezko desjabetzea. Kontseiluak egokitzat jotzen ditu neurri horietako batzuk, hala nola birgaitzeko laguntzak, Bizigune programa edo bitartekaritza-programa, "hutsik dauden etxebizitzen titularrak, merkatuan eskaintzera bultzatzen baitituzte; eta jabe horien askatasuna eta eskubide legitimoak errespetatuz egiten dute hori". Beste neurri batzuk ere "zentzuzko terminoetan diseinatzen badira, justifikatuta" daudela uste du, hala nola jenderik gabeko etxebizitza deklaratzeko eta horri dagokion erregistroan inskribatzeko prozedura, edo karga estrafiskal gisa konfiguratutako urteko kanona. Nahitaezko alokairuari eta nahitaezko desjabetzeari dagokienez, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak gogorarazi du "herritarren oinarrizko eskubideei eragiten diela eta agintari publikoen esku dagoen azken baliabidea izan beharko lukeela"; beraz, "atal honen planteamendua eta idazketa nabarmen hobetzea" gomendatzen du, bermeak zorroztuta, diskrezionalitatea murriztuta eta alarma soziala sortzeko arriskua saihestuta.

Okupaziorik eza justifikatzeko arrazoiak

Batzordearen ustez, "Bereziki garrantzitsua" da bi urte baino gehiagoz okupatu gabeko etxebizitza hutsen deklarazioa saihesteko arrazoiak zehatz ezartzea. EGABen ustez, dekretu-proiektuan aurreikusitako salbuespenen zerrenda "murritza" da, eta, adibide gisa, kontuan hartu ez diren kasu batzuk aipatzen ditu (erabilera eragozten duten jaraunspen gatazkatsu luzeak, prozedura administratibo edo judizialetan sartuta dauden etxebizitzak…).

Etxebizitza bat hutsik dagoela egiaztatzeko baliabideei dagokienez, enpresa merkaturatzaileei titularren kontsumo-datuak eskatzeko aukera “beharezkoa ez den esparru pribatuan sartzea” dela uste du EGABek

Azkenik, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak azpimarratzen du igorritako proiektuan txosten ekonomikorik ez egoteak ez diola aukerarik eman arauaren finantza-inplikazioak baloratzeko, "are gehiago diru-bilketarako gaitasuna duen tresna bat kontuan hartzen duenean, hala nola, kanon estrafiskala".

Irizpena ikusi