Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari egokia irudi zaio Gazteriaren Euskal Autonomia Erkidegoko Legearen aurreproiektua izapidetzea, kontsulta organo honek irizpenean egin dituen gogoetak kontuan hartuta. Aztertutako testua Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketarako Sailak igorri du.
Aurreproiektuaren xedea da arau- eta eskumen-esparrua ezartzea Euskadin gazteria-politika garatzeko, «araudia oso zatikatuta baitago gai horretan». Hori dela eta, EGABek modu positiboan baloratzen du, eta egokitzat jotzen du gazteen alorrean administrazioek dituzten eskumenak eta zereginak arautu eta koordinatuko dituen lege-testu bat egitea, zeinak aldi berean gazteen emantzipazioa sustatuko duen eta gazteen zeharkako politikak koordinatuko dituen.
Kontseiluak aztertutako testutik alderdi positibo hauek nabarmendu ditu, besteak beste: laneratzea sustatzea, gazte-ekintzailetza, koedukazioa edo berdintasuna. Dena den, adierazi du aukerari ez zaiola probetxurik atera, ez baitira «osoagoa izateko askotariko araubidezko arautegia eta beste lege batzuk txertatu».
Gazteen potentzialtasunak
Irizpenean gomendatu du arauaren zioen azalpenaren egitura eta edukia berrikustea eta gazteen potentzialtasunen eta politika publikoen indarguneen balioa nabarmentzeko, «figura aktiboa (ekarpenak egiten dituzten pertsonak) eta pasiboa ere bai (babesa duten pertsonak)». Bestalde, arauaren gai garrantzitsu batzuk gehiago garatu behar direla uste du (lan-munduarekin zerikusia dutenak; generoaren berdintasun ezaren aipamenak, ordainsarien berdintasuna edo sistemaren zeharkako politikak benetan koordinatzeko aukera emango duen gazteriari buruzko Euskal Estrategiaren gobernantza-organo bat ez egotea). Horrez gain, klausula batzuk berrikustea gomendatu da, besteak beste: organo eta erregistro berriak ad hoc sortzea; izan ere, «baliteke dagoeneko existitzen diren organo eta erregistroen bitartez egin ahal izatea», administrazioaren sinplifikazioa lortze aldera.
Amaitzeko, Kontseiluak eskatu du legean belaunaldien arteko dibertsitatearen kudeaketa aintzat har dadin, «euskal gizartea zahartzen joan ahala, jorratu behar dugun kontu garrantzitsua baita». Beharrezkotzat jotzen dute haurtzaro, nerabezaro eta gazteriaren alorren arteko koordinazio eta kooperazio handiagoa egitea 12-18 urteko tartean, bai eta garapenerako kooperazioa bultzatzeari buruzko artikulua berrikustea ere, gizarte-eraldaketarako hezkuntza eta garapen jasangarri barne har ditzan.