Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egokitzat jo du familia eta laneko bizitza bateragarri egiteko laguntzei buruzko dekretuaren proiektua izapidetzea, kontsulta-organo honek bere irizpenean egindako gogoetak kontuan hartuta. Proiektua Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak igorri du, premiaz izapidetu dadin.
Arlo horren gaineko aurreko dekretua (177/2010, ekainaren 29koa) ordezkatzen duen arauak laguntza ekonomikoen, zerga-pizgarrien eta erantzunkidetasun- eta kontziliazio-neurrien sistema hobetu eta hedatu nahi du eta sentsibilizazio- eta prestakuntza-neurriak sustatu nahi ditu etxeko lanak eta zaintza gizonen eta emakumeen artean banatzeko. EGABek modu positiboan baloratu du proiektua, “laguntzen kontziliazioan eta orokortzean erantzunkidetasunarekin lerrokatuta duen ikuspegiarengatik”; familia eta haurtzaroaren aldeko euskal itunean sinaturiko helburuak. Nolanahi ere, konpondu ez diren edo hobetu daitezkeen zenbait alderdi azpimarratu ditu.
Premiazko izapidetzea
Horietan sartu aurretik, irizpenak aurretiko zenbait gogoeta sartzen ditu, esate baterako, gobernuak eskaturiko “premiazko” izapidetzeari dagokiona, erantzuteko epeak erdira laburtzen dituen formula bat, kasu honetan eragozpen gisa hartzen dena, izan ere, “irizpen horren luzera eta garrantzia dela eta, denbora-tarte handiagoak beharko lirateke behar bezala eztabaidatzeko eta artikuluen gaineko proposamenak ekartzeko”.
Irizpenean jasotzen diren aldez aurretiko beste alderdietako bat gobernuak proiektuaren kontsulta-izapidean zehar aurkezturiko hobekuntza-proposameni emandako erantzunarekin lotuta dago eta horren arabera, “frustragarriak dira Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzak hobekuntza-zuzenketa jakin batzuk bere gain ez hartzeko erabilitako argudioak”, gobernuak positibotzat jo dituen arren; “logikaz, ahaleginak bikoiztu beharko lituzke proposamen horiek gauzatu daitezen”.
EGABek azpimarratu du laguntza ekonomikoekin batera ezinbestekoa dela “zerbitzuen eskaintza zabal bat izatea, familiei nahi duten seme-alaba kopurua izatea eta beren bizitzako esparru desberdinak behar bezala bateratzea ahalbidetuko diena”; gogoeta hori dagoeneko egin zuen pasa den urtean Kontseiluak aurreko irizpen batean (4/2018 Irizpena, martxoaren 9koa).
Kontziliazio erantzunkidea
Irizpenak dekretuak kontziliazio erantzukidearen eta berdintasunezko tratamenduaren kultura sustatzeko jasotzen dituen berrikuntzak babesten ditu. Hala ere, gizonen diskriminazio positiboko neurriei dagokienez orain arte lortu diren emaitzen balorazio kritiko baten falta sentitzen du, erantzunkidetasunaren esparruan aurrera egiten jarraitzeko, izan ere, “aipaturiko gozamen-jardunaldietako hazkundeez haratago, baloratu beharko litzateke beren onurarako beharrezkoak diren baldintzetako batzuk genero-desberdintasunen elementu zuzentzaileak diren ala ez, edo, aitzitik, horiek betikotzen dituzten”. Esparru horretan, EGABek pizgarri ekonomikoa ez baztertzea proposatzen du, gizonen inplikazioa handiagoa lortzeko bitarteko gisa (betiere, sentsibilizazio-kanpainekin batera aurkeztu beharko litzatekeen neurri bat).
Azkenik, euskal kontsulta-organoak laguntzen orokortzea bermatzen du, inklusiboagoak izan daitezen eta familia gehiagorengana iritsi dadin. Era berean, kolektibo jakin batzuentzako xedaturiko laguntzen hazkundea ere bermatzen du, Arartekoak 2014ko bere txostenean emandako gomendioen ildo beretik. Esparru horretan, EGABen arabera, oraindik hobekuntza-tarte bat dago egoera partikular jakin batzuen estaldura, zenbait laguntzetatik kanpo geratu ez daitezen.