Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egokitzat jo du “Mendekotasunen arloko ibilbide profesionalen eta jardunbide egokien aitortza sortu eta zehazteko” dekretu-proiektuaren izapidetzea, aholku-batzorde honek egindako gogoetekin batera.
Mendekotasunen arloko ibilbide profesionalen eta jardunbide egokien aitortza publikoa Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko Legean (apirilaren 7ko 1/2016 Legean) txertatuta dago, bai eta 2017-2021 VII. Mendekotasunen planean ere. Hori dela eta, EGABek positiboki baloratzen du dekretua. Dena den, zenbait gogoeta gehitu nahi ditu. Hala, besteak beste, ez du uste egokia denik aitortzen esparrua Euskal Autonomia Erkidegora mugatzeko baldintzak ezartzea. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bidalitako dekretuak EAEn garatutako ibilbide profesional, erakunde eta pertsonetara mugatzen ditu aitortzak. Bada, EGABen iritziz “araua gehiegizkoa da, nekez justifika daitekeelako Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko 1/2016 Legearekin, lege horrek ez du halako mugarik ezartzen eta”.
Euskal batzorde aholku-emaileak baldintzak desegokiak izan daitezkeela ohartarazi du: “Izan ere, EAE bezalako lurralde txiki batean ez da komeni hautagaien sorta murriztea”. Batzordearen iritziz, aukerak zabaltzea egokiagoa izango litzateke, “sariaren ospea sarituenekin atzera elikatu ahal izateko”.