Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egokitzat jo du “Alkoholdun edariak, tabakoa eta nikotina aska dezaketen gailuen arloko seinaleztapenari” buruzko dekretu-proiektuaren izapidetzea, aholku-batzorde honek egindako gogoetekin batera. Testua Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bidali du.
Arlo horietako seinaleztapenaren jatorria Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko Legean dago (apirilaren 7ko 1/2016 Legean). Lege horrek alkoholdun edarien, tabakoaren eta nikotina aska dezaketen gailuen kontsumoa, salmenta, horniketa, sustapena eta publizitatea mugatzen ditu. Gainera, muga horiek kartelen bidez adierazteko betebeharra ezartzen du. EGABek honako hau gogorarazi du lege horri buruz: “mugarri eta gako izan zen mendekotasunak sor ditzaketen substantzia legalen eskaintza murrizteko”. Bada, ildo horretatik, positiboki baloratu du bidalitako dekretua: “Izan ere, hiru urteko atzerapenarekin bada ere, modu zehatzean jasotzen ditu muga horietako batzuk seinaleztatu behar dituzten kartelen edukien eta formaren inguruko arauak, bai eta seinaleztapen horren erantzukizuna eta hori ez betetzeak ekar ditzakeen zigor eta arau-hausteak ere”.
Kanpotik ikusteko moduko kartelak
Euskal batzorde aholku-emaileak zenbait gogoeta erantsi ditu bere erantzunean; besteak beste, dekretu horrek araututakoari buruzko kartelak establezimenduen sarreran eta kanpotik argi ikusteko moduan jarri beharko liratekeela. Horrez gain, eskatu du seinaleetan txertatzeko tabakoa saltzeko makinetan adingabeen kontrolerako sistema aktibatuta izateko betebeharra. “Establezimenduetako titularrei” erantzukizunak egozteari dagokionez, EGABek eskatu du kontzeptu hori argitzeko; izan ere, ez dira gauza bera jabea, ustiatzen duena eta ustiapenaren titularra.
Azkenik, batzordeak oso positiboki baloratu du kartelen ereduak webgune batetik deskargatzeko aukera: “Izan ere, dekretuak ezarritako betebeharrak betetzea errazten du”. Horrez gain, komenigarri iruditzen zaio “seinaleztapena modu egokian egiteko jarraibideak bide beretik eskaintzea”.