Bilbon, 2019ko otsailaren 25ean
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak joan den urtean lege-aurreproiektu, dekretu-proiektu eta arau-aldaketei buruz 16 irizpen egin zituen, erakundearen jarduerei buruzko memorian jasotakoaren arabera. EGAB Eusko Jaurlaritzaren eta Legebiltzarraren kontsulta-erakundea da eta bere zereginen artean dago nahitaez ekonomia- eta gizarte-politikarekin zerikusia duten proiektu eta arloei buruz txostenak egitea. Beraz, bere jarduera-eremua zabala da eta joan den ekitaldian Eusko Jaurlaritzak kontsultarako bidalitako gaiak oso anitzak izan ziren. Horien guztien irizpenak egin zituen Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak. Ildo horri eutsiz, hona hemen landu ziren gaiak: amaren esne-bankua sortzea; adinekoentzako egoitzak; horietan dauden farmaziak eta sendagaien gordailuak; etxebizitza partikularrak turismorako erabiltzea; eraikinen azterketa teknikoa (EAT) arautzea; langilerik gabeko gasolindegiak; familia-harrera; Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako VII. Plana; ikuskizun publikoen araudia; adingabe atzerritarrak behin-behinean EAEra lekualdatzea; fundazioen arautegia eta aurreko dekretuak aldatzeko proiektuak, hala nola seme-alabak dituzten familientzat diru-laguntzei buruzkoa, gizarte-larrialdiko laguntzei buruzkoak; hilaren osasunari buruzko araudia; edo kooperatibei eta enplegu publikoari buruzko legearen aurreproiektuak.
“Gure irizpen-jardueran urte bizia izan da, bereziki, 2018ko lehenengo seihilekoa, kontsulta-eskaera gehiena metatu baitzuen. Gizarte eta ekonomia arazoei buruzko nahitaezko irizpenak egitea Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean ardatz nagusia da, baina ez da, ezta gutxiago ere, funtzio bakarra”, azaldu du Francisco José Huidobrok, Euskadiko EGABren batzordeburuak.
Memoria sozioekonomikoa eta euskal gaztediaren enplegagarritasunari buruzko azterlana
Izan ere, EGABk ekimen propioko azterlanak egiten ditu, besteak beste, urteko memoria sozioekonomikoa, estatistika eta aldagai sozioekonomikoak jasotzen dituena, iturri alderatuetatik lortu ondoren. Horiek Batzordean ordezkatutako eragileek aztertu eta eztabaidatzen dituzte. Modu horretan, agiriak balio erantsia du, bildutako datuen zehaztasuna osatzeko.
Halaber, EGABk aldizka ekimen propioko azterlanak burutzen ditu, une bakoitzean interesgarritzat jotzen dituen gaiei buruz. Joan den urtean halako azterlan bat amaitu zuen eta “EAEko gazteriaren enplegagarritasuna eta lan-merkatuan sartzea Europako eskualdeen arteko ikuspegi konparatuaren arabera” izan zen gaia. Lanak Euskadin demografia, hezkuntza eta lan-merkatuaren panorama lantzen du eta enpleguaren etorkizuneko ezaugarriak definitzen ditu, 4.0 testuinguruan horren bilakaerari aurrez ikus dakizkiokeen joerak kontuan hartuta. Horrez gain, EAE erreferentziazko hiru europar eskualderekin alderatu du: Baviera, Flandes eta Eskozia. Batzordearen gainerako lanetan gertatzen den bezala, azterlana eztabaidatu zen eta ekonomia- nahiz gizarte-eragileek egindako balorazioak erantsi ziren.
Europar Batzordearen Estrategia Atlantikoari ekarpenak
Euskadiko EGABk jarduera nabarmena du europar eremuan. Izan ere, estuki lanean dihardu beste ekonomikoa eta gizarte arazoetarako batzorde batzuekin euroeskualdearen ikuspegitik edo ikuspuntu atlantikotik gaiek interes erkidea badute. Arlo honetan, Euskadiko EGABk europar eztabaida-gune desberdinetan esku hartzen du eta gaur egun Sare Transnazional Atlantikoaren (STA) burua da. Nolanahi ere, erakunde horrek joan den ekitaldian jarduera bizia izan zuen, Europar Batzordeak Atlantikoko Ekintza Plana denboraldiaren erdian ikuskatu zuelako eta aipatu entitateak ekarpenak gauzatu zituelako. Xede horrez, STAk Estrategia Atlantikoaren arrakasta-baldintzei buruzko txostena burutu zuen eta europar erakundeen aurrean Bruselan aurkeztu zen. Gero, beste europar udalerri batzuetara, besteak beste, Bilbora hedatu zen. Bertan dago Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen egoitza eta nahasitako Euskadiko operadoreekin bildu zen.
Jardueren Txostena