Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen ustez “bizian zehar ikaskuntza-jarduerak egiteko laguntzak” arautzen dituzten dekretu-proiektua izapidetzea egokia da, kontsulta organo honek egin dituen gogoetekin. Testua Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bidali du.
2012. urtean halako laguntza-motak arautu zirenetik (azaroaren 27ko 248/2012 Dekretua), lege-aldaketak izan dira eta, ondorioz, diruz lagun daitezkeen jardueren ezaugarriak eta baldintzak berriz definitu behar dira, “bizian zehar ikasteko legeak” (urriaren 10eko 1/2013 Legea) xedatzen dituen helburuekin eta hezkuntza nahiz prestakuntzaren arloan europar gomendioekin bat etortzeko.
EGABk gogorarazi du bizian zehar euskal ikaskuntza-sistemak honako helburuak dituela: herritarrei berdintasunezko baldintzetan sarbide unibertsala bermatzea eta enplegagarritasuna optimizatzeko lanbide-gaitasunak hobetzea, ikaskuntza iraunkorraren inguruan kultura sendoa sustatzearekin batera.
Eusko Jaurlaritzak bidalitako testua aztertu ostean, Batzordeak positiboki balioztatu du dekretu-proiektua, baina zenbait gogoeta egin ditu. Besteak beste, laguntzak adjudikatzeko eskaerak aurkeztean ebaluazio-irizpideekin zerikusia dutenak dira. Batzordearen iritziz, “helburuen egokitasuna eta proposatutako jardueraren kalitatea ziurtatzeko irizpideak sartu beharko lirateke”.