Euskadiko EGABren iritziz, “Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioen araudia onartzeko dekretu-proiektua” izapidetzea egokia da, kontsulta-organo honek egin dituen gogoetekin. Proiektuak testu bakarrean elkartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzari eta Erregistroari dagozkien araudiak, Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioen legeak (ekainaren 2ko 9/2016 Legea) agintzen duen moduan. Ekimena Eusko Jaurlaritzako Gobernamendu Publikorako eta Autogobernurako Sailak bidali du.
EGABk fundazioen legeari buruz araubidezko garapen-ekimena positiboki balioztatzen du. Hala eta guztiz ere, hainbat alderdi kontuan hartu beharko lirateke, besteak beste, jarduerak egiaztatzeko espedientearen ingurukoa. Legeak aipatutakoaren arabera, halako espediente-mota “arautegian xedatutako prozeduraren bidez” gauzatuko da. Baina, EGABk egiaztatutakoarekin bat, arau berezi horiek Eusko Jaurlaritzak bidali duen araudiaren testuan ez dira azaltzen.
Halaber, Euskadiko kontsulta-organoaren irizpenak Babesletzaren Aholkularitza Batzordea eratzearen erabilgarritasuna zalantzan jartzen du, “itxuraz, eremuan aginpideak izanik, gobernu-sailek txostenak egiteari ez baitio balio erantsirik eskaintzen".
Bestalde, merkataritza-sozietateetan fundazioen partaidetza arautzeko “erraztasunaz eta malgutasunaz” ohartarazten du EGABk. Izan ere, “lardaska ekonomikoen egoerak sor daitezke, fundazioek irabazi-asmorik ez dutela kontuan hartuta”.
Azkenik, Batzordearen ustez, garapenerako kooperazioarekin batera “garapenerako hezkuntzaren” kontzeptua sartzea komenigarria litzateke, “kooperaziorako funtsezko prozesua baita eta herritarrek garapen-politika eraginkor eta kalitatezkoan nahasi eta parte hartzea baitu xede. Horretarako, elkartasunarekin, gizarte-justiziarekin eta giza eskubideekin zerikusia duten ahalmenak, balioak eta jarrerak ezagutu eta garatu beharko dituzte”.