Euskadiko EGABk egokitzat hartzen du “euskal enplegu publikoari buruzko legearen aurreproiektua” izapidetzea, irizpenean egindako gogoetekin. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak egin du.
Irizpenaren aurreproiektua “zabala eta konplexua” da. Euskal enplegu publikoa, hau da, euskal administrazio publiko guztietako lanpostuen multzoa antolatu, lege araubidea definitu eta kudeaketa tresnak arautzea du helburu. Egungo legedia (6/1989 Legea, uztailaren 6koa, euskal funtzio publikoari buruzkoa) ia duela hiru hamarkada onartu zen eta, harrezkero, araudi aldaketak izan dira euskal enplegu publikoaren sisteman elementu berriztatzaileak sartzeko eta erronka berriei hobe egokitzen zaien legeria berria egituratzeko. Beraz, EGABren iritziz, “oso beharrezkoa da enplegu publikoaren lege proiektu berria egitea”.
Irizpenean EGABk aztertutako testua halako lehenengoa ez dela gogorarazi du. Batzordeak 2015ean beste antzeko aurreproiektu bati buruzko iritzia azaldu zuen, baina hurrengo urtean Legebiltzarrean izapidetzean zapuztu egin zen, hauteskundeetarako deialdia egin zelako. Egungo aurreproiektuak 2015eko testuaren funtsa aldatzen ez duenez, EGABk aurreko erantzunean adierazitako gogoetei berriz eutsi die eta irizpen honetan abiapuntu modura hartu ditu.
Negoziazio kolektiboa eta zuzendaritza postu profesionalak
Hala, EGABren ustez, adibidez Administrazio Publikoen Negoziazio Mahai Esparrua eraginkortasunez eratu beharko litzateke, aukera bezala planteatu gabe, aurreproiektuak xedatutakoari jarraiki. Aurrekoaren harira, Batzordea negoziazio kolektiboaren organoekin administrazio publiko desberdinetako langileen lan baldintzak berdintzeko aurrerapausoak eman daitezkeelakoan dago, gaur egun erkatuz gero, dauden ezberdintasunak gainditzeaz gain.
Bestalde, Jaurlaritzaren aurreproiektuak gatazka kolektiboak judizioz kanpo ebazteko bitartekaritza eta arbitraje organoa sortzea aurrez ikusten du. Horren ordez, EGABk Lan Harremanetarako Kontseiluak (Preco zerbitzua) eskaintzen dituen zerbitzuak aprobetxatzea proposatzen du, “organo osagarririk sortu gabe, dauden baliabideak eraginkortasun handiagoz erabiltzeaz gain”.
Halaber, duela hiru urte formulatutako bestelako gogoeta errepikatzen du, hain zuzen ere, zuzendaritza profesionalaren lanpostuak administrazioaren beraren langileentzat gordetzea eta kanpoko langileak kontratatzea salbuespentzat jotzea. Atal honetan EGABk positiboki balioztatzen du egungo aurreproiektuak zuzendaritza postu profesionala betetzeko bost urtetik gorako epea zehaztea, Batzordeak emandako gomendioaren arabera, legealdi bakoitzeko izendapen politikoei lotua ez gelditzeko.
Behin-behineko enplegua eta hizkuntza eskakizunak
2015ean beste ohar bat bidali zen eta berriz azpimarratzen da. Behin-behineko enplegua finkatzearen ingurukoa da. Nolanahi ere, gai horrek Batzordeari kezkatzen dio, behin-behinekotasunaren maila altua baita. Ildo horri eutsiz, “justifikatzea zaila suertatzen den anomalia da”.
Hautespen eta hornidura prozesuetan hizkuntza eskakizun eta euskararen erabilera normalizatzeko planei dagokienez, irizpenak 2015ean adierazitako zuhurtzia errepikatzen du. Pertsonen karrera profesionalean ondorioak egon daitezke, beren borondatez kanpo gelditzen diren arrazoiengatik, lanposturako zehaztutako hizkuntza eskakizuna egiaztatzen ez badute. Halaber, esleitutako hizkuntza eskakizuna nahitaez betetzeko orduan, adina salbuesteko arrazoi objektiboa izan daiteke. EGABren esanetan, “helburua tokiz aldatzeko lehiaketetan partaidetza eta mugikortasunaren bidez barne sustapenaren aukerak ez blokeatzea da”.
Azkenik, EGAB harrituta dago egungo aurreproiektuan berdintasun planetarako xedapen gehigarria ezabatu delako. Bere iritziz “ezinbestekoa da berreskuratzea eta, bide batez, esku-hartze ildo eta gidalerro zehatzekin konpromisoa formalizatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan administrazio publikoen jarduera orientatzeko”.