Euskadiko EGABren iritziz, “Euskal Autonomia Erkidegora adingabe atzerritarrak aldi baterako etortzeko programei buruzko dekretu proiektua” izapidetzea egokia da, kontsulta organo honek egin dituen gogoetekin. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketarako Sailak bidali du.
Irizpena egin zaion arauak Euskal Autonomia Erkidegora adingabe atzerritarrak aldi baterako etortzeko programa humanitarioek izan behar dituzten baldintzak zehazten ditu. Duela hiru hamarkadatik hona, Euskadik adingabeak aldi baterako etortzeko programa humanitario desberdinak izan ditu eta modu horretan iritsi dira Chernobileko istripu nuklearrak eragindakoak edo Tindufeko Saharako kanpamentuetako errefuxiatuak, besteak beste. Ekimen horiek bilakatuz joan dira eta, horri eutsiz, EGABk proposatutako araudia positiboki balioztatzen du, “oso beharrezkoak diren ekimen hauek legezko esparruz hornitzen baitira”.
Gehieneko adinaren muga
Hala eta guztiz ere, EGABren irizpenak azpimarratutakoaren arabera, gehieneko adinaren mugarekin (60 urte) zerikusia duen desadostasuna azaldu du. Izan ere, dekretuak eskolatze xedez etortzen diren adingabeak zaintzeko arduradunei ipintzen die. Batzordearen ustez, adinaren muga horrek berdintasunerako eskubidea, Konstituzioaren 14. artikuluan onartutakoa, urra dezake, “bidegabezko, gehiegizko eta arrazoirik gabeko neurria den heinean, beraz, diskriminatu egiten du”. EGABren iritziz, “argi dago pertsona helduek baldintza ekonomiko hobeak eta egonkortasun emozional handiagoa izan ditzaketela zaintza beren gain hartzeko”. Ildo horri jarraiki, Batzordeari harrigarria iruditzen zaio gehieneko adin muga zehaztea eta, aldi berean, zaintza onartzeko 18 urteko gutxieneko muga mantentzea: “Ez dirudi arrazoitua eta proportziozkoa 18 urteko pertsonak 60 urtekoak baino posizio hobea izatea zaintza onartzeko orduan, bigarrenak gaitasun fisiko eta mental osoak baditu”, ondorioztatzen du Euskadiko kontsulta organoak.
Bestalde, EGABk eskolatze helburuekin adingabeen aldi baterako egonaldietan Lehen Hezkuntza erants dadin balioztatzea proposatzen du. Egungo dekretuaren idazkerak bakarrik DBH aurrez ikusten du. Azkenik, “lege segurtasunaren arrazoiak direla-eta”, bideragarria iruditzen zaio dekretuaren izenburuan ondorengoa sartzea: “arrazoi humanitarioei” buruzko aipamena, adingabeen aldi baterako joan-etorrien atzean baitago.