Komunikazioa > Prentsa-oharrak
Prentsa - Oharrak
asteartea, 10 uztailak 2018
  • 2017. urtean jarduera ekonomikoak ondoz ondo hirugarren urtez gora egin zuen. EGABren esanetan, hobetzeko egiturazko alderdiak dira energia mendekotasuna murriztea, zerbitzuetan garapen bidean dauden adarrak sendotzea eta enpresa dimentsio egokia lortzea.
  • Halaber, sektore eta adin guztietan langabezia jaitsi zen bi sexuetan. Kontratazio mugagabeak aldi baterakoa gainditu zuen, nahiz eta bigarrenak oso altua izaten jarraitu eta langabeziaren eremuan, bereziki, emakumeak dira kaltetuak, 55 urtetik gorako pertsonekin batera. EGABk lan merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituzten gazteentzat politika bereziak eskatzen ditu.
  • Demografia geldialdia kezkagarria da eta berriz ere saldo begetatiboa negatiboa izan da, biztanle atzerritarren hazkuntzarekin orekatu arren. EGABk EAEtik goi mailako titulazioa duten pertsonak irteteari buruz ohartarazi du.
  • Bizi baldintzen bilakaera positiboa, “oraindik krisiaren ondorioz galdu zen ongizatea berreskuratu gabe”. Europar herrialde nagusienetakoekin alderatuz gero, gizarte babesaren sistema onargarria da eta pentsio sistemaren defizit saldoak kezkatzen du.
  • EGABk aldarrikatutakoaren arabera, baloreetan hezi behar da eta sexismoa zalantzan jarri behar da. Horrez gain, Lanbide Heziketan eta unibertsitatean generoaren arabera dagoen banaketa garrantzitsuaz ohartarazi du.
  • Osasunaren arloan, prebentzio eta autonomia pertsonalari buruz herritarren kontzientziazioa biziagotzea eskatu du eta harrigarria iruditzen zaio EAEn alkoholaren kontsumoa.
  • Etxebizitzan, EGABk birgaitze eta alokairu babestuaren aldeko apustua egiten du, “nagusiki, euskal gazteak emantzipatzeko beharrezkoa baita”.

Bilbon, 2018ko uztailaren 10ean

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak gaur goizean Bilbon 2017. urteko txosten sozioekonomikoa aurkeztu du. Dokumentu hau urte horretan zehar Euskadiko egoera sozioekonomikoaren laburpen zehatza da eta datu estatistiko nahiz adierazle ugari ditu. Gainera, egitez arduratzen den EGABren Batzordeak gauzatutako balioztapenekin aberastu da. Horren buru Jon Barrutia, UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean dekanoa, izan da. Lana gaurtik aurrera Euskadiko EGABren web orrian kontsulta daiteke: http://www.cesegab.com/eu-es/

Ekonomia jarduera gehitzea

Ondoz ondo hirugarren urtez euskal ekonomiaren jarduera hazi da eta, bide batez, 2017. urtean enpleguak ere gora egin du. Hori guztia positiboa izan arren, EGABk bere ustez funtsezkoak diren egitura alderdi batzuk azpimarratu nahi ditu:

  • Besteak beste, Euskadiren energia mendekotasuna nabarmentzen du; izan ere, Espainiako eta Europako batez bestekoaren gainetik kokatzen da eta arazoa larriagotu da petrolioaren prezioa igo denean. EGAB energia eredua aldatzearen aldekoa da, batetik, mendekotasuna txikiagoa izateko eta, bestetik, ingurumen iraunkortasuna areagotzeko. Hala, energia aurrezpena eta eraginkortasuna sendotu beharko lirateke.
  • Beste funtsezko alderdi bat zerbitzuen sektorearen konposizioa da. Sektore tradizionaletan (ostalaritza, turismoa, garraioa) oinarritzen da eta EGABk garapen bidean dauden adarrak sendotzea gomendatzen du. Sormenarekin eta kulturarekin, osasunarekin eta hezkuntzarekin zerikusia dute. Nolanahi ere, “itxuraz, ekonomia hazkuntza handiagoa eta kalitate handiagoko enplegua izango dute”.
  • Enpresa dimentsioa beste hobekuntza eremu bat da, urritasunarengatik berrikuntza eta nazioartekotzeko prozesuei nahikoa bermeaz ezin baitzaie aurre egin. EGABk berriz azpimarratzen du enpresen kooperazio eta lankidetza estrategiak areagotu eta finkatu behar direla.

Dimentsioa da hain zuzen ere I+G+b arloari negatiboki eragiten dien arazoetako bat. EAEk Espainiako eskualdeen artean lidergoaren posizioa mantendu arren, oraindik muturreko herrialdeetatik urrun dago, beraz, “transferentziari, arrisku berriztatzaileak onartzeari eta berrikuntza teknologikoari erreparatu behar zaie”.

Okupazioa eta langabezia

Batera hartuta, 2017. urtean Euskadiko lan merkatuko adierazle gehienek aurrerapausoak eman zituzten. Hala, enplegua sortu eta langabezia murriztu zen sektore eta adin guztietan bi sexuetarako. Luzaroko langabezia (urtebete gainditzen duena) bi hamarren murriztu zen, baina oraindik langabetuen erdiari baino gehiagori eragiten dio, horrek lan merkatuan baztertzeko dakarren arriskuarekin.

  • Kontratazio mugagabeak aldi baterakoak baino biziago egin zuen gora hirugarren urtez ondoz ondo eta txandaketa arinki murriztu zen. Hala eta guztiz ere, oraindik aldi baterakotasunaren tasek oso altuak izaten jarraitu zuten eta, nagusiki, emakumeengan eragin dute. Gainera, ordainsarien tartea jasaten dute eta nahi ez den arduraldi partzialak eragiten die. Langabezia neurri handiagoan antzeman da emakumeengan eta 55 urtetik gorako pertsonengan. EGABren ustez, alderdi horiek “aldeko emaitzak zehazten dituzte eta gure Erkidegoko ekonomia eta gizarte eragile guztiek arreta handiz kontuan hartu behar dituzte”.
  • Ikasketa maila eta enplegua lortzearen arteko harremanari dagokionez, EGABk ekimen propioko azkeneko azterlanera bidaltzen du, hain zuzen ere, “EAEn gazteriaren enplegagarritasuna eta lan merkatuan sartzea” azterketara (http://www.cesegab.com/Portals/0/Libros/ESTUDIO%2014.pdf). Azterlana joan den urtean argitaratu zen eta, besteak beste, lan merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituzten gazteentzat politika bereziak behar direla azpimarratzen du.
  • Lan-merkatuaren eremuan, EGABk, era berean, lan arriskuak zorrozki prebenitzearen garrantzia nabarmentzen du, ez-beharren tasa hobetzeko (2017. urtean berriz ere gora egin zuen, heriotza izan zen istripuen kasuan izan ezik) eta aipamen berezia egiten dio negoziazio kolektiboaren egitura akordioari, sindikatuek eta ugazabek 2017ko urtarrilean sinatutakoari, alegia. Nolanahi ere, negoziazio kolektiboaren Erkidegoaren eremuak babesten ditu.

Demografia egoera kezkagarria

EAEn udal erroldaren datuek (2017ko urtarrila) baieztatutakoaren arabera, bete urtebetez demografia geldialdia izan da.

  • Laugarren urtez ondoz ondo jaiotzen eta heriotzen arteko desberdintasuna negatiboa izan zen, nahiz eta hirugarren urtez atzerriko biztanleak hazteari esker saldo begetatiboa orekatu.
  • Migrazio mugimenduen arloan, EGABk goi mailako titulazioak dituzten pertsonak EAEtik ateratzen ari direla aipatzen du. “Fenomeno honi arreta eskaini beharko zaio”.

Batzordeak ohartarazitakoari jarraiki, demografia aldaketa horiek biziagotzen ari dira eta “biztanle egituraren konposizio kualitatiboa nahiz dinamismoaren oinarriak alda ditzakete”.

Bizi baldintzak

EAEn bizi baldintzen adierazlerik esangarrienek joan den urtean aldeko bilakaera izan zuten.

  • Ildo horri eutsiz, AROPE tasa (pobrezia eta baztertze arriskuan dagoen biztanleria) 1,7 puntu jaitsi zen eta eremu guztietan onera egin zuen. Era berean, batez besteko errentak igo ziren, bai etxeko, bai biztanleko, beste adierazle batzuk murriztearekin batera, hala nola, energia pobrezia edo hila amaitzeko zailtasunak.
  • Aldagai horien multzoak berriz ere Estatuaren eta Europaren testuinguruan EAE aldeko posizioan kokatu zuen. Hala eta guztiz ere, EGABk gogorarazitakoarekin bat, hobekuntzek “oraindik krisialdian galdutako ongizate guztia ez dute berreskuratu” eta adierazleak ez dira 2008. urteko kopuruetara iritsi.
  • Halaber, familia unitateen motetan gertatzen ari diren aldaketei erreparatu behar zaie eta, horren haritik, familiarentzat zerbitzu eta ekipamenduen eskaintza zabala eman behar da. Hala, “aginte publikoek lehentasunez erantzun beharko diote horri”.

Gizarte babesa

Europar herrialde nagusienetakoarekin alderatuz gero, EAEko gizarte babeserako sistemak maila onargarria du eta Estatuko egoerara jotzen badugu, aldekoa da.

  • 2017. urtean lehenengoz murriztu zen gastua Diru-sarrerak Bermatzeko Sisteman (“gure ongizate sistema bermatzeko oinarrizko tresna”) eta DSBEren (sistemaren prestazio nagusia) hartzaileak gutxitu ziren.
  • Gizarte Segurantzako pentsioen sistemari buruz, EAEn defizit saldoa geroz eta handiagoa da eta kezkatzen du, “beraz, premiazkoa da administrazioek eta gizarte eragileek eusteko mekanismoei buruz eztabaidatzea”.

Mendekotasunari dagokionez, EGABk teknologia berrietan inbertsioa eta ikerketa bultzatzea gomendatzen du, “mendekotasuna duten pertsonei arreta hobea eta eraginkorragoa eskaintzeko aukera handiak baititu”.

Hezkuntza

EAEk berriz ere emaitza onak ditu hezkuntza-adierazle batzuetan (unibertsitatekoa ez den hezkuntza, eskolatze tasak, eskola uztea); hala eta guztiz ere, Batzordeak generoaren araberako banaketa garrantzitsua azpimarratu nahi du, bai Lanbide Heziketan, bai unibertsitateko ikasketetan.

  • EGABren iritziz, baloreetan hezi eta sexismoa zalantzan jarri behar da adin goiztiarretatik hasita. Era berean, ezinbestekoa da sexuen arteko berdintasuna sustatzea.
  • Lanbide Heziketan matrikulazioaren hazkuntza nabarmendu behar da, bereziki, lan merkatuak eskatzen dituen lanbide familietan, “beraz, adar horiek sendotzeko ahalegina mantendu behar da”.

Osasuna eta osasun sistema

Aurreko urteetan bezala, euskal biztanleek osasun onaren adierazleak dituzte eta, gainera, onera egiten jarraitzen dute.

  • Bizi itxaropena gorantz doa eta osasun eta gizarte gastua, baita mendekotasuna ere gehituz doaz. Horren aurrean, EGABk gomendatutakoaren arabera, “prebentzio eta autonomia pertsonalari buruz herritarren kontzientziazioa biziagotu behar da eta lan nahiz familia bizia bateratzearen eremuan neurriak hobetu behar dira”.
  • Batzordeak alkoholaren kontsumoari buruzko ohituren inguruan ohartarazten du, gizonei erreparatuz, EAEk Estatuan bigarren kontsumo tasarik altuena baitu. Emakumeetan altuena da, beste autonomia erkidego batzuekin erkatzen badugu.

Etxebizitza

EGABren ustez, etxebizitzaren arloan ekimen publikoak dauden etxebizitzak birgaitzearen aldeko apustua mantendu behar du. Horrez gain, merkatuan alokairu babestuaren eskaintza handiagoa jarri beharko du.

  • Horretarako, bereziki alokairura bideratuta, etxebizitza kopuru iraunkorraz hornitzea ezinbestekoa da, etxebizitza huts gehiago lortzeaz gain.
  • EGABren iritziz, alokairuaren politikak, nagusiki, gazteriaren kasuan bizitu behar dira, emantzipatzeko alderdi hori oztopoa baita. Izan ere, agerian gelditu zen EGABren ekimen propioko azterlanean.

     Laburpena eta Gogoetak MSE2017