Gonzalo Lobo Xavier, Europako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen lehendakariordea, Francisco José Huidobro, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen lehendakaria, eta Alberto Alberdi Larizgoitia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuen sailburuordea, gaur goizean EGABen egoitzan egin den “Euskal Autonomia Erkidegorako Eredu Ekonomiko Iraunkor Berrien aukerak” jardunaldiko eta osteko mahai-inguruko buru izan dira.
Europako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak (EGAB) arakatze-irizpen hau garatu berri du: “Ekonomia-eredu jasangarri berriak”. Dokumentu horren garapenean “Ekonomia Berriaren eta Gizarte Berrikuntzaren” NESI eztabaida-guneak eta Europako hainbat erakundek (Bikonsulting euskal enpresak, esaterako) hartu dute parte, aditu gisa.
Ekonomia zirkularra, lankidetzako ekonomia, guztien onuraren ekonomia, gizarte ekonomia solidarioa, ekonomia funtzionala eta finantza arduratsuak bezalako ereduen bitartez “Europan planteatzen diren ekonomia, gizarte eta ingurumen erronkei” aurre egiteko hamar gomendio aurkezten ditu irizpenak.
Besteak beste, honako gomendio hauek nabarmentzen dira: interesatuak dauden aldeen arteko lantaldeak sortzea, ikerketa eta berrikuntza arduratsua babestea, ekonomia eredu jasangarri berriei buruzko prestakuntza, eredu horiek ezartzen dituztenei finantzaketarako sarbidea bermatzea, eta balio partekatua sortzea ahalbidetzen duten elkarte publiko-pribatuen bidez proiektu pilotuak egitea.
EGABen irizpena aukera ona da ekonomia eredu jasangarri berri horien alde egiten duten eta horiek ezartzen aitzindariak diren lurraldeentzako. “Jardunaldi honek bi helburu izan ditu: alde batetik, aipatu den irizpena aurkeztea, aditu nagusiekin batera; eta beste aldetik, gomendio horiek Euskadin ezartzearen ideia aztertzea, gure eskualdea Europako erreferente bilakatzeko arlo horretan”, azaldu du Francisco José Huidobrok, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen lehendakariak, jardunaldiaren amaieran.
www.eesc.europa.eu