Bilbon, 2018ko apirilaren 6an.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak uste du EAEko Emakume eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planaren asmoekin bat datozen neurri eta baliabideen gabeziak sinesgarritasuna kentzen diola planari. Hala ere, egokitzat jo du horren izapidetzea, betiere, irizpenean jasota dauden oharrak kontuan hartuz. Plana Emakunde – Emakumearen Euskal Erakundeak bidali du.
Emakume eta Gizonen Berdintasunerako VII. Plana egin da legegintzaldi bakoitzaren hasieran plan orokor bat onartu behar delako, emakume eta gizonen berdintasunaren arloan diharduten euskal botere publikoen jarduna bideratu behar duten esku-hartzeko lerroak eta gidalerroak modu koordinatu eta orokorrean jasotzen dituen plan orokorra, alegia. Kasu honetan, proiektua EGABeri igorri zaio premiazko bidetik izapidetua izan dadin; eta horrek, Batzordeak bere erantzunaren hasieran idatzi duenaren arabera, “txostena, merezi duen sakontasunarekin heltzeko, denbora tarte laburregi eta urriegian egitera behartu gaitu”. Erantzunaren hasiera horretan, plana gauzatzean desiragarria den kontraste sozialari egiten dion erreferentzia bat ere sartu du. Ildo horretan, planean azaltzen denaren arabera, parte-hartze tekniko eta instituzionala oso zabala izan dela adierazi du; baina faltan sumatu du “eztabaidarako espazioekin ahalbidetu daitekeen ekonomia- eta gizarte-eragileen benetako parte-hartzea eta Planeko edukien inguruko iritzi-trukaketa erreal bat, ekarpen soiletatik haratago”.
Aurreko planaren antzekoa
Batzordeak gogorarazi du bizitzako esparru guztietan gizon eta emakumeen arteko berdintasun eraginkorra egotea errealitatetik oso urrun dagoela, printzipio hau testu juridikoetan jasotzen den arren. Horren harira, Euskadin sortu diren ekimen aitzindariak aipatu dira –Emakunderen sorkuntza bera: Ekintza Positiboko Planak edo Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Planak-. Irizpena ekimen horri lotuta dago eta “ontzat ematen du”, baina ezarritako epearekin alderatuta, “atzerapen handiarekin” iritsi dela azpimarratu du, izan ere, legegintzaldiaren hasieran aurkeztu behar izan zen.
Aztertu den testuari dagokionez, “metodologiaren aldetik ondo artikulatu den eta esku-hartzeko ardatzen xehetasunean oso landuta dagoen dokumentu bat” dela uste du Batzordeak, “nahiz eta aurreko planaren antzeko edukiak dituen”. Plan horietako zazpigarrena denez, eta programak eta helburuak errepikatzen direnez, organo aholku-emaileak honako hausnarketa hau egiten du: “agian sektorean esku-hartzeko planak proposatzeko momentua iritsi da, plan horiek mugatuagoak direnez hobeto gauza daitezkeelako”.
Aurreko plana ebaluatu gabe
Emakundek aurkeztu duen proiektuak zazpigarren planaren abiapuntua aurreko planaren (Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako VI. Plana) ebaluazioa dela adierazten duen arren, EGABek azpimarratu du ez dagoela halako ebaluaziorik; “honek harritu egiten du, eta ulertzeko zaila den omisio bat da”. Batzordearen iritziz, ebaluazio horren emaitzen aurkezpena “ezinbestekoa da abiapuntu gisa eta hori barik irakurleak ez du aurreko planaren gauzatzearen emaitzen inguruko inolako erreferentziarik eta, ondorioz, ez daki helburuetako bakoitza zein neurritan erdietsi den”.
Neurri zehatzik ez
EGABek, bestalde, “ahultasun puntu bat” hauteman du Planaren konpromisoan, izan ere, esku-hartzeko lerro orokorrak deskribatzen ditu baina helburuen garapena Eusko Jaurlaritzaren sailen eta erakunde parte-hartzaileen esku uzten du. Batzordearen ustez, neurri zehatzik ez ezartzea Planaren gabezia orokor bat da eta planak neurriak bezala azaldu dituen jarduketek “ez dute horrelako izaerarik, helburu baten izaera dute gehiago”.
Irizpenak Planaren gauzatze eraginkorrerako nahikoa izango den aurrekontu-zuzkidura baten beharra azpimarratu du (aztertu den testuak ez du horrelakorik aipatzen). “Planaren alderdi ekonomikoei buruz eskuragarri dagoen informazio bakarra Memoria Ekonomikoan (ad hoc egina, Batzordeak berak eskatuta) jasota dago”, adierazi du EGABek. Era berean, aurrekontuaren inklusioak planaren potentziaren eta errealitatean eragiteko ahalmenaren ideia bat egitea ahalbidetzen duela defendatzen du.
Hezkuntza, ardatz berri gisa
Azkenik, bizitzako esparru guztietan gizon eta emakumeen berdintasun eza jasaten duten balioak aldatzeko hezkuntzak duen balio eztabaidaezina nabarmendu nahi du Batzordeak, eta hezkuntza esku-hartzeko ardatz gisa bideratu nahi du, entitate propioarekin, Berdintasunerako Planean ematen zaion ikuspuntu sektorialetik haratago. Ardatz berri horrek, hezkuntza komunitate osoa barne hartzeaz gain, honako alderdi hauei lotutako neurriak aztertu ditzan proposatzen du EGABek: besteak beste, irakasleen prestakuntza, programa eta proiektu zehatzen ezarpena, curriculumaren berrikuspena, materialen eta baliabide didaktikoen prestaketa eta edizioa, eta abar.
9/18 IRIZPENA