Bilbo, 2018ko apirilaren 4a.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egokitzat jo du “Urriaren 19ko 202/2004 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Hilotzen Sanitate-alderdiei buruzko Erregelamendua onartzen duena, aldatzeko Proiektua” izapidetzea, betiere kontuan hartzen badira aholku-organo horrek egin dituen oharrak. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aurkeztu du proiektua.
Hain zuzen ere Osasun Sailak egiten dituen kontrol sanitarioak hobetzeko aldaketa sorta bat dakar proiektuak. Esaterako, agente patogenoek eragiten dituzten gaixotasun infekziosoekin eta tanatopraxiako lanak egiteko betekizunekin zerikusia duten aldaketak.
EGABen ustez, gai horrek “garrantzi handia du”, hileta-polizia eta -sanitateak helburutzat baitu osasun kolektiboa babestea hilotzak edo gorpuzkinak garraiatzen, lurperatzen, errausten edo hobitik ateratzen direnean, eta horien inguruko era guztietako praktika sanitarioak arautzen baititu.
Gorpuzkinen bidez gaixotasunak kutsatzeko arriskua
Bere irizpenean, EGABek gogora dakar ez direla gauza bera “hilotza” eta “gorpuzkina”, eta adierazten du, halaber, proposatu den erreformak barruan hartu behar lituzkeela baita gaixotasunak kutsatzeko arriskua ekar dezaketen gorpuzkinen egoera eta tratamendua ere. Horrela, ”fakultatiboak gaixotasunen bat kutsatzeko arriskua sumatzen duenean, berehala horren jakitun jarriko du Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko pertsona titularra, behar diren neurriak har ditzan, bidezkoa iritziz gero”. Beraz, EGABen ustez, gorpuzkinak osasun publikoaren arloan sartu behar lirateke, “baina hori ez da bere osoan jaso lege-erreforman”.
Gomendatu du, azkenik, honako hau gehitzea testuari: tanatopraxiako teknikak erabiltzean sor daitezkeen hondakinak egokiro manipulatu eta kudeatu behar direla, hondakin sanitarioei buruzko legerian ezarritako moduan.
Irizpena 7/18