Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen iritziz, “EAEn Eraikinen Azterketa Teknikoa eta Azterketa Teknikoen Erregistroa arautzen duen Dekretu Proiektua” izapidetzea egokia da, irizpenean egiten dituen gogoetekin bat. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bidali du.
Euskadin batez beste higiezinen antzinakotasuna 42 urtekoa da eta 2020. urtean higiezinen % 64k (gutxi gorabehera 90.000 eraikinek) eraiki zenetik mende erdia gaindituko du. Aurten, 2018. urtean, 66.000 eraikinek baino gehiagok Eraikinen Azterketa Teknikoa (EAT) egin beharko du. EGABk gogorarazitakoaren arabera, “etxebizitza duina eta egokia izateko Konstituzioak ematen duen eskubidea kokatzen den eraikinaren baldintzekin estuki lotuta dago” eta arestian azaldutako datuek argi eta garbi uzten dute beharrezko azterketei aurre egin behar zaiela. Horregatik, proiektua “atsegin handiz hartzen du”, baina honako gogoetak egiten ditu:
Nagusiki bizitegiko erabilera
Dekretuak xedatutakoarekin bat, EATa 50 urtetik gorako eraikinek egin behar dute, “nagusiki bizitegi erabilera badute”. Aipatu definizioak “zalantzak sortzen ditu, baita ulertzeko zailtasunak ere, bizitegiez gain, bestelako erabilerak dituzten higiezinetan aplikatzeari buruz”, Batzordeak azaldutakoari jarraiki. Halakoetan, Sailak udal plangintzara bidaltzen du, eraikinaren kokagunean erabilera karakteristikoa jasotzen baitu. EGABri aukera hori “ez zaio egokia iruditzen”, antzeko erabilera duten higiezinek tratu desberdina izan baitezakete udalerriaren arabera. Horregatik, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari eskatzen zaio “dekretuaren testuan bertan “bizitegiko erabilera nagusia” kontzeptua mugatzeko ahalegina ezin dezan eta, horretarako, hau da, arauari begira eraikinetan bizitegi erabilera “nagusitzat” jo behar dela zehazteko irizpide argiak defini ditzan”.
Laguntza ekonomikoak eta kontrol araubidea
EGABren iritziz, kontrol eta zigor araubidea bereziki interesgarria da arauaren helburua eraginkortasunez betetzeko. Helburua garaiz azterketak eta behar diren esku-hartzeak egitea da. “Hala eta guztiz ere, araubide hori ia ez da existitzen”, irizpenak aipatutakoaren babesean eta, gainera, honakoa azpimarratzen du: dekretuak ez duela “azterketak kontrolatzeko sistema antolaturik eta udalen iritzipekoa dela”.
Bestalde, Batzordeak beharrezkotzat jotzen du “laguntza ekonomikoen sistema eraginkortasunez egituratzea EATaren ondorioz sortzen diren konponketa obrak finantzatzeko orduan, zailtasunak dituzten pertsona jabeei laguntzeko”. Aurrekoari eutsiz, ikuskatu behar diren osagaien aratean, berariaz elementu osagarriak adieraztea iradoki du, “besteak beste, erlaitzak, irtenguneak, hegalak edo apaintzeko elementuak. Horiek fatxada eta estalkietan ager daitezke eta egoera txarrean edo gaizki eutsiak badaude, ondorio larriekin istripuak sor ditzakete”. Azkenik, irizpenak iradokitakoarekin bat, EATaren txostenari buruzko kopia bat nahitaez entregatu beharko litzateke etxebizitzen jabetzak eskuz aldatzen direnean, “txostenean dagoen informazioa garrantzitsua baita”.