2016KO EAE-KO MEMORIA SOZIOEKONOMIKOAREN AURKEZPENA
Ekainaren 27an, Batzordearen Osoko Bilkuran onartu zen 2016ko Memoria Sozioekonomikoa, haren Erregelamenduan ezartzen diren epeen barruan; dagoeneko eskura daukate Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak eta Gizarte Zibilak berak.
Dokumentuak laburpen osatu bat dakar, eta hainbat iturritik jasotako aldagai sozioekonomiko nagusiak bildu ditu, eta horiekin batera, azaldutako datuetan oinarrituta, Batzordeko kideek aztertu, eztabaidatu eta iritzi bateratua lortu ondoren egin dituzten balorazioak eta oharrak. Hala, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Memoria, gomendio horiekin aberastuta, erreferentziako dokumentu bihurtu da gai horietan interesa duten profesionalen kolektiboentzat. Lana Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen webgunean kontsultatu daiteke (http://www.cesegab.com).
Zenbait ataletan banatuta, 2016ko Memoria Sozioekonomikoak aztertu eta hausnarketa egin du hainbat gairi buruz: egoera sozioekonomikoa, lan-merkatua, herritarren bizi-kalitatea, hezkuntza eta gizarte-babesa, besteak beste.
Hazkunde ekonomikoa
2016 urtea hazkunde apalekoa izan zen munduko ekonomian, Nazioarteko Diru Funtsaren arabera. Euskal Autonomia Erkidegoan ekitaldi positiboa izan zen: jarduera % 3,1 handitu zen, Espainiako batez bestekoaren ildotik (% 3,2), eta eurogunean baino gehiago (% 1,7). Hazkundea barneko eskariaren ondorioz izan zen batez ere, eta enpleguan islatu zen, gorako bulkada moteldu bazen ere, hiruhileko profilak ohartarazten duenaren arabera.
Horregatik Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak (EGAB) nabarmendu ditu azpiegitura ekonomikoan kontuan hartu beharreko zenbait alderdi, esaterako, EAEko enpresen tamaina txikia eta zerbitzu-sektorearen osaera, eta azpimarratu du nolako garrantzia duten gorabidean dauden izaera sortzaile eta kulturaleko jarduerek, osasun eta hezkuntza arlokoek eta enpresentzako ezagutza-zerbitzu intentsiboek. Halaber, ohartarazi du mendekotasun energetikoaz eta garraio-azpiegituren kudeaketa integralak duen garrantziaz.
Enplegua eta lan-merkatua
Iaz, okupazio-indizeak handitu ziren Euskadin (+% 0,9), baita Gizarte Segurantzako afiliazioa (+% 1,9) eta kontratazioa ere (+% 6,8). Enplegu-sorrerak aurreko urtekoaren (2015) antzeko erritmoa izan zuen, eta langabezia jaitsi zen sektore eta adin guztietan, gizonen artean zein emakumeen artean. Luzaroko langabezia ia puntu batez jaitsi zen; hala ere, oraindik langabeen erdiei baino gehiagori eragiten die, eta horrek ohartarazten du kronifikazio arriskuaz, zeinari kezkagarri baiteritzo Batzordeak.
Alderdi positiboen artean, nabarmentzekoak dira enplegu partziala, behin-behinekotasuna eta gazteen langabezia jaitsi izana; kontrako muturrean, aldiz, txandaketa, biztanleria aktiboa jaistea eta langabeziarekiko babesa murriztea daude, eta horiek ez dute laguntzen aurreikuspenak argiro hobetzen.
EGABek gogorarazi du lan-merkatuaren eszenatoki berri baten aurrean gaudela, eta horretan enplegu-politikek erantzun behar dietela langileen eta enpresen beharrizanei; eta berriro azpimarratu du prestakuntza-eskaintzak zuzenki eragin behar diola enplegagarritasunari; halaber, egiaztatu du negoziazio kolektiboaren erritmo motela eta desegokia.
Gizarte babesa
EAEko babes sozialeko sistemari esker Ongizate-Estatuaren oinarriei eutsi zaie maila onean, Estatukoaren edo Europako herrialde nagusietakoaren aldean. Hala ere, maila on horrekiko gogobetetasunarekin batera zenbait gogoeta egin beharko lirateke, EGABen iritziz: horietako bat, pentsio-sistemari buruzkoa; izan ere, EAEn gero eta saldo defizitarioagoa erakusten du sistemak, zahartzeak eta lan-merkatuko aldaketa sakonek markatzen duten testuinguru demografiko batean.
Batzordeak azpimarratu du enpleguak dakarrela sistemaren iraunkortasuna, eta bazterketaren kontrako funtsezko oinarria dela; horregatik, areagotu behar da “enplegagarri” diren pertsonak enplegura iragateko errefortzua, eta beren integrazioa hobetu politika aktiboen bidez.
Diru-Sarrerak Bermatzeko Sistemari dagokionez, EGABek seinalatu du diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten bost pertsonatatik batek jasotzen duela bere soldata-errentak osatzeko; datu horrek ohartarazten du enplegu ezegonkor eta intentsitate gutxikoez, horiek baitakarte lan-pobreziaren fenomenoa.
Bizi-kalitatea
Iaz, pobrezia- eta bazterketa-arriskuaren adierazle nagusiak hobetu ziren; hala ere, oraindik ez dira krisiaren aurreko mailetara iritsi. Pobrezia- eta bazterketa-arriskuan dagoen biztanleriari buruzko AROPE tasak (2015eko datuak) Euskadin (% 17,6) Frantziaren eta Danimarkaren antzeko posizioa erakusten du, Espainiako batez bestekoaren (% 28,6) eta Europar Batasunekoaren (% 23,7) azpian.
Atal horretan, EGABek eskatzen du arreta handiago eskaintzeko beste aldagai batzuei, zeinek bestelako izaerako eta garrantziko ongizate-galerak adierazten baitituzte: ustekabeko gastuei aurre egiteko edo etxea tenperatura egokian mantentzeko gaitasunetik, oporrak izateko edo nahi den kultura-kontsumoa mantentzeko aukeraraino… horiek berreskuratzeko denbora eta ahalegina beharko dira.
Hezkuntza
Zenbait hezkuntza-adierazletan (eskola-porrota, ekitatea…) Euskal Autonomia Erkidegoa lehenengo postuetan dagoen arren, EGABek proposatu du zenbait konturen gainean gogoeta egitea: Unibertsitateaz kanpoko hezkuntzaren errendimenduaz eta bikaintasunaz, esaterako, PISA ebaluazioaren azken emaitzek arreta eta alerta berezia eskatzen dituzte eta. Eta unibertsitate-hezkuntzari dagokionez, azpimarratzen du gure unibertsitate-sistemak duen nazioartekotze urria, eta hark balio beharko lukeela kanpoko talentua erakartzeko.
Lanbide Heziketari dagokionez, Batzordeak ondo baloratu du matrikulazioek gora egin izana, batez ere, lan-merkatuan bereziki eskatzen diren zenbait lanbide-arlotan.
Halaber, EGABek nabarmendu du aurrera egin behar dela lotura sistemiko egonkor bat eratzen prestakuntza-eskaintzaren eta lan-merkatuaren artean, eta berriz ere ohartarazi du emakume gutxik egiten dituztela teknika arloko ikasketak.
Osasuna eta osasun-sistema
EAEko biztanleriak osasun-adierazle onak erakusten ditu; hemen osasun arloko pertsonako gastua Estatuko handiena da, eta gorako joerari eusten dio. Adin handiak eta kronikotasunak nabarmen eragiten diote osasun arloko gastuaren osotasunari, eta, testuinguru horretan, EGABek azpimarratu du EAEko osasun-sistemaren etorkizuneko iraunkortasuna dela gizarte osoaren ardurako balio partekatu bat.
Testuinguru horretan, nabarmentzekoa da prebentzioaren garrantzia, norbanakoarena zein kolektiboa, eta osasun-sistema publikoa egokitu behar dela beharrizan berriei erantzuteko eta haren iraunkortasuna bermatzeko.
Geldialdi demografikoa
Hirugarren urtez, jaiotzen eta heriotzen kopuruen arteko aldea negatiboa da, eta Udal-Erroldaren azken datuek (2016ko urtarrila) egiaztatzen dute EAEren geldialdi demografikoa; hori da, EGABen aburuz, gaur egungo erronkarik handienetako bat, eta eskatzen du politika publikoen orientazioa aldatzea (familia, hezkuntza, osasuna, lan-merkatua, pentsioak…), era transbertsal eta koordinatuaz.
Immigrazioari dagokionez, 2016ko Memoria Sozioekonomikoan metodologia-aldaketa bat dago, zifren ebaluazioa zehatzagoa egitea ahalbidetzen duena. Hala, aldagai moduan gehitu da atzerriko jatorriko biztanleria, zeina handiagoa baita atzerriko nazionalitatea duen biztanleria baino, nazionalizatze-prozesuen ondorioz, batez ere Latinoamerikako nazionalitateei dagokienez. Aldagai hori kontuan hartuta, atzerriko jatorriko biztanleria handitu da EAEn azken bi urtean, baina neurri apalean, eta aurreko bi urteetako jaitsiera konpentsatu du.