Otsailaren 14an eta 15ean, Euskadiko EGABak eta Akitania Berria eskualdeko CESERak beste bilera bat izan zuten, bi batzordeen arteko aldebiko lankidetza-harremanaren baitan. Harreman hori berrikuntza eta teknologia-eskualdatzearen esparruetan garatzen da gaur egun; zehazki, fabrikazio aurreratuaren inguruan.
Bilera bi batzordeen arteko aldebiko lankidetza-harremanaren testuinguruan kokatzen da, eta lankidetza-harreman hori, une honetan, teknologia-eskualdatzea nahiz berrikuntza esparruetan garatzen da. Izan ere, 2014ko uztailean Euskadiko eta Akitaniako EGABek baterako lan bat hasi zuten. Horren helburuak honakoak ziren: Euskadi-Akitania Euroeskualdearen Plan Estrategikoa garatze aldera enpresei eta ikerkuntzari dagokien ardatzean elementu zehatzak eskaintzea, eta bi eskualdeen artean sinergiarako eta elkarren osagarri izateko ahala daukaten sektoreak identifikatu nahiz aztertzea. Lanak fabrikazio aurreratuaren alorrean daude ardazturik gaur egun; horrenbestez, modalitate zehatzak aztertu dira, non alor horren sektore adierazgarrietan berrikuntza eta teknologia-eskualdatzea gauzatzen diren.
Lehen jardunaldia Donostian egin zen, eta hainbat puntu interesgarri izan zituen. Lehenik eta behin, CIC Nanogune Ikerketa Zentro Kooperatiboa bisitatu zen. Erakunde horrek nanozientziako bikaintasun-ikerketa egitea du helburu, Euskadiko lehiakortasun-hazkundea sustatzeko xedez; horrez gain, industriako hainbat sektoretara zeharka helaraz daitekeen nanoteknologia bezalako funtsezko teknologian aurreratuak diren gaitasun zientifiko-teknologikoen zentro adierazlea da. Bisitaldiak agerian utzi zuen, alde batetik, zientziaren eta industriaren artean egun dagoen ulermen-arazoa eta, bestetik, distantziak murrizteko beharrezkoak diren mekanismoak garatzeko nahiz euskal industriaren lehiakortasuna hobetuko duten konponbide berritzaileak helarazteko garrantzia.
Gipuzkoako Bazkundean, Euskadiko eta Akitania Berria eskualdeko EGABen ordezkaritzek Bihartean-ek (Gipuzkoako Merkataritza eta Industria Bazkundeak eta Baionako Bazkundeak sortutako mugaz haraindiko bazkundeak, horien lurraldeetan kokatutako enpresen mugaz haraindiko ahala garatzeko helburua duenak) eta Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuak, Euskadi-Akitania Euroeskualdean, burututako Interclustering ikerlanaren aurkezpenean parte hartzeko aukera izan zuten.
Euskadi-Akitania Euroeskualdearen laguntzarekin, bi erakunde horiek Euskadi eta Akitaniako kluster zein lehiakortasun-poloek mugaz haraindiko lankidetza garatzeko duten interesa aztertu zuten. Horrez gain, berrikuntzaren alor espezifikoan egun dagoen lankidetzaren interesari buruzko datuak eman zituzten, baita dinamismo berritzaile gehien dagoen sektoreen ingurukoak ere.
Makina-erremintako klusterraren ordezkariek funtsezkoa den eta euskal industria-sarean erabat errotuta dagoen sektore horren daturik adierazgarrienak eman zituzten; era berean, Industria 4.0 delakoaren erronkei nola egin aurre azaldu zuten. Aurkezpen hori hilaren 15ean egindako jardunaldi-saioen bezpera bikaina izan zen. Egun horretan, Euskadiko eta Akitania Berria eskualdeko EGABen ordezkaritzak euskal makina-erremintaren muinera lekualdatu ziren, sektoreko enpresa enblematiko bat nahiz makina-erreminari hertsiki lotuta dagoen zentro teknologiko bat bisitatze aldera.
Makina-erremintaren sektorea estrategikoa da, sektore ugarien ekoizpen-gaitasunak eta ezagutza barne hartzen dituena; horrez gain, industria-jakituria eta independentzia teknologikoaren maila altua ematen die herrialdeari. Ekonomiako sektore nagusienetarako lanabesak, tresnak, makinak, ekipamenduak, konponbideak eta ekoizpen-bitartekoak fabrikatzen ditu, betiere bere produktibitatea nahiz lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin. Fabrikazio- eta berrikuntza-ekoizpenari lotuta dago zuzenean sektore estrategikoetan, eta zeharka hainbat produktutan.
Euskadik kokapen bikaina dauka: EBko ekoizlerik handiena da Alemania eta Italiaren ostean, munduko bederatzigarrena, eta munduko liderra torneaketa, fresaketa nahiz artezketaren aplikazio batzuetan. Posizionamendu hori hauei esker lortu da: berrikuntza (batez bestean, bere fakturazioaren % 5 bideratzen du I+G+b delakoari), nazioartekotzea (bere ekoizpenaren % 80 esportatzen die merkatu zorrotzenei) eta pertsonen garapenaren ondorioz, jakituria-sektorea baita, lanbide-heziketaren erreferentzia-zentro propioa daukana.
Merkatuan ezagunak diren bi marka ezagun (Danobat eta Soraluze) dituen makina-erremintaren sektoreko talde liderra den Danobatgroup-en ordezkariek beren berrikuntza-politikako ildo nagusiak aurkeztu zituzten Elgoibarren. Hain zuzen ere, 60 urteko esperientzia dauka, bere sektorearen munduko sailkapenean 21. postua du, 12 ekoizpen-zentro eta 1295 enplegu dauzka, eta bere urteko fakturazioa 269 milioikoa da. Berrikuntzak funtsezko eginkizuna betetzen du taldearen apustu estrategikoan; izan ere, inbertsioa egiten du etengabe teknologia-abantaila mantentzearren, baita bezeroari balio erantsi handiagoa emateko espezializazioa nahiz IKTek eskaintzen dituzten aukeren aprobetxamendua izateko ere. Danobat-en instalazioak bisitatu eta pieza-mota desberdinak mekanizatzeko dauden konponbideak in situ aztertzeaz gain, bere kide teknologikoa den IK4-Ideko ezagutzeko aukera izan zuten ere bai. Aipatutako zentro teknologikoa fabrikazio-teknologian eta industria-ekoizpenean aditua da, eta lau ikerketa-talde dauzka: dinamika eta kontrola; fabrikazio-prozesuak; diseinu eta ingeniaritza; nahiz IKTak eta automatizazioa. Makina-fabrikatzaileei gaitasun aurreratuak eskaintzeko eta fabrikazioko ildoei zein makinei adimena helarazteko xedea duten software-tresnetan oinarritutako konponbideak garatzen espezializatuta dago. Halaber, zuzenean inplikaturik dago Industria 4.0 delakoan. Ideko zentroa IK4 delakoaren barruan dago; hain zuzen ere, aliantza teknologikoa da bai berrikuntzaren euskal sisteman, bai Europako teknologia-eremuan. Bisitaldian parte hartu zutenek aukera izan zuten horri buruz gehiago jakiteko eta beren arduradunei galderak egiteko; hori guztia Ideko zentroaren instalazioak bisitatu eta bere proiektuetako batzuei buruzko azalpenak jaso bitartean. Zentro horren nahiz IK4 aliantzaren filosofiaren gakoak honako hauek dira: industriaren hurbiltasuna eta bezeroak dituen premiak ulertzea.
Adierazitako bi EGABek beren baterako lanak jarraituko dituzte udaberrian; horretarako, Akitania Berrian aldebiko beste bilera bat egingo dute. Azaroan, berriz, txosten bat amaituko dute.