Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak gaur goizean Bilbon 2015. urteko Memoria Sozioekonomikoa aurkeztu du. Dokumentua laburpen osoa da eta aldagai sozioekonomiko nagusiak ditu, iturri desberdinetatik lortu ostean. Gainera, Batzordeko kideek balioztapenak egin eta iritziak ematen dituzte, datuetan oinarrituta, aztertu, eztabaidatu eta erabaki adostura iritsi ondoren. Ildo horri eutsiz, EGABren Txosten Sozioekonomikoa, gomendioekin aberastua, gai horietan interesa duten adituentzat erreferentziazko dokumentu bihurtu da. Lana jende guztiaren esku dago, gaurtik aurrera Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen web orrian (http://www.cesegab.com) kontsulta baitaiteke.
Atal desberdinetan banatuta, “2015eko Memoria Sozioekonomikoak” honakoak aztertu eta horien inguruan hausnarketa egiten du: egoera ekonomikoa, lan-merkatua, euskal herritarren hiri-kalitatea, hezkuntza edo gizarte-babesa, besteak beste.
Nazioarteko ziurgabetasuna
Nazioarteko abagune ekonomikoari erreparatuz, ziurgabetasuna handia da eta orain “Brexitarekin” areagotu da. Horrez gain, nazioarteko merkataritza moteldu da, garapen bidean dauden merkatuak gutxiago hazi baitira. 2015. urtean eurogunean egiturazko doikuntzek eta berrikuntzek inbertsioa geldiarazi zuten, nahiz eta Espainiako ekonomiak bere hedapena luzatu. Izan ere, kontsumo pribatuak eta produkzio-inbertsioak dinamismo handiagoa izan zuten. Urte horretan munduko BPGa % 3,1 hazi zen, hain zuzen ere, 2014. urtean baino hiru hamarren gutxiago. NDFk 2016. urterako iragarritakoaren arabera, % 3,2 haziko da eta Eusko Jaurlaritzaren ustez EAEn hazkuntza urtean % 2,5ekoa izango da.
Euskadin susperraldia mantentzea
Nazioarteko abagune ekonomikoak ziurtasunik eza izan arren, proiekzioen arabera, jarduerari eta enpleguari dagokionez, Euskadin 2016. urtean susperraldia mantenduko da, “baina ez da bizituko”.
Aurrekoaren harira, joan den urtean Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera ekonomikoa eurogunearen gainetik hazi zen (% 2,8, % 1,6aren aldean), baina Espainiako batez bestekoaren (% 3,2) azpitik. 2016. urteko lehenengo hiruhilekoan hazkuntzak eurogunekoak baino handiagoa izaten jarraitzen du eta Espainiako batez bestekoarekin bat egiteko joera dago. Hala, hamarren bat azpitik kokatu da.
Joan den urtean barneko eskea % 2,6 hazi zen eta 2,7 puntuko ekarpena egin zion BPGaren hazkuntzari. BPGaren % 2,8ko hazkuntzarekin batzen badugu, 2015. urtean kanpoko saldoaren ekarpena urria suertatu da (0,1 puntu). Industria-sektorearen eboluzio ona eta ekipo-ondasunetan inbertsioaren hobekuntza sendoa, kontsumo pribatua mantentzearekin batera, izan ziren ekitaldiaren bereizgarriak eta joera horrek gaur egun dirau.
Berrikuntza eta nazioarteko bihurtzea
EAE “Estatuko batez bestekoarekin alderatuz, errenta, lan-kostu eta produktibitate altuagoak dituen lurraldea da. Dena den, lehiakortasuna berrikuntzaren eta nazioarteko bihurtzearen inguruan ardaztu behar du”. EGABren arabera, euskal enpresak txikiak dira eta helburu horiek lortzeko eragozpena izan daiteke. Nolanahi ere, “alderdi horri buruz hausnarketa egitea eta jardutea komenigarritzat jo da, berrikuntza eta nazioarteko bihurtzea arriskuan jar baititzake”. Halaber, ezinbestekoak dira enpresa-kooperazioaren eta lankidetza publiko-pribatuaren estrategiak euskal industriari teknologia-eduki gehiago eskaintzeko. Izan ere, “hobetzeko ahalmen handia du, 2020rako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planarekin sinergia egokiak zehazten badira eta automatizazioa nahiz digitalizazioa sartzen badira”. Gaur egun, enplegu eta salmentarik gehienak maila teknologiko ertain-txikiko sektoreetan kontzentratzen dira.
I+G+b-a hobe daiteke
Ahaleginaren adierazlea hobe daiteke. 2014. urtean (% 1,93) europar helburutik (% 3) eta Espainiarako zehaztutakotik (% 2) urrundu zen. “Jarraituz gero, gure enpresa-sarearen lehiakortasuna arriskuan egon daiteke”.
I+Garen emaitzen adierazleak (patenteak, merkataritza-markak…) ere hobe daitezke.
Egoera horren aurrean, Batzordeak “esku hartzen duten ekonomia- eta gizarte-eragile guztien hausnarketa bateratua egitea” eskatzen du. Nahiz eta inbertsio-ahalegin handiagoa egin (Estatuan baino handiagoa, baina erreferentziazko herrialdeetatik urrundua), zergatik ez dira emaitzak hobeak? Berriz ere Batzordeak arestian aipatu den enpresa-dimentsioa ez izatea adierazi du eta, ildo horri eutsiz, honakoa proposatzen du: “eskaintza zientifiko-teknologikoaren politikak eta eskea sustatzeko politikak orekatzea, hala, merkatuan balioa duen ezagutza transferitzeak lehentasuna izan behar du Berrikuntza Sistema eta dinamizatzen duen teknologia zentroen sarea egituratzean”.
IKTei dagokienez, EGABren iritziz, softwarean gehiago inbertitu behar da, sare sozio-produktiboak “industria 4.0” izeneko ereduetarantz eboluzionatzeko. Eremu honetatik irten gabe, Batzordeak gogorarazitakoarekin bat, euskal enpresek merkataritza elektronikoa gutxiago aprobetxatzen badute, aukerak galtzen ari dira, bere pareko europarren aldean.
Argi-ilunak lan-merkatuan
2015. urtean zehar adierazleek okupazio-tasetan datu positiboak finkatu zituzten, jada aurreko urtean hasi ostean, nahiz eta hazkuntza-ratioak neurrizkoak izan. Ikuspegia positiboa suertatu arren, EGABk “argi-ilunak ikusten dizkio lan-merkatuaren portaerari”, enplegua sortzean “ez baitator bat halabeharrezko kalitatearekin”. Aldi baterako kontratuen batez besteko iraupena beherantz doa. Horrez gain, luzaroan langabezian dirautenen proportzioa handiagoa da eta, ondorioz, taldearen zati garrantzitsua etorkizunean lan-merkatutik baztertua gera daiteke.
Halaber, Txosten Sozioekonomikoa kontuan hartuta, 2015. urtean Euskadin negoziazio kolektiboa eten egin da. Ildo horri jarraiki, indarreko hitzarmenen % 12 besterik ez da sinatu, nahiz eta ekitaldiari hitzarmen luzatuen % 57arekin eta indargabetuen % 20arekin ekin. Egoera horrengatik, orain arte ondorio ezezagunak sortzen ari dira, besteak beste, ordainsariak edo lan-kostuak Estatutako batez bestekoaren azpitik haztea.
Ikasleko gastu handiagoa
Hezkuntzaren arloan, adierazleek Euskadi Espainiako erkidegoen buruan kokatzen dute eta gehienak europar batasunaren gainean daude. EAEk egiten du ikasleko gasturik handiena, autonomia erkidego desberdinak erkatuz gero.
Dena den, kokapen ona hobe daiteke, EGABren arabera. Aurrekoari eutsiz, orientabidea hobetzea gomendatzen du, adar teknikoetan emakumeen egungo partaidetza txikia zuzentzeko. Lan-merkatuarekin konexioa oraindik egiteke dago eta “azterketa tertziarioen eta lan-merkatuko beharren eskaintza nahiz eskearen artean harreman sistematikoagoa” zehaztu behar da.
Populazioa zahartzea
Europar eskualdeak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoak jaiotza-tasarik txikienetarikoa du (EAEko biztanleria 2015. urtean 272 pertsonatan hazi zen, bi urtez jaitsi ondoren). Migrazio-fluxua ere urria da eta biztanleak zahartuak daude, beraz, geroz eta pertsona adindu gehiagori zaindu behar zaio. Zeregin hori, nagusiki, emakumeen esku dago eta beren bizi-kalitatean, baita lanerako aukeretan eta proiekzio profesionalean ere eragiten du.
Testuinguru honetan, EGABk azpimarratutakoaren arabera, 55 urtetik gorako pertsonak (nagusiki, zaindariak eta mendekoak ez direnak) hurrengo urteetan asko haziko dira eta ongizatea ziurtatzeko erronka garrantzitsuak planteatzen dira. Batera hartuta, demografia-erronkak “erantzun orokorrak, koordinatuak eta zeharkakoak eskatzen ditu eta, ildo horretatik, politika publikoak bideratuko dituen eredu orokorra diseinatu behar da EAErako”.
Pobreziaren arriskua jaitsi da eta desberdintasuna areagotu ere bai
Pobrezia-arriskuaren eta gizarte-baztertzearen adierazlea azkeneko urtean puntu eta erdi jaitsi zen eta % 15,3an kokatu zen. Ehuneko hori Suedia, Herbehereak edo Finlandiakoarekin aldera daiteke eta Espainiako batez bestekoa (% 29,2) nahiz Europar Batasunekoa (% 24,4) baino txikiagoa da.
Krisiak, ordea, desberdintasunak areagotu ditu. “Fenomeno orokorra da eta gizarte-kohesioa kontuan hartuta oso ondorio negatiboak izan ditzake”. Hala, erantzun integrala behar da eta Europar Batzordearen arabera, ondorengoan zehaztuko da: “pertsonengan eta beren hezkuntzan inbertsioa egitean, kalitatezko enpleguak sortzean, berdintasunez merkatuan emakumeak parte har dezan sustatzean eta gizarte-babesean”.
Gizarte-babesa
2015. urtean milioi erdi pertsona baino gehiago (541.191, lehenengo hurbilketari jarraiki) Euskadin Gizarte Segurtasunari buruzko Sistemaren onuradun izan zen, hain zuzen ere, aurreko urtearekin alderatuz, % 1,2ko hazkuntza. Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen laurdena (% 24,9) Gizarte Segurantzako prestazio ekonomikoen bitartez estalia dago. EAEn pentsioetan joan den urtean guztira % 3,2 gehiago gastatu zen eta gastuaren nahiz diru-bilketaren arteko saldoa negatiboa mantendu zen.
Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemari dagokionez, joan den urtean % 1,5 jaitsi zen Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) hartzaile-kopurua, 15 urtez etengabe hazi ostean. DSBEren onuradunen profila ondorengoa da: emakumea, 40 urtetik gorakoa eta oinarrizko ikasketekin. Atzerrikoak DSBEren onuradun guztien % 36,1 dira (% 27,2 2014. urtean).
2015. urtean Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemarekin (diru-sarrerak bermatzeko errenta, etxebizitzarako prestazio osagarria eta gizarte-larrialdiko laguntzak) gutxi gorabehera 525,2 milioi euro gastatu ziren, hau da, aurreko urtean baino % 5,5 gehiago. DSBEren oinarrizko zenbatekoa hilean 665,90 eurokoa da, Estatuko batez bestekoa baino % 58,3 handiagoa, alegia, eta autonomia erkidego guztietatik altuena.
EGABren iritziz, gizarte-babeserako euskal sistemak krisiaren ondoriozko beharrak behar bezala estali ditu; “hala eta guztiz ere, sistemak enplegurako bidean ahalegina biziagotu beharko luke eta hobe integratu beharko litzateke enplegua lortzeko zailtasun handiagoak dituzten pertsonentzako politika aktiboekin”.